Hezkuntza euskalduna eskatu dute Ikamak deitutako greba egunean
Ikamak deituta, greba eguna zuten atzo Hego Euskal Herriko ikasleek, hezkuntza euskalduna aldarrikatzeko. Egungo eredua agortuta dagoela salatu zuten eta baliabideak eta politika anbiziotsuak eskatu zituzten egindako mobilizazioetan.

Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartu zituzten atzo ikasleek, Ikamak egindako greba deialdiari erantzuteko. “Gure hezkuntza, euskalduna” lelopean, mobilizazioak egin zituzten Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Euskara «oldarraldi judizial eta politiko bat» jasaten ari dela salatu eta «gure hezkuntzaren etorkizuna arriskuan» dagoela deitoratu zuten.
Adierazi zuten egungo hezkuntza eredua ez dela gai euskarak dituen erronka berriei erantzuteko, ezta hizkuntzaren transmisio zein normalizazioa bermatzeko ere. Horren aurrean, euskararen ofizialtasuna, hezkuntza sistema propio bat, murgiltze eredu eraginkorrak eta euskararen normalizazioa bermatzeko politikak aldarrikatu zituzten.
Manifestazioen bukaeran eledunek azaldu zutenez, azken hilabeteetan «behin eta berriz» ari dira azpimarratzen euskara «larrialdi egoeran» dagoela. Joan den mendeko 60ko hamarkadan izan zen susperraldi prozesua agortuta dagoela eta, «atzeraldian» sartuta gaudela azaldu zuen Ikamak: «Testuinguru horretan ulertu behar dugu, azken hilabeteetan, forma judizial, mediatiko zein soziopolitikoa hartu duen euskararen aurkako oldarraldia».
Gaineratu zutenez, Euskal Herria hiru eremu politiko-administratibo desberdinetan banatuta egoteak dakar bakoitzean egoerak berezitasun propioak izatea. Horrela, ofiziala den eremuetan, «kolokan dagoen oinarri juridikoa bermatzen den arren», salatu zuten euskararen normalizazioa ez dela posible, ez dagoelako «behar besteko politika publiko askatzaile anbiziotsurik». Ofiziala ez den eremuetan are zailagoa da egoera, hala Nafarroako zona batzuetan nola Ipar Euskal Herrian, gogora ekarri zutenez.
Testuinguru horretan, hezkuntzatik erantzuteko ardura bere gain hartu zuen Ikamak, egun indarrean dagoen hezkuntza eredua «agortuta» dagoela iritzita: «Ez da gai, ezagutzatik at, erabileran jauzi bat suposatuko duen eraldaketa baterako kondizioak sortzeko, ezta hizkuntza gaitasun maila duin bat transmititzeko eta guk herri bezala ditugun erronkei aurre egiteko ere».
BEHAR BEZALAKO BALIABIDEAK
Horregatik, aldarrikatu zuten «eraginkortasunez euskaldunduko duen hezkuntzak irisgarria» izan behar duela eta «kalitatezkoak» diren baliabide eta materialak eskaini behar dituela. Gaineratu zuten horretarako ezinbestekoa dela irakasleek euskara gaitasun maila egokia izatea eta segregaziorik gabeko murgiltze eredu eraginkorrak ezartzea.
Halaber, Ikamak uste du ikastetxeetatik kanpo ere, hots, aisialdian, kultur alorrean eta sare sozialetan, besteak beste, euskarak hegemonia irabazteko «erreferente eta espazio erosoak» behar dituela. Izan ere, argi dute «faxismoaren gorakada ahalbidetzen duen» testuinguruan, euskararen aldeko borroka «antifaxismotik» egin behar dela, «euskara gure herriaren askatasunerako eta kohesio sozialerako tresna baita».

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias
