Maider IANTZI
ENDARLATSA

Zabalzaren omenaldia: «Badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

Mikel Zabalza Garateren heriotzatik 40 urtera, urteotan guztiotan hil zutenek izandako «inpunitate osoa» salatu zuten atzo Endarlatsan, Guardia Zibilak orbaizetarraren gorpua bota zuen lekuan, egindako omenaldian. Halere, Nafarroako eta Lakuako Gobernuek Estatuaren biktima izan zela aitortuz egin duten aurrerapausoa baloratu zuten.

Mikel Zabalzaren argazkia Endarlatsako tuneletako batean, lorez beteta eta senidez, herritarrez eta udal ordezkariz inguratuta.
Mikel Zabalzaren argazkia Endarlatsako tuneletako batean, lorez beteta eta senidez, herritarrez eta udal ordezkariz inguratuta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Autobus gidaria zen Mikel Zabalza Garate. 1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak atxilotu, eta desagertua egon zen hogei egunez. Denbora horretan mobilizazio ugari izan ziren, tartean Mikelen lankideek egin zutena, “Hemen ez dago gidaria. Non dago?” zioen pankarta autobusean jarrita. Irudi hori gogoan, 40. urteurrenean, autobus bira bat egiten ari da herri mugimendua. Azaroaren 26an abiatu zen Intxaurrondoko kuarteletik, eta igande honetan, abenduaren 14an, ekitaldi nagusia eginen da Donostiako Bulebarrean, 12.30ean.

Gaur eta bihar Beran egonen da barnean erakusketa bat daraman autobusa, Iamoteneako aparkalekuan, 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.00etara. Atzo, Lesakan egon zen. Gainera, Endarlatsan, Mikelen gorpua agertu zen lekuan, ekitaldia egin zuten Iñaki Egaña historialariarekin, Mikelen eta Euskal Herriko torturatu guztien omenez.

Bertan izan ziren senideak, Bera eta Lesakako udal ordezkariak eta herritarrak. Lorez bete zuten Mikel gaztearen argazkia, ikurrina baten gainean paratua. Haize freskoak ederki astindu zituen ikurrina, Nafarroako bandera eta arrano beltza, eta Gaizka Sarasolaren kantu hunkigarriari indar handiagoa eman zioten jendearen irrintziek, kobazuloan oihartzun eginez.

«INPUNITATE OSOZ»

Zabalza hil zutenek izan duten «inpunitate osoa» salatu zuen historialariak, baita gezurrean parte hartu zuten guztiak saritu zituztela ere. Baina «egin den lanari esker, guk badakigu eta ondorengoek ere jakingo dute Mikeli gertatu zitzaiona». Gazte aunitz ikusita, “Egin”-en ale bat zabaldu zuen. Mikelen gorpua agertu eta gero, greba orokor bat egin zuten, eta haren berri dakar egunkariak. Bertzetik, Mikelekin batera atxilotu zituzten Ion Arretxe eta Idoia Aierbe, biak duela zenbait urte hilak, oroitu zituen.

Herri ekimenei eta ikerketei esker, denok egia dakigula azaldu zuen: Mikel Intxaurrondoko kuartelean hil zuten itota. Lakuako eta Iruñeko gobernuek urrats handia egin dutela ere baloratu zuen, Mikel Estatu espainolaren biktima izan zela onartu baitute. Halere, Guardia Zibilak, eremu judizialak eta Estatuak berak oraindik ez dute hori onartu eta lehendabiziko bertsio ofiziala mantentzen dute.

Interpretazio bat egin zuen Egañak, datuak eta testuingurua ikertu ostean. «Mikel berehala sartu zuten bainuontzian eta hil egin zitzaien. Hor parte hartu zutenak bi urte lehenago Lasa eta Zabala desagerrarazi zituzten berak izan ziren. Rodriguez Galindo buruari abisatu zioten eta hark Guardia Zibilaren Informazio buruari deitu zion, Andres Cassinellori. Lehen aukera Mikelen gorpua desagerraraztea zen, baina Lasa eta Zabalaren kasuak higadura handia ekarri zienez, bigarren aukeraren alde egin zuten: Mikelek ihes egin zuela esango zuten».

Ibaiko ura sartu behar izan zioten, Bidasoan ito zela frogatzeko. Egañaren arabera, Lesakan hartu zuten ura. Bertan, kasualitatez, produktu kimiko batek egin zuen ihes ibaira eta hori izan zen Mikeli autopsia egin ziotenean biriketan eta urdailean azaldu zitzaiona; Endarlatsan ez zegoena, baina Lesakan bai. Nabarmenak ziren gezurraren frogak, baina epaileek ez zituzten onartu.

Zauriak sendatzen lagundu nahirik, kontuan hartuz izugarrizko lana egin dela isiltasunean mantendu nahi izan diren pasarteak azaleratzeko, herri mugimenduak bere ekarpena egiten jarraituko duela erranez amaitu zuten ekitaldia. Tunela irrintziz eta txaloz zartatu zen, egia, justizia eta erreparaziorako argi bila.