GARA

DIPC-K MENDE LAURDENA OSPATU DU

Lortutakoa goraipatzeaz gain, etorkizuna eraikitzen jarraitzeko determinazioa azaldu zuten; besteak beste, eraikin berriarekin.

Ospakizunean, DIPCren ibilbideaz hausnartu zuten.
Ospakizunean, DIPCren ibilbideaz hausnartu zuten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostia International Physics Center-ek (DIPC) mende laurdena ospatu zuen atzo Imanol Pradales lehendakaria buru izan zuen ekitaldi batekin, Victoria Eugenia antzokian. Han, mugarri garrantzitsuenak aurkeztu zituzten zentroko zuzendaritzako kideek. Emanaldi artistikoak ere izan ziren: “Izarren hautsa” jo zuten Eñaut Elorrieta musikariak eta Iñar Sastre piano-jotzaileak, eta une txalotuenetako bat Maialen Lujanbio bertsolariaren ezusteko saioa izan zen; bertso bana eskaini zien DIPCri eta Pedro Miguel Etxenike bere presidente eta proiektuaren bultzatzaile nagusiari. Azken hitzaldian, Etxenikek nabarmendu zuen politika zientifiko on batek epe luzea behar duela, jarraipena: «DIPC politika horren emaitza da, bata bestearen atzetik etorri diren gobernu guztiek bultzatu eta sostengatu dutena». Laster inauguratuko duten eraikin berria «munduko abangoardian jarraitzeko erabakigarria» izango dela ziurtatu zuen. Haren hitzetan, Lakuak finantzatutako eraikin horri esker, jauzi kualitatibo bat eman ahal izango zaio zentroaren jarduerari, hazkundea sendotzeko eta mugako zientzia garatzeko gaitasunak zabaltzeko.