Ion SALGADO
BILBO

Ernai: «Oldarraldiaren aurreanindependentzia da bide bakarra»

Ehunka gazte bildu ziren atzo Bilbon Ernaik deitutako manifestazioan. Esan zutenez, «bidegurutze batean gaude, eta aurrera egiten ez badugu, atzera egingo dugu. Indar espainolisten aurrean independentziaren alde borrokatzea da bide bakarra. Ausardiaz eta konpromisoz, posizionatzeko garaia da, antolatu eta borrokatzeko garaia da».

Ernaik atzo Bilbon egindako manifestazioaren argazkia.
Ernaik atzo Bilbon egindako manifestazioaren argazkia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Bidegurutze batean gaude lagunok; eta aurrera egiten ez badugu, atzera egingo dugu. Indar espainolisten oldarraldiaren aurrean independentziaren alde borrokatzea delako bide bakarra. Garaiotan ez dagoelako erdibiderik. Ausardiaz eta konpromisoz, posizionatzeko garaia da, antolatu eta borrokatzeko garaia da».

Hala adierazi zuten atzo Eider Bueno eta Alex Diez Ernaiko kideek Bilboko Alde Zaharrean dagoen Zamudioko atarian. Hantxe amaitu zen, hain zuzen, erdiguneko kaleak zeharkatu zituen manifestazioa. Plaza Eliptikotik atera eta Albiako lorategietara joan ziren gazteak, EAEko Auzitegi Gorenaren aurretik igarotzeko, bai eta EAJren egoitzaren ondotik ere.

Ondoren espainiar Itsas Komandantziaren eraikinera hurbildu ziren. Espainiako bandera erre eta “Alde hemendik” leloa zuen pankarta zabaldu zuten. Gero Kale Nagusira joan ziren, eta koltxoi batean pintada bat egin zuten etxebizitzen garestitzea salatzeko. Arriagako zubia zeharkatu eta Alde Zaharrean sartu ziren, hitzaldi batekin manifestazioari amaiera emateko Zazpikaleetan.

Gazteek ohartarazi zutenez, «garai zailak bizi ditugu, ideia erreakzionarioak bueltan dira, barruraino sartu dira munduko hainbat txokotan. Indar erreakzionarioak Euskal Herrian ere sartu nahian dabiltza. Emakumea mendeko subjektu bihurtzen duten diskurtsoak bolo-bolo dabiltza sare sozialetan. Euskarak bultzada berri bat behar duenean haren kontrako oldarraldiari ekin diote indar espainolistek. Botere mediatikoek eta indar aparatuek sarritan jartzen dituzte gazte etorkinak jopuntuan, kolektibo oso bat kriminalizatzeko. Eta isunekin ito nahi izan dute gazteria borrokalaria».

«Baina haien zoritxarrerako zutunik jarraitzen dugu, eta gero eta gehiago gara. Frankismoaren errautsetatik jaiotako belaunaldi oso batek herri hau berriro altxatu zuen modu berean, gure belaunaldiak askapen prozesua muturreraino eramatearen konpromisoa hartu du. Eutsi ziotenen omenez, guri irabaztea dagokigu», gaineratu zuten.

«BORROKAN DABILEN» HIRIA

Halaber, gazteria euskaldun eta euskaltzalearen hiri eredua aldarrikatu zuten gazteek atzoko manifestazioan. «Auzolanarena, hezkuntza euskaldun baten alde kaleak hartzen dituena, saldu nahi diguten hiri eredu kapitalistari ateak ixten dizkiona, espainolismo ultraren aurka borrokatu eta faxismoari lekurik uzten ez diona, zaintza sistema publikoaren aldeko borrokan dirauena, euskararen aurkako oldarraldi politiko eta judiziala etengo duena».

«Hirian botere mediatiko, judizial eta politikoa kontzentratzen den zabalguneko kaleak hartu eta bestelako Bilbo bat irudikatu dugu: auzoetako ehun komunitarioan lanean dabilena, egunerokotasunean Bilbo euskaldun eta feminista baten alde egiten duena, bestelako aisialdi eredu bat eraikitzen duena. Borrokan dabilena», adierazi zuten.

«Eta martxoaren 17an ere kalera aterako gara greba orokorrera, ozen esatera hemen badagoela gazteria bat, eskubide sozialen alde borrokatzen dena, soldata duin baten alde borrokatzen dena eta bizi kondizio duinen aldeko barrikadan egongo dena», azpimarratu zuten. Era berean, goraipatu zuten «gurea Bilbo antifaxista, feminista, euskalduna eta sozialista» dela.

«Beraz ekin eta bultza gazte. Ekin eta bultza. Ekinez independentzia lortuko dugulako», nabarmendu zuten Ernaiko kideek, eta dei egin zioten «euskal gazteriari independentziaren aldeko borrokara» batzera.