Memoria, elkartasuna eta erronkak uztartzeko unea
Milaka lagun -antolatzaileen arabera, 30.000- elkartu ziren atzo, Bilbon, EH Bilduk antolatutako manifestazioan. Ezker subiranistak memoria, elkartasuna eta etorkizuneko erronkak uztartu zituen kaleetan. Eta argi utzi zuen lanean jarraituko duela autoritarismoari aurre egiteko eta Euskal Herriko eraikuntza sozial eta nazionala bultzatzeko.

«50 urte betetzen dira fusilamenduetatik eta Juan Carlos erregeak koroa hartu zuenetik, eta hemen gaude, zutik, gure banderekin. Hemen gaude aurrera egiteko prest, eta horrela jarraituko dugu irribarretsu, lasaitasun guztiarekin, jendea seduzitzen gure ideiekin eta proposamenekin, herriarekin gauzak egiten, herriarekin hitz egiten, herriarekin konprometitzen. Izan ere, gure lan instituzionala oso inportantea da, baina gure parlamentu nazional eta herritarra hau da, eta norbaiti zor badiogu gure ardura eta gure eginkizuna epaitzea parlamentu honi da, ez beste inori. Herriari. Eta herriaren alde lan eginez gero, herriak bere babesa emango digu».
Hala adierazi zuen atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak Bilboko udaletxe aurrean, hiriko erdigunea zeharkatu zuen manifestazioaren amaieran. Mobilizazio jendetsua izan zen; 30.000 lagun bildu ziren, antolatzaileen arabera, eta lau gune, edo hobeto esanda, une, berezi izan ziren ibilbidean.
Lehena, Autonomia kalean; bertan frankismoaren biktimak oroitu zituzten; zehazki, 1975ean fusilatutako militante antifaxistak: Anjel Otaegi eta Jon Paredes “Txiki” ETAko kideak eta Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz, FRAPekoak. Zabalburun izan zen bigarren gunea; Santi Brouard eta Josu Muguruza omendu zituzten, espainiar Estatuak antolatutako gerra zikinaren biktimak. Hurtado Ametzaga kalean, berriz, euskal errepublikaren eta euskal gazteriaren aldeko gunea zegoen. Amaitzeko, Palestinari elkartasuna adierazteko gunea zegoen Plaza Biribilean. Memoria, elkartasuna eta etorkizuneko erronkak uztartu zituen EH Bilduk Bilbon, eta, nola ez, «herri indarra» erakutsi zuen.
MEMORIA DUEN HERRIA
Otegi oroimenaz jardun zen: «Euskal Herria memoria duen herria dela frogatzen ari gara. Memoria termino ezberdinetan, memoria humanoa eta militantea. Eta memoria politikoa ere egiten ari gara. 1975ean erregimenak erreformaren limiteak ezarri zituen, dena lotuta eta ondo lotuta utzi zuen, eta gaur, hainbat gauza ikusten ditugunean, gure galdera da, zertaz harritzen zarete?». Eta honela jarraitu zuen: «Trantsizioko arauak trukatuak daude; termino politikoetan arau horiek espainiar nazioaren supremazismoa bermatzen dute, baita ere kapitalismoa eta diktadura babestu zutenen inpunitatea. Horiek dira erregimen horretatik jasotako arauak, aldatu behar direnak». Hala, bestelako eszenatoki bat sortu behar dela azpimarratu zuen.
Ez zituen ukatu gaur egungo egoera politikoaren arriskuak, baina esan zuen badirela aurrera egiteko aukerak. «Herri honek badu eredu bat faxismoari eta autoritarismoari aurre egiteko, kolektiboki, era diziplinatuan, kolpatuak diren sektore guztiak ahaldunduz eta esparru amankomunean erantzuten, feminismotik, sindikalismotik, langile mugimendutik, toki guztietatik. Eta fronte zabalak artikulatu behar dira». EH Bilduk eta EH Baik egindako lana goraipatu zuen bi ekarpen egin aurretik.
FAXISMOAREN AURKA
«Lehengoa, hemendik esaten diegu Euskal Herri osoko eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei, autoritarismoari aurre egiteko eta urratsak aurrera egiteko prest gaituzuela. Konpromiso guztiak hartzeko prest gaude termino instituzionaletan eta politikoetan faxismoari aurre egiteko eta Euskal Herriko eraikuntza sozial eta nazionala bultzatzeko». Hori esan eta argi utzi zuen EH Bilduk ate guztiak itxiko dizkiola espainiar eskuinari.
«Lehen indar politikoa garenez, hauxe esan nahi dugu: gure esku badago, ez da inon egongo eskuin muturreko gobernurik, ez Parisen, ez Madrilen, ez Euskal Herrian. Gu ez gara anbiguoak horretan eta orain ere esaten dugu. Gure botoekin ez da egongo eskuin muturreko gobernurik inon», adierazi zuen argi. PP eta Vox «bloke erreakzionario» baten parte direla gehitu zuen, «trantsizioak diseinatutakoa, euskararen aurka lan egiten duena Europan, ilegalizazioarekin mehatxatzen duena. Bloke bat osatzen dute, eta bloke horri marra bat jarri behar zaio».
«Milaka pertsona bildu gara, esperientzia politiko arrakastatsu bat ordezkatzen dugulako, herria siglen gainetik jartzen dugulako, instituzioetan eta kaleetan gaudelako, pragmatismo eraldatzailea praktikatzen dugulako, eta gero eta sektore gehiagok gurekin bat egiten dutelako. Eta sektore horiei esaten diegu: EH Bilduk eta EH Baik ez dute huts egingo, oso kontziente gara ematen diguzuen arduraz eta konfiantzaz, eta ez dugu huts egingo. Politika beste era batera egin daitekeela frogatuko dugu. Gu herriarekin eta herriaren zerbitzura gaude. Eta horrela jarraituko dugu. Ohore bat da», aitortu zuen.
Herritarrei eskaera bat eginez amaitu zuen. Horretarako, Antonio Gramsci italiar komunistaren hitzak erabili zituen: «Formatu eta prestatu, zuen inteligentzia guztia behar dugulako; konprometitu, zeren eta zuen kemen guztia beharko dugu; eta antolatu, zuen indar guztia beharko dugulako». «Herri honek klase eta nazio kontzientzia du, herri hau antolatua dago, herri hau solidarioa da, herri hau borrokalaria da eta herri honek irabazi egingo du», gehitu zuen, eta «muxu handi bat» bidali zien kartzeletan diren senide guztiei. «Gora zuek!».
Otegik herri palestinarraren borroka ere goraipatu zuen. «Orain dela aste bat San Mames bete genuen Palestina gogoan. Palestinarekiko gure elkartasuna adieraziz. Palestinak eta Euskal Herriak badugulako eskubidea estatu izateko eta gure identitatea errespetatua izateko. Euskal Herria herri solidarioa da». Horren adibide dira atzoko manifestazioko irudiak; ohikoa da halako manifestazioetan ikurrinak eta Nafarroako banderak ikustea. Atzoko mobilizazioan beste bandera bat ere bazen, Palestinakoa.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?
