ION SALGADO
GASTEIZ

Abesti berriak eta bertsioak bildu ditu Izaki Gardenak taldeak «Sitsak» diskoan

Izaki Gardenak taldeak bere azken lana aurkeztu zuen atzo Gasteizen: “Sitsak”. Bederatzi abesti biltzen ditu diskoak, lau berri eta gainerakoak 2017tik hona egindako kantak. Ilunpean ziren singleak eta bertsioak, sitsak bezala. «Orain kolorea hartu eta tximeleta bilakatuko dira», nabarmendu zuen Jon Basaguren abeslariak.

Jon Basaguren, Gasteizen egindako aurkezpenean.
Jon Basaguren, Gasteizen egindako aurkezpenean. (Endika PORTILLO | FOKU)

“Sitsak” izena du Izaki Gardenak taldeak atzo aurkeztu zuen disko berria. «Dirudienez, sitsak tximeletak dira baina ez daukate kolorerik, ez dutelako behar, gauez ateratzen direlako», azaldu zuen Jon Basaguren abeslari eta gitarra jotzaileak Gasteizen egindako agerraldian. Bere ondoan izan zen Libe Kortazar -teklatua eta ahotsa-. Biek aurkeztu zuten lan berri «berezi» hau.

Basagurenek aitortu zuenez, diskoak «bi unibertso txiki» ditu barruan. Batetik uda honetan Durako Gakobeltz Hit Faktorian grabatu dituzten lau kantu berri. «LParen A aldea osatzen dute», esan zuen.

Lehen abestia, diskoari izena eman diona, estudioan ondu zuten taldeko kideek, elkarrekin. Eta bigarren kanta, “Ausartenak”, «oso berezia» izan da Basagurenentzat, aurreneko aldiz izan duelako hitza idatzita musika baino lehen. «Poema bat nuen Gasteizko kale bati buruz -Frantzia kalea- eta lortu nuen akorde batzuk jartzea», nabarmendu zuen. «Duela bi urte idatzi nuen, eta oso errealista da, deskribapen bat».

Hirugarren abestiak “Hamahiru” du izena. Glenn Danzigek Johnny Cashi idatzi zion “Thirteen” kantaren bertsioa, edo, hobeto esan, moldaketa. Askotan jo du Basagurenek bakarkako kontzertuetan, baina talde formatuan grabatu nahi izan du. Eta laugarren abestia ere, “Herio”, bertsio baten moldaketa da, kasu honetan Gary Davisen “Death Don’t Have No Mercy” bluesarena. Martxoaren 3ko sarraskiari egiten dio keinu. Bideoa Zaramagan filmatu dute, San Frantzisko elizan bertan.

«Zuzenean jotzen nuenean aldatzen nion hirugarren estrofa eta saiatzen nintzen erreferentzia egiten edo momentuko zerbaiti edo herri edo hiri horretako gertakari bati. Adibidez, Gernikan jo genuen bonbardaketaren urteurrenean eta hor sartu nuen erreferentzia bat. Baina orain, grabatzerakoan, erabaki behar nuen hirugarren estrofa hori zeri eskaini, eta erabaki dut Martxoak 3ko gertakariei erreferentzia egitea».

B ALDEA

Biniloaren B aldeak sei abesti ditu, 2017tik egindakoak. “Oasia” eta “Gorputz-adar mamua” pandemia garaiari lotuak daude. Eta “Lurrunduko dira” Gasteizko Gaztetxearen 30. urteurrenerako sortu zuten. “Aurri gara” diskoaren ondoren grabatu zituzten “Oinak lurrean” eta “Bihotz”, azken hori Benito Lertxundiren kantaren moldaketa.

«Zentzu batean, kantu hauek sitsak dira», esan zuen. Izan ere, ilunpean izan dira eta «orain kolorea hartu eta tximeleta bilakatuko dira».

Kortazarrek azpimarratu zuenez, abestiek erakusten dute zer nolako eboluzioa izan duen Izaki Gardenakek.