Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

LaRose

Hasieratik esaten zaigu Louise Erdrichen “LaRose” (2016) nobelan gatazkaren sorburua zein den: etxe ondoko basoan orein ehizan dabilela, auzoko eta lagun mina duen Peter Ravitxen semea nahi gabe hil egiten du Landreaux Ironek. Bost urte ditu Dusty Ravitxek, Landreaux eta Emmalineren LaRose seme gazteenak bezala. Ojibwe ohitura zaharrei jarraituz garbiketa zeremonia batean parte hartu ostean Irondarrek gogorra baina bidezkoa zaien erabakia hartzen dute tragediak kolpaturiko bi familiek oreka berreskura dezaten: beren seme LaRose ematen diete Peter eta Nola Ravitxi hildako Dustyren tokia bete dezan.

Ulergarria eta ulergaitza da Irondarrek deliberatutakoa, beraientzat ere. Baina Erdrichen nobeletan ohikoa denez, izozmendiaren punta besterik ez da Dusty eta LaRoseren inguruan Iron eta Ravitx familiek jasandako mina. Familia historian sakondu eta hainbat belaunalditan zehar LaRose izena jasotako arbaso eta senide zuzenen bizipenak aintzat hartuta, kolonialismoaren traumaren lekukotza eskaintzen du nobelak (lurrak indarrez kendu izanak eragindako galera, derrigorrezko asimilazioak kulturari eta nortasunari egindako kaltea, umeen bahiketek eta emakumeen desagerpenek familiengan zabalduriko zauri orbaindu gabeak), bai eta hari erantzunez indigenek garaturiko erresistentzia mekanismoak azaldu ere.