JOSEBA SALBADOR GOIKOETXEA

Aurrekaririk gabeko elkartasun adierazpena

Amaitzera doan urtea Euskal Herrian inoiz izan den palestinar herriarekiko elkartasun adierazpen zabalenarengatik gogoratuko da. Kirol ekitaldiak bozgorailu ezin hobeak bilakatu dira 70.000 hildako eragin dituen genozidioa salatzeko, baita beste arlo askotan antolatutako ekintzak ere: kulturan, irakaskuntzan, enpresan, osasungintzan...

51.396 lagun elkartu ziren San Mamesen palestinar herriarekiko elkartasun hitzordu historikoan. Hurrengo orrialdean, Espainiako Vueltan egindako protestak, urriaren 15eko lanuztea eta Donostian egindako hilotzen irudikapena.
51.396 lagun elkartu ziren San Mamesen palestinar herriarekiko elkartasun hitzordu historikoan. Hurrengo orrialdean, Espainiako Vueltan egindako protestak, urriaren 15eko lanuztea eta Donostian egindako hilotzen irudikapena. (Aritz LOIOLA - Jon URBE - Marisol RAMIREZ | FOKU)

Espainiako Txirrindulari Itzulia eta San Mamesen jokatutako futbol partida izan dira, zalantzarik gabe, euskal herritarrek palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko erabili dituzten bozgorailu handienak; baina kirol ekitaldietan ez ezik, beste arlo askotan ere izan dira elkartasun adierazpenak.

Protesta ekitaldiak uda partean indartu ziren. Ekainaren lehen egunean, adibidez, 500 hilotz irudikatu zituzten Donostiako Alderdi Ederren, maindire zurietan bilduta: «Hildako palestinarrak gure hildakoak direla adierazteko».

Abuztuan, Bilboko Aste Nagusian, Palestinarekiko elkartasuna adierazi zuten Bilboko konpartsek mosaiko handi batekin. Eta Iruñean, dozenaka komunikazio langilek babesa erakutsi zieten Gazako kazetariei, Israelek nazioarteko prentsaren sarbidea blokeatu eta tokiko kazetariek beren bizitzarekin ordaintzen dutela gogora ekartzeko.

Irailean, Bilboko itsasadarrak bere egin zituen Palestinako koloreak, itsas martxa ikusgarrian. Hilabete horretan bertan, Ibaitik Itsasora ibilaldia egin zen Tuteratik Hendaiara, palestinarrek euren lurraldeetan bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Eta urrian, Iruñean azken urteetan izandako manifestaziorik handiena egin zen, Israelekin harremanak etetea eskatzeko eta Global Sumud Flotillaren aurkako erasoak salatzeko.

Hala ere, mobilizaziorik zabalena urriaren 15ean egin zen, euskal gehiengo sindikalak eta hainbat gizarte eragilek deitutako lanuzteek arrakasta handia izan baitzuten. Horrela, milaka langilek eta ikaslek beren lantokiak utzi eta Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleetan mobilizatu ziren.

Azaroaren 29an, Palestinar Herriarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Bilbon Gazan eraildako 20.000 haur baino gehiago gogoratu zituzten, haien izen guztiak etengabe irakurriz. Eta abenduan, 200 herritarrek Bilboko tranbiaren ibilbidea oztopatu zuten CAF Zisjordanian eraikitzen ari den tranbiaren aurka protesta egiteko.

KIROLA

Kirola izan da elkartasun adierazpen handienak hartu dituen eremuetako bat. Lehenik eta behin, Espainiako Vuelta Euskal Herrira iristearekin batera, bertan lehiatzen ari zen Israel-Premier Tech taldearen parte hartzea salatzeko. Irailaren hasieran, txirrindulariek Bizkaiko errepideak zeharkatu zituzten eta, bidean izandako bide mozketengatik, antolatzaileek Bilboko helmuga aurreratu egin behar izan zuten.

Hurrengo egunetako etapetan protesta ekintzak areagotu egin ziren, eta ondorioz Israel-Premier Tech taldeko kirol zuzendariak, Oscar Guerrero altsasuarrak, agur esan zion Espainiako Vueltari.

Israeldar kirolarien aurkako ekintzak Sestaoko xake txapelketara ere iritsi ziren, eta herrialde hartako zazpi jokalarik uko egin zioten lehiaketa horretan parte hartzeari.

Txirrindularitzarekin batera, futbola izan da elkartasun adierazpen handienak hartu dituen beste kiroletako bat, Euskal Selekzioak eta Palestinako selekzioak azaroaren 15ean jokatutako partidaren inguruan, hain zuzen. Egun hartan, 51.396 pertsona elkartu ziren San Mamesen, palestinar herriarekiko elkartasun hitzordu historikoan.

Parte hartze historikoaz gain, nabarmentzekoa izan zen, halaber, ekitaldiak nazioartean izan zuen eragina, mundu osoko hainbat hedabidetako 200 kazetari baino gehiago izan baitzen bertan.

EKONOMIA

Ekonomia arloan ere ugariak izan dira Israelen negozioak dituzten enpresei egindako eskariak. Eta horien artean, Beasaingo CAF tren ekoizlea izan da salaketen erdian egon den enpresetako bat, lurralde okupatuak zeharkatzen dituen Zisjordaniako tranbia egiteko sinatu zuen kontratua ez duelako eten.

Euskal politikariek, tartean Arnaldo Otegik eta Imanol Pradalesek, interpelazio zuzenak egin zizkioten CAFeko zuzendaritzari Israelekin dituen harremanak birplanteatzeko. Zuzendaritzak erantzun zuen esanez inplikazioak aurretik aztertu zituela, baina ez zuela giza eskubideen urraketarik identifikatu, ezta inpaktu kaltegarririk gauzatu ere.

Langileek beren desadostasuna erakutsi zuten zuzendaritzaren adierazpenarekin eta geldialdiak egin zituzten “Langileok beti Palestinarekin” lelopean.

Nafarroan, bestalde, Dorre Elortzibarko MTorres lantegiaren aurrean mobilizazioa egin zuen BDZ mugimenduak urrian, enpresa horrek Israelek palestinarren aurkako sarraskian erabiltzen dituen F35 ehiza hegazkinen hornikuntzan duen zeregina salatzeko. Eta Bilbon, Kakitzat koordinakundeak protesta ekintza egin zuen enpresa foro baten aurrean, SAPA konpainiak Israelgo Armadarekin dituen kontratuak salatzeko eta, oro har, euskal enpresek industria militarrean duten parte hartzea salatzeko.

Sidenor ere polemikaren erdian izan da aurten, Madrilgo Auzitegi Nazionalak Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentearen aurkako ikerketa abiatu duelako, Israel Military Industries konpainiari altzairua saltzeagatik. Sidenorrek altzairuaren salmenta mugatu gabe zegoenean saldu ziola argudiatu zuen.

KULTURA

Kultura arloan, Saioa Alkaizak uko egin zion Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkarrek sustatzen duten Igartza literatura sorkuntzarako bekari, hain zuzen, CAFek Israelekin dituen loturak tarteko.

Era berean, Palestinari babesa adierazteko, greba eguna deitu zuen urrian Ikasle Abertzaleak taldeak Euskal Herrian eta mobilizazioak izan ziren hainbat herri eta hiritan.

Eta abenduan, 52 euskal artistak beren lanak eskaini zituzten Palestinari elkartasuna adierazteko. Bilboko Ametzola auzoko Arruarte espazioan jarri ziren salgai, irabaziak Unrwa erakundeari emateko.

OSASUNGINTZA

Protesta ekintzak ez ezik, palestinar herritarrekiko elkartasun zuzena gauzatzeko aukera ere izan da aurten, osasun laguntza eskainiz. Horrela, uztailean Bilbo, Donostia eta Iruñeko erietxeetan 7 haur hartu zituzten euren zauriak eta gaixotasunak sendatzeko.

Eta urrian, beste bost ume artatu zituzten Osakidetzako erietxeetan. Bost hilabete eta bederatzi urte bitarteko adingabeak ziren eta era askotako patologiak zituzten: traumatismoak, sortzetiko kardiopatiak, arazo gastrointestinalak eta gaixotasun hematologikoak, besteak beste. Hala ere, bost pazienteak egoera kliniko egonkorrean zeudela adierazi zuten mediku arduradunek.

Azken urte eta erdian egindako antzeko bosgarren operatiboa izan zen.