Gauak errekuperatuko ditu inoiz baino indartsuago datorren Azokak
Ate joka datorren 60. edizioan zabalduko diren bi gune berrietako batean, alegia, Durangoko Arte eta Historia Museoan, aurkeztu zuten atzo aurtengo DA! Azoka. Abenduaren 5etik 8ra egingo da eta sekula baino erakusmahai, nobedade eta ekitaldi gehiagorekin, nostalgiarentzat betarik gabe, gauak errekuperatu ditu «gaztetxo» honek.

60 urte betetzen direnean atzera begiratzeko tentazioari iskin egitea zaila izaten da, are gehiago gure historia hurbilean erabateko garrantzia izan duen ekitaldi edo hitzordu bati buruz ari garenean. Durangoko Museoan atzo egin zen aurtengo egitarauaren aurkezpenean, hasieratik heldu zion gaiari Gaztelurrutiak, Azokako koordinatzaileak: «Nostalgian erori gabe, harro aldarrikatu nahi dut Durangoko Azokak izandako bilakaera eta pozik heltzen diogu aurrean dugun erronkari. Baliatu nahi izan dugu urteurrena aurrera egiteko». Beraz, data borobil hau ez da islatuko egitarauan; Azoka bera izango da 60 zenbaki horren ospakizuna.
1965eko Domu Santuan, frankismo bete-betean, Santa Maria elizaren aterpean elkartu ziren hemeretzi erakusmahai prekario eta ausart haiek. Sei hamarkadaren buruan, orduan amestu ezinezko zenbakietan iritsi dira: 285 erakusmahai ipiniko dituzte aurten 175 partaideen artean (argitaletxe, herri elkarte, erakunde...) eta 1.026 kultur nobedade egongo dira kulturazaleentzat eskuragarri: 694 liburu, 163 musika ekoizpen, 30 aldizkari eta 139 bestelako ekoizpen.
BI GUNE BERRI, PROTAGONISTA ANITZ
Gaztelurrutia ez da zenbakiak “goraipatzearen” zale, baina aitortu behar izan zuen «aurten inoizko kopururik handienak» dituela Azokak. «Pandemiaz geroztik erakusmahaiak gehitzen joan dira eta esan daiteke Azoka indartzen ari dela. Gorakada sumatzen ari gara azken urteetan», ziurtatu zuen.
Zenbaki gehiago: 293 aurkezpen eta emanaldi izango dira, iaz baino 70 gehiago. Horren arrazoia, gune batzuek espazio propioa izango dutela eta bi gune berri atondu direla. Bat, Atartea deituko dena, edo Arte Ederren Plaza, Durangoko Museoan kokatuta; eta bestea, Berbagailua edo Podcasten Plaza. Berbagailua Madalena ermitan ezarriko den plato batean kokatuko da. Han grabatuko dira hamabi podcast -egunean hiru-, egunero eskuragarri jarriko direnak. Mota eta jatorri desberdineko egileek Azokan aurkeztuko den nobedade baten harira osatuko dituzte podcastak.
Museoari dagokionez, urtetik urtera garrantzia hartzen joan denez -Landakon sartzen ez ziren formatu bereziko aurkezpenak egin ohi dira hemen-, Arte Ederren gune bihurtzeko asmoa dute. Aurten ilustratzaileei egingo zaie tokia. Beste berrikuntza bat: faltan sumatzen ziren azken urteetan, Plateruena antzokiak izan dituen gorabeherengatik, iluntze-gauetako kontzertuak. Abenduaren 5ean Lukiek eta Ezezez eta 6an Mirua eta Naxker izango dira. Edizio honetan ez dira, dena den, kontzertuak soilik berreskuratuko, azoka itxi eta gero egitarauak jarraipena izango baitu beste gune batzuetan, esaterako Formol Laborategiaren ikuskizun batekin, edo Irudienean, non Paul Urkijok “Gaua” aurkeztuko duen.
Beti legez, baina agian aurten gehiago -egitaraua ekitaldiz lepo dator-, zaila da oso laburbiltzea Azokak dakarrena. Batzuk aipatzearren, aurten zendu den Joxe Azurmendi filosofo handiak protagonismo berezia izango du. Beste zenbait izen propio: Jon Mirande, Gabriel Aresti, Marina Garces eta William Douglas antropologoa. Douglasen diasporari buruzko “Amerikanuak” liburuaren 50. urteurrena betetzen da aurten.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
