Amaia EREÑAGA

BASO BAINUEN ONURAK, EUSKARAZ

Utz ezazu telefonoa etxean eta sar zaitez basoan: entzun, sentitu eta egon, estresa lurrundu dadin. Eta euskaraz egiten baduzu, hobeto.

Bitxia? Bai, baina a zer lasaitua! Irudian, Cristina Enea Fundazioak antolatutako saio bat.
Bitxia? Bai, baina a zer lasaitua! Irudian, Cristina Enea Fundazioak antolatutako saio bat. (PLUS 55)

1980ko hamarkadan hasi ziren Japonian helburu terapeutikoak dituzten baso bainuak edo Shinrin Yoku egiten, gizartean depresioa, mina eta ondoez maila zabaltzen hasi zirela konturatu zirenean. Egindako ikerketen emaitzek erakutsi dutenez, praktika horrek loaren kalitatea, gogo aldartea, kontzentratzeko gaitasuna eta estres mailak hobetzen ditu. Osasun arreta prebentiboaren funtsezko praktika bihurtu da Japonian... eta turistak erakartzeko ere erabiltzen dute. Munduan zabaldu den praktika hau gurean ere hainbat tokitan aurkitu daiteke. Donostian, esaterako, Cristina Enea Fundazioak urte ugari daramatza Ulia mendian baso bainuak antolatzen. Hurrengo saioa larunbatean izango da, eta euskaraz. «Gure saioetan ez ditugu zuhaitzak besarkatzen, baina egin nahi duenak egin dezake; bestalde, gure usaimena, entzumena, ikusmena, ukimena eta gustua erabiltzen saiatzen gara», argitu du Violeta Toranek, Basonako arduradunak. Are gehiago, urtean zehar, Donostia Kulturak antolatzen ditu horrelakoak Aieteko parkean: 2026an, euskarazkoak otsailaren 28an hasiko dira eta gaztelaniazkoak, martxoaren 1ean.