Peli LEKUONA
DONOSTIA
Entrevista
AMAIUR EGURROLA
Ernai Gazte Antolakundeko bozeramailea

«Espainiako bandera kentzeagatik larritzen dira eta ez zapalkuntzagatik»

Euskal Herria zapaltzen duten ikurrak seinalatu eta horietako batzuk kendu ditu Ernai erakundeak azken asteotan. Gazte antolakundea «jopuntuan jartzeko eta kriminalizatzeko saiakera» dagoela salatu zuen Amaiur Egurrola eledunak NAIZ Irratian atzo goizean egindako elkarrizketan.

(Oskar MATXIN | FOKU)

Asteartean agerraldia egin zuen Ernai gazte antolakundeak, eta egindako azken ekintzen berri eman zuen atzo NAIZ irratiko uhinetan Amaiur Egurrola bozeramaileak: «Euskal Herria, bere izaera eta euskara bera azpiratu nahi duen eredu espainiarra salatzea izan da asmoa».

Azken asteotan ikur frankistak eraitsi dituzte, horiek ezabatu, seinalatu eta bestelako ekintzak. Euskararen Egunean Donostiako auzitegian oldarraldi judiziala salatzeko egindako ekintza ere testuinguru horretan sartzen da. Ondoren, Durangon erakutsi zituzten hainbat erakunderen egoitzetatik kendutako bandera espainolak, esaterako.

Krisi eta gerra testuinguruan bi posizio daudela esan zuen Egurrolak: «Espainolismoaren aurpegi garbiketa babestea edota arduratik eta konpromisotik Euskal Herria beste jendarte eredu baterantz eramatea. Ernaik azken honen alde egin du, eta zenbaiten partetik kriminalizazioa eta gazteria independentista jopuntuan jartzea etorri da».

Haren hitzetan, ez da euskal gazteria kriminalizatzen den lehen aldia eta azken asteetako ekimenek erreakzio oldea ekarri dute: «Ez da lehen aldia. Isunen kasuan ere gazteria independentista isilarazten saiatu ziren beste bide batzuetatik, eta orain ere horixe gertatu da: zenbait medio eta esparru politikotatik Ernai kriminalizatzen saiatu dira».

Hala ere, gehitu zuen gazteek argi dutela Euskal Herriaren burujabetzaren alde lanean jarraituko dutela; «hemen gatazka nazional bat dagoela argia da; duela urteetatik baimentzen ez dena da Euskal Herria nazio gisa aitortua izatea eta ez zaio uzten bere buruaren, bere orainaren eta bere etorkizunaren inguruan erabakitzen». Horretarako tresnak behar direla esan zuen, egun Euskal Herriak ez duelako inolako «burujabetza kuotarik» behar horiei herri proiektu batetik erantzuteko.

BORROKAN JARRAITZEKO DEIA

«Garaiaren larritasunak zerbait eskatzen baldin badu, borroka eta ardura politikoa hartzea da, eta dei egiten diogu euskal gazte orori borroka honetara batzera, gu herri baten eraikuntzari eta zapalkuntzarik gabeko jendartea eraikitzeari begira gaude. Uste dugu proiektu horrek beste ortzi-muga bat eskaintzen digula». Gernikako Batzar Nagusietako bandera espainola kendu ostean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak «errespetu falta» egotzi zion Ernairi. Egurrolak zuzen erantzun zuen: «Guri harrigarria iruditzen zaiguna da Gernikan, gure herriarentzat sinbolo garrantzitsua izanda, Espainiako bandera bat kentzeagatik hain larrituta irtetea Aburto eta ez larritzea, aldiz, Euskal Herriak bizi duen zapalkuntzagatik, Euskal Herriaren nazio aitortza ez egiteagatik, edota euskararen aurkako oldarraldiagatik».

Ernaik zeregin argi bat duela esan zuen gazteen bozeramaileak: «Ernaik proiektu politiko bat du eta hori Euskal Herri sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzea da. Uste dugu une honetan gure proiektu politiko hori eskuratzeko bidea Euskal Herrian gehiengoak artikulatzea dela eta gehiengo horiek aldaketa sozial eta politikoaren mesedetan lerratzea eta horiek guztiek elkarrekin bultza egitea. Alde horretatik, uste dugu hori ordezkatzen duena ezkerreko independentismoa dela, eta, beraz, EH Bilduk ordezkatzen dituela jendartearen gehiengoaren nahi eta behar horiek eta aldaketa sozial eta politiko horretarako bultza egiteko agente garrantzitsua dela, eta, zentzu horretan, partekatzen dugu EH Bildu dela une honetan euskal jendartean gehiengoa ordezkatzen duen agente politiko, instituzional eta soziala».

Hala ere, argitu zuen, nahiz eta ezker abertzaleko antolakundea izan, Ernai «autonomoa» dela; «bere jarduna modu propio batean garatzen du, eta gazteriaren inguruan bere irakurketa propioak egiten ditu. Euskal Herrian gazteriak bizi duen egoerari eta bizi duen testuinguruari erantzutea eta horren inguruan jardun oso bat antolatzea biltzen du proiektu oso baten barruan».

«STATU QUO»-A ZALANTZAN

Egurrolaren ustez, deserosotasuna sortzen die gazteen jardunak batzuei, statu quoa zalantzan jartzen duelako: «Euskal Herrian proiektu askatzaile bat sortzea egun ezarrita dagoen statu quoan pitzadura batzuk sortzea da, esan bezala, gure proiektuak bestelako herri eraikuntza bat duelako eta horrek bete-betean hausten duelako frantziar eta espainiar estatuekin».