XOLE ARAMENDI
GERNIKA

Astrak bi hamarkada: belaunaldi arteko sokak ez du etenik

Gernikakoa ez ezik Busturialdeko erreferentzia ere izatea lortu du Astrak. Behinola arma fabrika hartu zuen eraikina kulturarako fabrika sozial bilakatuta, belaunaldien arteko lotura zaindu du, eta pentsamendu kritikoa sustatu, hogei urteotan. Bertako kideek jakin dute, hasierako filosofia mantendu eta desitxuratu gabe, proiektua eguneratzen. «Gizartea, lan egiteko moduak, parte hartzeko moduak aldatu dira», adierazi dute Irati Agorriak eta Malen Torrek.

Hogeigarren urteurreneko ospakizun betean dira Gernikako Astran.
Hogeigarren urteurreneko ospakizun betean dira Gernikako Astran. (Hibai AGORRIA)

2005eko abenduak 24a markatzen du egutegiak. Goizaldeko 05.00ak dira. Iparragirre Rock elkarteko eta gazte mugimenduko kideak eta hainbat herritar Astra eraikina okupatzera doaz. “Astra Gernikentzako” ekimenaren lehen hazia da. Mugimendu horri esker, 2006ko maiatzean ekipamendua erosi zuen udalak. 2008an, Udalaren eta Astra Koordinadoraren artean hitzarmena sinatu eta Astraren kudeaketa koordinakundearen eskuetan gelditu zen. Beraz, herriari irekita egongo den espazio zabala izatea lortu zen.

Kulturgunea, entsegu lokalak eta kultura taldeentzako azpiegiturak. Horiek ziren garai hartan koordinakundearen eskariak. Musika talde dezente zeuden Gernikan. Inguruko herrietara jo behar izaten zuten entseguetara. Berdin autogestioan lan egin nahi zuten taldeek. Horrek erakusten du Gernika herri bizia dela arlo kulturalean zein sozialean.

Hogei urte. Ez da kultur sorkuntza bakarrik, eraldaketa soziala eta elkarrekintza ere bada Astra. Makina bat esperientzia hartu ditu eraikinak. «Espazio bat ahalbidetu du. Ez bakarrik aterpe bat, proiektu bat, ematen dielako elkarte horiei; funtzionamendu aldetik elkarte eta eragileak zein norbanakoak saretzeko espazioa da Astra». Irati Agorria eta Malen Torreren hitzak dira. Biak dira Astrako kide.

«Urte gutxi nituen Astra okupatu zenean. Proiektura lotu nintzen militantziatik eta batez ere gazte arlotik eta feminismotik. Geroztik kudeaketan jardun dut Astrako organo desberdinetan», azaldu du Agorriak. «Nire kasuan Bilbotik Gernikara ofizialki duela pare bat urte etorri nintzen. Bertako gazteen artean ibiltzen eta mugitzen hasi nintzen. Beti izan dut presente Astrara jotzea bertako egitarauaz gozatzera. Bertso afariak, erakusketak edo kontzertuak direla. Inoiz ez dut jardun horrela, hain fuerte, azken hilabeteetan bezala. 20. urteurrenak eman dit aukera gehiago hurbiltzeko. Uda amaitu zenean hasi nintzen bertan bitartekari bezala soldatapeko lanean eta orain arte», kontatu du Torrek.

Belaunaldien arteko soka. Ahaleginak egiten dituzte adin desberdinetako herritarrek Astrara jo dezaten. «Badaukagu Urdaibai Kantagunea deitzen den abesbatza, eta bertan gehienbat jende heldua aritzen da. Beraientzat ere Astra egiteko eta saretzeko leku bat delako adierazlea da. Eta badugu Astra Txiki proiektua ere, familiaren elkargunea: haurrei zuzendutako ekitaldiak gure egitarauaren barnean. Beti saiatzen gara jarduera eta programazioa adin artekoa izan dadin», diote.

Herritarren partetik egitasmoak lehen urratsetatik jaso du babesa. «Astra okupatu zenean eta, ostean, Udalarekin hitzarmena sinatu zenean eta herriratu zenean, ikusi zen Gernikako askotariko herritarren babesa zuela».

Arma fabrika izatetik, kulturarako fabrika soziala izatera. «Ez dugu ahaztu behar ‘kulturarako fabrika sozial’ deitu genuena lehen arma fabrika zela, bere garaian bonbardaketaren ostean eraitsia izan ez zena; memoria historikoaren ikuspegia ere badu espazioak». Lehena eta oraina batzen dituen espazio bezala ulertzen dute Agorriak eta Torrek.

PENTSAMENDU KRITIKOA

Asanblada bidez hartu ohi dira erabakiak. Pentsamendu kritikorako gune ere izan nahi du. «Pertsona bakoitzaren iritziak bestearen pisu bera du eta betiere errespetagarria izango da erabakiak hartzerako uneetan. Badago iritzi edo ikuspuntuak botatzeko askatasuna. Askotan esaten dugu ikasteko baina desikasteko balio digula. Astra irekia, parte hartzailea, autogestionatua, feminista, diru irabazirik gabekoa eta ekologista da», azpimarratu dute.

Astrak jakin du «hasierako asmoa mantendu eta desitxuratu gabe proiektua eguneratzen. Gizartea, lan egiteko moduak, parte hartzeko moduak aldatu dira». Hala diote Agorriak eta Torrek.

Urte luze hauetako lorpenei dagokienez, Gernikakoa ez ezik, «eskualdeko jarduera kulturaren lehen bihotza» ere bada Astra, bi kideen esanetan. Nola erakarri belaunaldi berriak? Horixe aurrera begira duten erronketako bat. «Gazteak izango dira Astra mantendu eta zainduko dutenak etorkizunari begira».

Gazteei okupazioaren transmisioa egitearen beharra nabarmendu dute. «Okupazioan piztu zen grina eta gauzak egiteko modu bat hainbeste eraldatu duena Gernika eta eraldatzen jarraitzen duena... Modu desberdin batean egiten delako hemen lan, eta garrantzitsua da transmititzea. Erronka nagusia pertenentzia sentimendua da. Nola egin okupatu ez duen, baina jarduera bertan egin dezakeen belaunaldi batek Astra berea sentitzeko?», bota dute galdera.

KILOMETROAK

Astraren norabidea markatzen duten erabakigune estrategikoak dira “Kilometroak”. «Hogei urtean lau egin dira. Badaukagu pentsatuta bosgarren bat egitea. Urteroko asanbladaz gain erabaki ideologikoak birpentsatzeko, proiektuaren sakontasunaren inguruan pentsatzen jartzeko guneak dira ‘Kilometroak’: eguneroko kudeaketaz harago, momentu honetan zer behar duen Astrak eta zer behar duen Gernikak», azaldu dute.

Abenduan egitaraua prestatu da hogeigarren urteurrena ospatzeko. Hainbat tailer, Amets Arzallusekin solasaldia “Miñan” liburutik abiatuta, “Jone batzuetan” filmaren emanaldia, “20 urte aurrera begira” mahai ingurua, emakume sortzaileen azoka... iragarri dituzte Gernikan. Abenduaren 24an, okupazioaren hogeigarren urteurrenean, argazki erraldoia egingo da. «Egun horretan okupatu zen, baina hilabete guztiko eskaintza nahi izan dugu egin. Egun zentralik egon gabe, hilabete guztian presente edukitzea Astra inguruko jendeak, Gernikakoak eta Busturialdekoak eta baita Bizkaikoak ere. Hilaren 20an, esaterako, herri bazkaria egingo dugu komunitatea elkartzeko, elkarrekin egindakoa ospatzeko eta aurrera begira ere jartzeko», esanez amaitu dute.