Peli LEKUONA - Hegoi BELATEGI

Bilgune Feminista: «Gizonen arteko konplizitate sareak salatu nahi ditugu»

Petriati eta Lopetegi, NAIZ Irratian.
Petriati eta Lopetegi, NAIZ Irratian. (GARA)

Azaroaren 25a zela-eta egin ziren mobilizazioen harira, NAIZ Irratian izan ziren atzo Euskal Herriko Bilgune Feministako Elene Lopetegi eta Ekhiñe Petriati. «Gizonen arteko konplizitate sareak salatu nahi ditugu», esan zuen Petriatik. “Lerratu, egiturak apurtu” leloa aukeratu zuen Bilgune Feministak, bereziki, «gizon eta erakundeei» alde bat aukeratzera deituz.

«Itun patriarkala»; horrela definitu zuen Bilgune Feministako ordezkariak, gizon talde askotan egituraz mantentzen den jarrera hau: «Beraien artean izaten den ituna da, birproduzitzen dutena etengabe eta hori egiten dute pribilegio batetik eta pribilegio horiek ez galtzeko». Lopetegik zehaztu zuenez, «lerratzea ez da ez egitea soilik, baizik eta aurka egitea».

Emakundek argitaratutako datuei erreferentzia eginez, Lopetegik gogoratu zuen erasotzaile ohikoena emakumeak gertu duen gizona izaten dela. Horregatik, deigarria iruditzen zaio Lopetegiri «mantra» jakin batzuk mantentzea, hots, erasotzailea normalean ilunpetan erasotzen duen munstro gisa irudikatzea. «Gako garrantzitsu bat» erantsi zuen Petriatik; emakumeak izutzea bilatzen duen «kontrolaren estrategia» bera aplikatzen dela gizon zurienak ez diren beste kolektiboak jomugan jartzeko, migratzaileak kasu.

«Erasoei erantzuteaz gain», Ekhiñe Petriatik eskua luzatu die erakundeei oinarri horiek partekatu ditzaten eta modu honetan espazio gehiago okupatu ahal izateko.