Azaroaren 29an esango du «betirako agur» Delirium Tremens taldeak
Bi etapa eta bakoitzean sei urte, horixe da Delirium Tremens taldeak denboran iraun duena. Hogeita hamar urte luzez oholtzetatik kanpo egon ostean, bi disko berri landu eta hainbat kontzertu eskainita badoaz. Ibilbide labur bezain gogoangarria, gure fonotekan tokia izango duena betirako. Bilboko Santana 27 aretoan izango da azkena eta sarrerarik geratzen da oraindik.

“…Ta nora?” izeneko diskoa izan zen iaz Delirium Tremens talde mutrikuarrak kaleratu zuena. Itzuleraren osteko bigarren lana, “Hordago” 2022an publikatu baitzuten. Diskoari izena ematen dion kantuan amesteaz eta hasierez hitz egiten dute eta horiek ere izan genituen gogoan NAIZ Irratiko estudiora Andoni Basterretxeak egindako bisitan. Taldeko sortzaile, abeslari eta gitarra jotzaileak gogoratu du hasiera haietan «lokal bat, gitarra bat eta anplifikadore bat lortzea gaur egun baino zailagoa» zela, baina, era berean, «orduan zegoen konplizitateak eta gauzak egiteko nahiak» muga guztiak gainditzea zekarrela. «Ezer ez geneukan galtzeko garai haietan, kalean zegoen mugimendua beste bat zen, eta ezer galtzeko ez duenak, beldurrik ere ez du izaten aurrera egiteko», kontatu du mutrikuarrak.
Ibilbide laburra izan zen lehen etapakoa, «sei urte ez dira asko» eta orain beste horrenbeste elkarrekin igaro ostean badoaz. Azaroaren 29an izango da azken emanaldia, Bilbon, Santana 27 aretoan eta sarrera batzuk badira oraindik ere eskuratzeko moduan. Bi etapen arteko desberdintasunen inguruan galdetuta, «lehenik eta behin norberak 35 urte gehiago dituela» erantzun du Basterretxeak. «Kalean ere gauza asko aldatu da eta garaian rock erradikala egiten zen eta gaur egun gazteek bestelako kontuak egiten dituzte. Normala den bezala». Eszenan egon den aldaketaren aurrean, harritu duen talderik egon den galdegin diogu musikariari, baina «oholtza partekatzen dugunak ikusteko apenas izaten dugu aukerarik. Kontrara goaz kontzertu egunetan eta pena bat da baina ezin izaten ditugu ikusi askotan. Hala ere, Dena talde ondarroarra bada sasoi honetan harrituta utzi nauen taldeetako bat, duten gaztetasunerako egiten dutena sekulakoa iruditzen zait», aitortu du.
ALDAKETAK ALDAKETA, AURRERA
Iñigo Muguruzaren heriotzaren urtean izan zen urtebetetze festarako elkartu eta abiatu zen etapa berria Delirium Tremens taldearentzat. «Sasoian Iñigo kasualitate batez batu zen gurera. Kortatu bukatu berritan, proposatu genion, eta baiezkoa eman zigun. Sei hilabetez kanpora zihoala baina itzuleran batuko zela taldera», gogoratu du mutrikuarrak. Kontuak nola diren, orain Mikel Kazalis dago taldean. Haiek Negu Gorriak taldean elkarrekin jo izan zuten Delirium Tremensen “Kaixo” kantua eta etapa desberdinetan taldekide izan dira biak ala biak, «une berezia izaten da ezbairik gabe kontzertuetan eta Mikelek berak aurkezten du kantua». Zarauztarra izan da taldera batzen azkena eta, aurretik sartu zen Haritz Harreguy; eta biekin «lehen unetik primeran» moldatu direla esan digu Basterretxeak.
Musikan jarraitzeko asmorik duten galdetuta, baietz dio Basterretxeak: «Oraingoan ez dut berriz ere gitarra ohe azpian sartzeko asmorik. Ez dut ezer buruan, baina bai nik eta baita Juanjo Yurritak ere badugu musikarako grina. Hori bai, honek hemen bukatu behar zuen eta luxu bat da guk nahi dugunean eta nahi dugun moduan uztea. Aurreko etapan ere horrela izan zen eta oraingoan ere bai. Musikatik bizi izateko aukera ere izan genuen, baina ez genuen nahi izan. Musika maite dugu, eta profesional moduan aritzeak zenbakiei begira jartzea ere badakar eta nik horri ez diot sekula ere begiratu». Bada, badoaz, baina betirako geratuko dira gure kantutegian.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?
