Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LURDES IRIONDO, EZ GERA ALFERRIK PASAKO

Lurdes Iriondo, izana eta izena

Garai bateko zuri beltzezko argazkietan izoztuta gelditu den neska gaztea. Kapsulatua, enkoadraketa baten barruan atxikia eta harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala». Hitz horiek dira abiapuntua eta giltza, “Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako” dokumentalaren mezu nagusia ulertzeko.

Ikus-entzunezkoak Lurdes Iriondo ezagutarazi eta bere lana agerian jartzea du helburu, baina, aldi berean, Inge Mendioroz Ibañez egileari hainbat gai jorratzeko aukera ere ireki dio: Ez Dok Amairu Euskal Herriko kultura mugimendu abangoardistaren garrantzia, emakumearen papera artean eta hari ematen zaion balio eta ikusgarritasun eskasa, patriarkatuaren eragina, erreferenteen beharra eta abar. «Abeslaria, sortzailea, antzerkigilea...»; halako lerroburuak oso gutxitan lotu dira Iriondorekin, eta hori bera da Agurtzane Intxaurraga Etxebarriak dokumentalean salatzen duena.

Hainbat elkarrizketaturekin batera -Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi...-, egunkari zaharretako zatiak, animaziozko pieza laburrak, argazkiak eta harribitxiak diren artxibo irudiak tartekatzen dira; irudi eta ahots horien bidez, 75 minutuko ibilbidean, ezin hobeto biltzen dira euskal artista honen izena eta izana.

Alor teknikoa xumea da, handikeriarik gabea, baina kontakizunak eskatzen duen neurrira egokitua: arina eta ikuserraza. Maite Arroitajauregiren melodiek irudiak lagundu eta aberasten dituzte, sekula horien gainetik jarri gabe. Nagore Llorens Garcia zein Idoia Garzes Aldazabalen off-ahots gozo eta samurrek, xuxurlaren antzera, narrazioari ñabardura eta edertasun berezia eransten diote.