«Silueta», literatura-kritikaren gaineko «nobela tranpa», ondu du Canok
Zazpi urteren ostean, beste nobela bat argitaratu du Harkaitz Canok. Balizko eleberri baten inguruko iruzkinak dira argitalpenaren habe nagusia. Barruan bigarren nobela bat duen eleberria da “Silueta” (Susa). Kritikariei egindako omenaldia ere izan nahi du.

Nobela bati buruzko iruzkin bilduma da “Silueta”, Leire Lopez Ziluaga Susako editorearen esanetan. «Nobela hori ez da existitzen, ez bada Harkaitz Canoren buruan. Erdi ezkutuan izen bereko beste nobela bat gordetzen duen nobela da ‘Silueta’. Ibarbia izeneko idazle batek idatzi du barruko ‘Silueta’ eta bahiketa bati buruzko istorioa da».
Jolasetik asko du nobelak -Cano izanda, ezin bestela izan- eta puzzlea osatzeko lana jarriko dio irakurle bakoitzari. «Iruzkinak ez dira soilik barruko nobelara iristeko bide bat. 31 iruzkin diferente dira estilo aldetik, forma aldetik, euskara aldetik, iruzkingilearen intentzioaren aldetik eta abar».
«Liburu bati buruz idazterakoan eta, beraz, liburu bati eta literaturari buruz pentsatzerakoan har daitezkeen ikuspegi eta bideen bilduma bat ere bada. Iruzkingileen ajeen eta txinparten bilduma bat ere bai. Eta, bide batez, Euskal Herriko memoria politikoari buruz pentsatzeko aukera ere ematen du», jarraitu zuen. Xabier Gantzarainek egin dio azala nobelari.
«Liburu honi menturaz akaso egingo zaizkio iruzkin eta kritika gehiago. Orduan, iruzkin eta kritika horietako bakoitza izango da magnetikoki erakarria liburuko hutsune horretatik eta izango da liburuaren parte. Hori da idazle ororen ametsa, liburua zabal ikustea, liburua hedatzea oihartzunekin», aitortu zuen Canok. Gaur egungo egoerari erreparatuta «kritikari batek apenas duen espaziorik prentsa idatzian ñabartzeko», adierazi zuen. «Eta nobelari egindako edozein komentario ezkorrek bonba atomiko baten pisua hartzen du kritika horren barruan. Egia da oso azal fina daukatela sortzaileek; sortzaile naizelako diotsuet eta dakit. Pentsa liteke, honenbestez, balizko nobela honetako pertsonaiak baino, ‘Silueta’-n ez ote diren kritikariak beraiek benetako pertsonaiak izango».
Kritikariei egindako omenalditzat ere har har daiteke “Silueta”. «Izan ere, esker txarreko lanik bada, kritikari izatea da hori. Kritika falta salatu ohi da askotan, modu injustuan, baina kontuz, sortzaile batek iritzi zintzoa eskatzen badizue, ulertu behar duzue lausengu premian dagoela, ez beste ezer. Sortzaile naizelako dakit eta diot», jarraitu zuen, hain berea duen umore eta ironiaz.
Sare sozialen eraginaz ere jardun zuen. «Guztiz aldatu dute kritikariaren ahalmena, helmena eta pisua. Iritzia beste modu batera antolatzen da orain, antolatzen eta propagatzen, eta pulpituak digitalak dira orobat. Asko dira epaiak, gutxi iritzi artikulatuak. Larriena, jakina, ez da prentsako kritika literarioa edo zinematografikoa urritzea, baizik eta tresna kritikorik eza arlo guztietara hedatu izana, diskurtsoa pobretu eta gure zirkuitu mentalak endekatzeraino», nabarmendu zuen. «Jakina, omenaldia dagoen lekuan parodia ere badago. Maite duguna parodiatzen dugu edo gorrotatu arren bere baitan gugan gorroto dugun ezaugarriren bat daukana», esan zuen.
«Mimetismo eta ispilukeria joko etengabe bat» da bizitza, gaizki-ulertu pilaketa bat, Canoren iritziz. «Literaturaren aspirazioa badakizue zein den, bizitza ordezkatzea. Nobela tranpa hau, halaxe deituko nioke nik, ‘silueta’ hitzaren aldarrikapena ere bada. Hauxe baita, ‘silueta’, jende askok ez dakien arren, euskarak munduari eman dion hitzik hedatuena -Etienne de Silhouette XVIII. mendeko politikariari zor zaio- eta ederrena. Zuloz betetako lekua esan nahi du».

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV
