XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Hamasei «striptease», kulturgileen egunerokoaren erradiografian

Hamasei testigantza bildu ditu Lanarteak, euskal artistek bizi duten egoeraren erradiografia osatzeko. “Kultura eta ezkultura. 16 lekuko eskarmentuko” liburua aurkeztu zuen atzo. Bertan, kultura-sistemaren ajeek sortzaileen eguneroko jardunean eta bizimoduan duten eraginari buruz jardun ziren Amagoia Gurrutxaga Lanartearen koordinatzailea; Koldo Izagirre, elkartearen sortzaileetakoa; eta Dani Fano komikilaria.

Dani Fano eta Amagoia Gurrutxaga, atzo, Donostian.
Dani Fano eta Amagoia Gurrutxaga, atzo, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Kultura euskaraz eta profesionalki egitea erabaki duten sortzaileei gure komunitateak zenbateraino eutsi ahal dien, eutsi nahi dien, hori da auzia. Auzi hori politikoa da eta ez dakit politikariek sentitzen ote duten kultura ezinbesteko elikagaia dela gizartearentzat. Ez dakit, benetan. Batzuek bai, beste batzuek ez, baina ez dakit zergatik ez dituzten beste neurri batzuk hartzen, jakinez arlo horrek zailtasun ikaragarria duela irauteko eta bizitzeko. Bizi osoan hori besterik egin ez duten profesional jendeak gosez hiltzen ari eta nola konpondu hori?», galdera egin du Kepa Akixo “Zigor”-ek Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak plazaratutako liburuan. «Horixe da galdera», nabarmendu zuen Amagoia Gurrutxagak.

Zigorrekin, hamasei dira argitalpenean lehen pertsonan beren esperientziaren eta bizipenen berri ematen duten sortzaileak, diziplina desberdinekoak: Xabier Amuriza, Yolanda Arrieta, Klara Badiola, Itxaro Borda, Michel Ducau, Andoni Igaña, Dani Fano, Asun Garikano, Edorta Jimenez, Mikel Martinez, Miren Agur Meabe, Xabier Olarra, Joseba Tapia, Mikel Theret eta Arantxa Urretabizkaia.

Hamasei lekukotza. Hamasei striptease. «Gaur astebete, Bernardo Atxaga idazleak striptease fiskala egin zigun Euskal Artisten II. Mintegian. Han jakin genuen 401 euroko pentsioa dagokiola jubilazio aktiboan egonda, eta jubilazio osoan balego 708 eurokoa lukeela pentsioa. Gaur aurkeztera goazen liburu honetan Atxagaren antzeko pentsioa daukan jendea aurkituko duzue, RGIa kobratzen duenik ere bai, baita inolako estuasun ekonomikorik gabe bizi den besteren bat ere. 1960ko hamarkadako azken urteetan euskarazko kultur munduan murgildu zirenetatik hasi eta azken 30 urteotan ari direnetaraino 16 striptease dituzu hemen. Striptease fiskala, sentimentala, morala. Bitxia da, euskaldunoi sedukzio beharra nabarmentzen digutenean, sedukzio helbururik gabeko biluzte ariketa batekin gatoz», kontatu zuen.

ANGULEMAN, PLANTO

«Egunotan ikusi dugu egilea sistema guztiaren ipurtzuloan jartzeak zer ondorio izan ditzakeen. Eta gelditu egingo dute 2026ko Angulemako Komiki Azoka, Europan egiten den handiena eta garrantzitsuena. Geldituko dute, nahiz eta guk hemen ditugun baldintzak baino askoz hobeak izan», esan zuen atzoko agerraldian Dani Fano marrazkilariak.

«Gure kasuan, orain Durangoko Azoka datorrela, pentsa, han liburu meta pilo handi baten gainean sinatzen, bokata bat jaten zure kontura, bidaia ordaindu gabe, lotokirik izan gabe. Eta, noski, sinatze saioak gure denboratik eta gure patrikatik aterata. Peajeak, gasolindegiak, jatetxeak, hotela... Ondasun horren zati bat noiz etorriko da guregana? Guretzat Durango gastua besterik ez da. Ez da gutxi jasotzen dugula. Ez, ez, gastu ikaragarria da; eta hori ez da justua», gaineratu zuen.

Koldo Izagirrek ere hitzok esan zituen: «Araurik eza da kapital sinbolikoa ematen diona artistaren izenari, baina ez bere obrari. Eta artistak ezin du bizi sinbolismotik. Bokaziozko lanbideak berezi samarrak izaten dira -esan zuen jarraian-. Herrialde garatuetako estatistika guztiek berresten dute gaur egun artistak gehien-gehienetan ez direla bizitzen ahal bere lanetik. Eta, hala ere, estatistika guztiek berresten dute herrialde garatu horietan etengabe hazten ari dela artisten kopurua».