Hitchcocken itzala eta Zlotowskiren koktela

Rebecca Zlotowskiren “Vie privée” ikusten hasten zaren une beretik ia ezinezkoa da Hitchcock burutik kentzea, batez ere tentsioa eraikitzeko duen moduagatik. Hala ere, ñabardura bat egitea komeni da: ez da Hitchcocki egindako omenaldi zuzena, eta are gutxiago suspensearen maisuaren kopia bat. Zlotowskik eragin hori hartu, leunki desegin, eta umorea, introspekzioa eta drama uztartzen dituen koktel hibrido batean nahasten du; zoritxarrez, behar baino arintasun handiagoz bustita.
Zurrunbilo tonal honen erdian Lilian Steiner dago, Jodie Fosterrek zehaztasun kirurgikoz antzeztua.
Lilian psikiatra ezaguna da, eta bizitza pertsonal diskretu eta kontrolatua darama. Bat-batean, baina, Paula, bere pazienteetako bat, hilik azalduko da, eta horrek hankaz gora jarriko du Lilianen mundua. Epai ofizialak suizidioa izan dela dio, baina Lilianek susmoa du krimen bat izan dela. Intuizio profesionalaren eta senaren arteko nahasketak bultzatuta, bere ikerketa propioa hasiko du.
Pelikularen pisu dramatikoa Jodie Fosterren sorbaldetan sostengatzen da, eta haren presentziak gidoiaren atal irristakorrenei ere eusten die. Istorioak intriga eta alderdi emozionala orekatu nahi baditu ere, zati irristakor horien erruz, kontakizuna tarteka nahasgarria bihurtzen da. Filmak ikuslea zorabiatzeko interes handiagoa duela dirudi, suspensearen ‘‘crescendo’’-a behar bezala fintzeko baino.
Genero nahasketan ausarta den filma da, Jodie Fosterrek sostengatua eta Zlotowskik tonu ezberdinen artean mugitzeko duen trebeziak bultzatua. Baina nahasketa horrek berak -jostalaria, ñabardurez betea, baina aldi berean iheskorra- tonu arinegia ematen dio filmari, eta horrek eragozten dio bere premisak agintzen duen thriller psikologikoa behar bezala ainguratzea.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
