Pentsioak eta soldatak duintzeko milaka sinadurari jaramonik ez
Pentsiodunek legegintzako herri ekimen bat abiatu zuten aurten pentsio minimoak soldata minimoekin parekatzeko, baina euren eskaerak ez dira kontuan hartu. Era berean, gehiengo sindikalak bide beretik jo zuen gutxieneko soldataren igoera eskatzeko, eta eztabaida hori ere baztertu egin dute.

Pentsio minimoen eta lanbide arteko gutxieneko soldataren igoerak eskatzeko legegintzako herri ekimen bana abiatu ziren aurten, eta 145.142 sinadura lortu zituzten baterako eta 138.495, besterako, Euskal Herriko pentsiodunen kolektiboak eta gehiengo sindikalak sustatuta.
Xedea, alde batetik pentsio minimoak gutxieneko soldataren pareko izatera heltzea zen, eta, bestetik, soldata minimo hori Euskal Herrian 1.500 eurora iristea. Lortutako sinadurak kontuan izan gabe, pentsiodunen proposamena zuzenean baztertu zuten EAJk eta PSEk irailean, hobekuntza hori «eutsiezina» eta «alferrikakoa» dela argudiatuz.
Pentsiodunek «adarjotze» bezala kalifikatu zuten erabakia; izan ere, Legebiltzarreko mahaiak, EAJren eta PSEren gehiengoarekin, onartu egin zuen legegintzako herri ekimena abian jartzea, eta urtebeteko lana egin ostean, atzera bota zieten Legebiltzarrak eskumenik ez duela esanez.
Gutxieneko soldata propioa eskatzeko, bestalde, gehiengo sindikalak ere sinadura bilketa hasi zuen, baina gai horri buruzko eztabaida ere errotik moztu zuten EAJk, PSEk, PPk eta Voxek Gasteizko Parlamentuan. EH Bilduk soilik egin zuen herri ekimenaren alde, eta gogoratu zuen soldata minimo propioa izatea aldez aurretik -2019an- jorratutako gaia zela, eta horren aldeko mozio bat ere onartu zela, baina dena geldirik zegoela. Hori dela eta, gizarte zibilari berriro gaia mahai gainean jarri izana eskertu zioten. Hala, EH Bilduk salatu zuen, soldata igoerarekin ados egon edo ez, horren inguruan eztabaidatzeari ateak zuzenean ixtea.
Milaka pertsonaren nahi horren inguruan eztabaida zabaltzera prest ez badaude, gizartea berriro aktiba daiteke. Izan ere, «legegintzako herri ekimenak gizarteak politika publikoetan eragiteko tresnak dira, eta horien inguruan eztabaidatzeari uko egitea erabaki larri antidemokratikoa da», esan zuten sindikatuek.
Hala ere, ez dira besoak gurutzatuta geratuko eta 2026ko martxoren 17rako greba orokorra deitu dute gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzeko eztabaida sustatzeko asmoz.
NAFARROAN ERE BAI
EAEn gaia, momentuz, eten egin dela ikusirik, Nafarroan ere aldarri berari eutsi zioten azaro amaieran, soldata minimo propio bat eskatzeko. ELA, LAB, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Nafarroako Parlamentuan herrialdean jasotako sinadurak aurkeztu zituzten.
Nafarroako ibilbidea 2025eko hasieran hasi zen, eta horretarako UGT, CCOO eta CEN sindikatuei laguntza eskatu zieten, baina ez ziren bilerara agertu, euren posizioa argi utziz, lanbide arteko akordio batek kolektiborik zaurgarrienak babestuko lituzkeen arren. Maria Chivite lehendakariak ere uko egin zion ekimen hori sustatzen ari diren sindikatuekin biltzeari.
Hala, bigarren bide bati heldu zioten, alegia: Langileen Estatutua eraldatzen saiatzea. Eta horretarako LHE bat abiatu zuten, EAEn bezalaxe. Hiru hilabetean 18.316 sinadura bildu zituzten, eta beharrezko kopurua hirukoiztu.
Horiek Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zituzten, hura osatzen duten talde politiko guztiekin -Voxekin izan ezik- bilerak izateko itxaropenez, eta horrela eztabaida politiko eta soziala piztu ahal izateko. Gizartea mobilizatzeko ere, giza kate bat egin zuten abenduan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
