GARA
DONOSTIA

Euskara lehenesteko akordioa sinatu dute UEMAk eta hiru finantza erakundek

Kutxabankek, Laboral Kutxak eta Bankoa Abancak udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan eta finantza arloan euskara lehenesteko konpromisoa berretsi dute UEMArekin. Hizkuntza irizpideak zehaztu dituzte 59 udalerri euskaldunetako alkateekin eta ordezkariekin batera.

Hiru finantza erakundeetako ordezkariak eta udalerri euskaldunetako alkateak.
Hiru finantza erakundeetako ordezkariak eta udalerri euskaldunetako alkateak. (Jon URBE | FOKU)

Finantza arloan euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu zuten atzo UEMAk, Kutxabankek, Laboral Kutxak eta Bankoa Abancak, Tolosako udaletxean egindako aurkezpenean. Agerraldian, hiru finantza erakundeetako ordezkariak eta 59 udalerri euskaldunetako alkateak egon ziren. Jakinarazi zutenez, hizkuntza irizpideak adostu dituzte UEMArekin, eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute hiru finantza erakundeek.

UEMAk azken urteetan emandako pausoak nabarmendu zituen: «2016an lehen aldiz sinatu genuen hitzarmena Kutxabankekin eta Laboral Kutxarekin, eta 30 udalek egin zuten bat hitzarmenarekin. 2021ean, hitzarmena eguneratu eta Bankoa Abanca ere gehitu zen horretara. Gaur, hitzarmena berretsi dute UEMArekin hiru finantza erakundeek, horien bulegoak dituzten 59 udalerri euskaldunetako udalekin batera».

Martin Aramendi UEMAko lehendakariak eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei ekimenaren garrantzia ulertzeagatik eta hitzarmenarekin bat egiteagatik: «Gaur UEMArekin eta 59 udalerri euskaldunekin hitzarmena sinatzen duten hiru finantza erakunde hauek argi dute kalitatearen funtsezko osagaia dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Hori bermatzeko neurriak hartu eta berretsi dituzte hitzarmen honetan, eta bulegoak udalerri euskaldunetan dituztela ulertuta eta udalerri euskaldunek euskarari egiten dioten ekarpena aintzat hartuta, bulego horietan euskara lehenesteko konpromisoa ere hartu dute; jarrera eredugarria da».

Laboral Kutxaren izenean Iñaki Egizabalek adierazi zuenez, duela 27 urte UEMArekin elkarlanean hasi zirenetik asko aldatu dira erronkak zein bezeroarekiko harremanak, baina kalitateari eusteko ezinbestekoa zaie euskaldunei zerbitzua euskaraz eskaintzea: «Atsegin handiz heltzen diogu, beste behin, duela 27 urte UEMArekin irekitako ibilbidearen erronkari. Egoera eta testuingurua asko aldatu da denbora-tarte luze honetan, baita teknologia eta bezeroekiko harremana ere, baina Laboral Kutxak ohiko filosofiari eutsi nahi dio hitzarmen honen bidez, bezeroei eta gizarteari kalitatezko zerbitzua emanez, euskaldunei zerbitzua euskaraz eskainiz. Akordio honek esanahi berezia du guretzat; hitzarmenak aukera ematen digu hobekuntza aukerak antzemateko. Akordioa ez da helmuga, bide luze baten beste urrats bat baizik».

HITZARMENA, ZAZPI PUNTUTAN

Euskararen presentzia jarri dute erdigunean, eta udalen eta finantza entitatearen arteko harremanak, ahoz zein idatziz, euskaraz izango dira. Gainera, hizkuntza irizpideak zehaztu dituzte, baita euskara lehenesteko neurriak zein gardentasunezkoak hartu ere.