GARA
BILBO

Tentsioa piztea leporatu diote Zupiriari

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta euskal futbolzale taldeek prentsaurrekoa egin zuten atzo Bilboko Arriaga plazan: 18.30erako antolatu duten kalejira «kriminalizatzen» ari direla salatu zuten.

Izan ere, ostegunean, Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak esan zuen «jakinarazi gabeko erradikalen martxa bat» antolatuta dagoela. Ordu batzuk geroago Segurtasun Sailak berak konfirmatu zuen jakinarazita zegoela.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta zaleek Zupiriaren adierazpen horiek gezurtatu zituzten: «Duela hilabete eman genion Segurtasun Sailari gure kalejiraren berri. Une hartan, partida egunerako antolatuta zeuden gainontzeko ekimenekin koordinatzeko zailtasunak argudiatuta, baimena ukatu zitzaigun. Aste honen hasieran berriro egin dugu eskaria eta oraingoan Ertzaintzak kalejira arazorik gabe baimendu du».

Hori azalduta, «oso larritzat» jo zuten Segurtasun sailburua hedabideetan «gezurra zabaltzen aritzea».

«Guztiz kontraesankorra da biharko partida normaltasunez eta istilurik gabe garatzea nahi duela esatea eta, era berean, partiduaren aurreko egunetan tentsioa areagotzen eta mobilizazioko antolatzaileak probokatzen aritzea. Badirudi Jaurlaritzak berak duela interesa bihar istiluak egon daitezen. Norabide horretan doazen probokazioak alde batera uzteko exijitzen dugu. Biharko partida aldarrikapen eta ospakizun bat izatea nahi dugu guk», adierazi zuten.

Bestalde, EAJk abiatutako «kriminalizazio» kanpainaren arrazoia «sionismoarekin dituen lotura sakonak» direla salatu zuten agerraldian.

Horretaz gain, gaurko bi mobilizazioen arteko aldea beren «aldarrikapen politikoetan» dagoela azpimarratu zuten, «eta ez mobilizazio baketsu eta bortitz baten arteko dikotomia faltsuan».

«Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko zaleen harmailek palestinar erresistentziarako eskubidea defendatzen dugu eta gatazkaren jatorria israeldar proiektu kolonialaren existentzian kokatzen dugu. Eta, beraz, ez diogu Israeli zilegitasunik aitortzen», aldarrikatu zuten.