GARA
GASTEIZ

Greba eguna gaur Gasteizko Sidenorren, lau kaleratzeak salatzeko

ELAk eta LABek grebara deitu dute Sidenorren Gasteizko lantegian gaur, azaroaren 28an eta abenduaren 2an, lau langileren kaleratzeak salatzeko. Sindikatuen arabera, kaleratzeak zigorra dira, lan sindikala egiteagatik eta lan kondizioetan desberdintasun egoera bat salatzeagatik.

ELAren eta LABen ordezkariek eta kaleratutako lau langileek prentsaurreko bat egingo dute gaur enpresako atarian, egoera azaltzeko eta grebaren jarraipenaren berri emateko.

«Langile horiek, beren arduradun zuzenarekin batera, beren kategoriaren gaineko funtzioak egiten ari zirela ulertuta, urtarrilean plus bat jasotzen hasi ziren, eta sei hilabeteren ondoren finkatu egin zen plus hori. Bada, abuztuan ordaintzeari utzi zioten, irailean kendu zuten, eta urriaren hasieran jakinarazi zitzaien nominatik kenduko zietela. Baina kontua ez da hor amaitu. Enpresak espedientea ireki zien urriaren amaieran, eta azaroaren hasieran kaleratu egin zituzten», azaldu dute sindikatuek kaleratzeei dagokienez.

Bi sindikatu horiek asteak daramatzate UGTk CCOOrekin elkarlanean zuzentzen duen lan-batzordea kaleratze horiei buruz posiziona dadin eskatzen, baina ez dute erantzun positiborik lortu. Hala, LABek eta ELAk, batera, batzar irekiak deitu zituzten, eta haietan grebara deitu zuten.