GARA
DONOSTIA

Lakuak alokatzeko 200 BOEren sustapena eskaini dio Errenteriari

Lakuako Gobernuak Errenteriari eskaini dio alokairuko 200 BOEren sustapena bere gain har dezala. Horretarako ETSren kotxetegi izandakoak lagako dizkiete. Gipuzkoan azken hogei urteetan egin duten operazio handiena litzateke, 33 milioi eurokoa, hain zuzen ere.

Errenterian egitekoak diren proiektua.
Errenterian egitekoak diren proiektua. (IREKIA)

Lakuako Gobernuak Errenteriako Udalari eskaini dio bere gain har dezala Euskal Trenbide Sarearen kotxetegi izandakoetan babes ofizialeko etxeak eraikitzeko plana. 170 eta 200 etxebizitza babestu bitartean egingo lituzkete eta alokairuan jarri, «arrazoizko prezioan». Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak egin dio eskaintza Udalari, lursaila Lakuaren Gobernuarena baita.

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea atzo bildu ziren, erakundeek herriaren bizitegi tentsioari aurre egiteko adostutako hiru urteko ekintza planaren lankidetzaren eta jarraipenaren markoan.

Ekimena aurrera atera ahal izateko, Errenteriako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntual bat egin beharko dute aldez aurretik, indarrean dagoen antolamendua garai bateko kotxetegien eremuan aurreikusitako etxebizitza babestuen garapenera egokitu ahal izateko.

Itxaso sailburuak gogorarazi zuenez, «Errenteriak oso lurzoru gutxi ditu erabilgarri, eta daudenak etxebizitzak eraikitzera bideratzeak izan behar du lehentasuna». Alkatearen «oniritzia» laster izatea espero du, «HAPOren aldaketa puntuala idazten hasteko».

Proposamenak 170 eta 200 etxe babestu bitarteko bizitegi jarduketa planteatzen du, gehienak bi logelakoak, guztiak kanpo espazioarekin, eta aparkalekuarekin eta trastelekuarekin.

Alokairu publikoa, eskuragarria eta babestua izango da. Ekimena etxebizitza publikoaren alorrean Errenterian azken bi hamarkadetan izan den garrantzitsuenetakoa da.

ARRASATE, GUNE TENTSIONATU IZENDATZEAR

Errenteria bezala, Arrasate ere etxebizitza merkatu tentsionatuko eremu izendatzear dira. Udalak ohar baten bidez aditzera eman zuenez, asteartean argitaratu zuen Lakuak izendapenaren aldeko ebazpena, Udalak egindako eskaerari erantzunez.

Izan ere, iazko maiatzaren 30ean aurkeztu zituzten beharrezko azterketa eta analisiak. Ofizialki 2026an helduko den izendapenak ate berriak zabalduko dizkio Udalari etxebizitzaren alorrean. Izan ere, diseinatu duten ekintza plana gauzatzeko ezinbesteko tresna izango da izendapena.

BILBON ETA DONOSTIAN

Bilbon, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Udal Gobernuari eskatzeko «jabe handi» izenda dezala bost etxebizitza edo gehiago dituen pertsona fisiko edo juridiko oro. Proposamena urtarrileko osoko bilkuran onartuz gero, ia 3.000 etxeri eragingo lioke eta alokairuaren prezioa legez arautua izango lukete, prezioen indizearen arabera. Gaur egun, hamar etxebizitzaren jabe izan beharra dago Bilbon jabe handitzat hartu zaitzaten.

Kopuru hori, Karlos Renedo zinegotziaren ustez, «onartezina» da, «legeak aukera ematen baitu udalerrian bost etxe edo hortik gora dituztenak ‘jabe handi’ izendatzeko». Hain zuzen ere, gune tentsionatu diren gainontzeko udalerriek bostean dute jarria muga.

Ildo beretik doa Kolektibo K47 plataformak Bilboko eta Donostiako udal gobernuei egindako eskaera. Kolektiboak salatu duenez, bi udalek onartutako 2026rako aurrekontuetan «irregulartasun larriak daude udal lurzoru ondareen aurrekontuan, lehentasunez etxebizitza babestura bideratu behar baitira».

Plataformaren ustez, Bilbo eta Donostia bizitegi merkatu tentsionatuko eremu izendatu direnez, «zorrotz bete behar dira etxebizitza babestuaren aldeko udal betebeharrak; bereziki, alokairu eskuragarriko erregimeneko parke publikoa sustatzeko».