Asier AIESTARAN
PILOTA

Laso eta Albisuren erakustaldia, ligaxkako lehen postuan egonkortzeko

Baikoko bikoteak partida bikaina jokatu zuen Gernikako Santanape pilotalekuan eta 11-22 menderatu zituzten Elordi eta Zabaleta. Atzelari etxarrendarrak ez zuen bere egunik onena izan eta Lasok, oso zorrotz errematean, ez zuen barkatu.

Bikote bikaina osatu zuten Lasok eta Albisuk Gernikako Santanape pilotalekuan.
Bikote bikaina osatu zuten Lasok eta Albisuk Gernikako Santanape pilotalekuan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Unai Laso eta Jon Ander Albisu meritu osoz egonkortu dira Binakako Txapelketaren lehen ligaxkako lidergoan. Baikoko bikoteak sekulako erakustaldia eman zuen atzo Gernikako Santanape pilotalekuan eta goitik behera nagusitu zitzaion ezinean aritu zen Elordi eta Zabaletak osatutakoari.

Izan ere, katedrak ez zuen asmatu atzokoan. Alde handirik gabe izan arren, gorriak irten ziren faborito apustuetan, eta neurketa hasiera ikusita bazirudien tankera ongi hartua ziotela demari. Lehen tantoak oso parekatuak izan ziren eta Aspeko bikotea 6-3 aurreratu zen markagailuan.

Aipatzekoa, adibidez, norgehiagokako bigarren tantoa: 48 pilotakada bi minutu eta 14 segundoan, laukotea behar bezala berotzeko eta Unai Lasok bere lehen gantxoa sinatzeko. Bi atzelariak parez pare ikusi genituen piloteo bikainean, eta Gernikara hurbildu ziren 635 zaleak, pozik. Azkenean 500 bat izan ziren Lekeitiorako sarrerak erosita eduki eta Gernikara joatea erabaki zutenak; eta 200 bat, enpresei dirua itzultzeko eskatu zietenak -bezperan erabaki zen leku aldaketa, Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuko sabaia kaltetuta dagoelako eta atzoko euriteekin itoginak izateko arriskua zegoelako-.

Zabaletaren hasiera ez zen batere txarra izan, beraz. Ez horixe. 3-1ekoa berak egin zuen pilota errebotean sartuta, eta 6-3koa ere bai, kantxa erditik ezkerrez jotako pilotakada eder askoa ezker horman bikain arrimatuz. Inor gutxik espero zezakeen une horretan gero etorriko zena.

KOLORERIK EZ

Baina kantxa erdian pilota ezkerraz jotzea ez da izaten normalean seinalerik onena, eta egia da hortik aurrera egoera zeharo aldatu zela. Zabaleta oso deseroso aritu zen, pilota gozatu ezinik, eta aurkariak bikain. Horrelakoetan ez da jakiten batzuen merituak edo besteen ezinak, zerk izaten duen pisu handiagoa balantzaren desorekan, baina argi dagoena da bi errealitateak batuta zein izan zen emaitza: norgehiagokaren bigarren erdi luzean ez zela kolorerik izan kantxan, alegia.

Albisuk sekulako partida jokatu zuen atzeko koadroetan: fresko piloteoan, sendo defentsan, kantxa asko kubrituz eta aurrelariari lasaitasun handia emanez. Eta zer esan Lasori buruz? Gezurra dirudiela horren lesio larri eta luzetik horren maila bikainean itzuli izana. Sekulako gantxo sorta utzi zuen bideotekarako eta defentsa lanean aritzea egokitu zitzaion apurretan ere bizkor mugitu zen.

Partzialak ikaragarriak izan ziren: 6-3tik 6-10era zazpi tanto jarraian, eta 8-13tik 8-18ra beste bost. Tarteka Elordik eta Zabaletak lortu zuten erauntsia nolabait etetea, baina nekez lortzen zuten bizpahiru tanto segidan egitea. Nahi eta ezin hori Zabaletak irudikatu zuen ondoen, pilota bat harrika goiko sarera bota zuenean amorruaren amorruz.

Azkenean, 11-22an itxi zuten dema urdinek eta pozarren joan ziren etxera, kezkak eta ezinegonak aurkariei utzita. Hori bai, haizea norabidez edozein unetan alda daitekeela ere jakitun. «Hau oso luzea da, partida asko falta dira oraindik. Egia da une onean gaudela, baina hankak lurrean izan behar ditugu», ohartarazi zuen Jon Ander Albisuk neurketa amaierako bere adierazpenetan.

GAUR, ARRASATEN

Bosgarren jardunaldia gaur amaituko da Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Bi garaipenekin dauden Jaka eta Iztuetak oraindik partidarik irabazi ez duten Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Jaialdia 18.00etan hasiko da eta giro aparta espero da, santamasak ospatzen baitira Debagoieneko herrian. Lehen partidan Bakaikoa-Aldabe eta Murua-Eskuza ariko dira.