Peli LEKUONA - Lander MARTINEZ
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO EGUNA

Miren Elgarresta, Emakunde: «Indarkeria matxista esparru guztietan gertatzen da»

Elgarresta, artxiboko irudi batean.
Elgarresta, artxiboko irudi batean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Indarkeria matxista, bere izaera estruktural horretan, esparru guztietan gertatzen dela salatu zuen atzo NAIZ Irratian Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak. Aurten lehen aldiz Emakundek Lakuako Gobernuarekin elkarlanean makroinkesta bat kaleratu du. 16 eta 85 urte arteko 4.500 emakumek hartu dute parte, eta agerian utzitako datuak kezkagarriak dira: emakumeen erdiek beren bizitzan indarkeria matxistako kasuren bat pairatu izana aitortu zuten.

Ikerketak agerian utzi du EAEn urtarriletik irailera 7.019 salaketa jarri dituztela indarkeria matxistarekin lotuta, iaz baino %1 gehiago. Elgarrestaren ustez igoera gero eta emakume gehiagok salaketak jartzeko pausoa ematetik dator.

Emakunderen buruak egungo erronkak detektatu eta ekintza konkretuak abian jartzearen beharra azpimarratu zuen. Emakundetik kezkaz ikusten dute digitalizazioaren eragina indarkeria matxistan.

Detektatzeko garaian muturreko egoeretan jartzen da askotan begirada, baina Elgarrestak indarkeria matxista esparru guztietan gertatzen dela salatu zuen, egunerokotasunean, denbora librean edota lanean.

Jai giroa ez da libratzen, eta, Euskal Herrian, horren erakusle entzutetsu eta nabarmenenak Irungo eta Hondarribiko alardeak dira.

Elgarrestak azaldu zuenez, «emakumeek ezin dute oztoporik izan beren herrietan jai parekideak izateko, eta oraindik ez daude horretarako kondizioak».