GARA
AGOITZ

«Xiberutikan Mendebaldera», Zetak-ek egin du 24. Korrikako abestia

Agoitzen aurkeztu zuten atzo 24. Korrikaren soinu banda, Zetak taldeak egindako “Xiberutikan Mendebaldera” kantua. Pello Reparazek sortu ditu musika zein letra eta Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariek ere hartu dute parte.

Ane Elordi Korrikako arduradunak zinez eskertu zuen egindako lana: «Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik». Reparazen esanetan ez da enkargu hutsa izan; bere ibilbide artistikoko «erantzukizun eta poz handienetako bat» izan dela aitortu zuen: «Kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea izan da».

Abestiari mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea ematen ahalegindu dela azaldu zuen, eta ez «ereserki zurrun bat» egiten. Eta jendeari euskarara hurbiltzeko gonbita egin zion: «AEKren euskaltegietan izena ematera lehen urratsa egiteko, alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko, edota Korrikan kilometro bat gehiago egitera sustatzeko balio badu, kantak bere funtsa beteko du».