GARA
ERREMONTEA

Oriamendiko erremontistek instituzio publikoen laguntza eskatu dute

Oriamendi 2010 enpresak hurrengo urtearen amaieran erremontea kudeatzeari lagako diola jakinarazi eta gero, pilotariek «euskal ondarearen parte garrantzitsu bat gal ez dadin aurrera jarraitzeko konpromisoa» erakutsi dute ohar batean.

Erremontea kinka larrian dago.
Erremontea kinka larrian dago. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Albiste txarrak datoz erremontearen mundutik. Azken 15 urteetan Oriamendi 2010 enpresa jardun da erremonte profesionalaren kudeaketa lanetan, baina 2026. urtea amaitzeaz batera bertan behera utziko duela aditzera eman zuen asteazkenean, bezperan enpresako pilotariekin berba egin eta gero.

Handik 24 ordura, pilotariek beraiek ere prentsa oharra igorri zuten eta «instituzio publikoen inplikazioa» eskatu zuten, «erremontearen etorkizuna zalantzan» ikusten dutelako, nahiz eta kirolari profesionalek «aurrera jarraitzeko erabateko konpromisoa» agertu zuten.

Joxe Mari Barrenetxea Oriamendi 2010 enpresako arduradunak osasun arazoak direla-eta bere kargua lagako du eta, ondorioz, erremontearen beraren etorkizuna kinka larrian geratu da. 2026an lehiaketa eta txapelketak bere horretan jokatuko dira, baina inork erreleborik hartu ezean, 2027rako erremonterik gabe geratuko litzateke pilota.

«Enpresa hau, bere horretan, defizitarioa da eta guk lanean jarraitu dugu erremontea gure ondarearen zati delako. Gure kirol bereziei, dela arrauna, herri kirolak eta pilota bere modalitate guztietan, erremontea barne, laguntza eskaintzeko eskatzen diogu Administrazioari. Laguntza hori Eusko jaurlaritzatik ez badator, ez da beste inondik etorriko», eman zuen aditzera Barrenetxeak Euskadi Irratia-ren uhinetan eginiko adierazpenetan.

EUSKAL KULTURAREN PARTE

Oriamendi 2010 osatzen duten 22 erremontistek, Barrenetxeak egindako eskakizunarekin bat eginda, atera zuten atzo komunikatua, eta instituzio publikoen esku-hartzea galdatu zuten.

«Erremontistok guztiz konprometituta jarraitzen dugu erremontearen etorkizunarekin, gure kulturaren eta euskal ondarearen parte garrantzitsutzat jotzen dugun kirol honekin. Erremontea ez da kirol hutsa, ohitura historikoa da, gure lurrean sakon errotua, eta Gipuzkoaren eta Nafarroaren identitatearen parte da», azpimarratu zuten.