MAITANE ALDANONDO
DONOSTIA

Pepe Mujica, «pixka bat euskalduna» zelako justizia sozialen alde borrokatu zen liderra

Latinoamerikako lider entzun, errespetatu eta ezagunenetako bat, Pepe Mujica, maiatzaren 13an hil zen. Uruguaiko presidente ohiak harreman berezia izan zuen Euskal Herriarekin, bere arbasoen lurra zenarekin.

Pepe Mujica, orain dela hamar urte Gipuzkoara egin zuen bidaian.
Pepe Mujica, orain dela hamar urte Gipuzkoara egin zuen bidaian. (Jon URBE | FOKU)

Urtarrilean ezagutarazi zuen Uruguaiko presidente ohiak urtebete lehenago atzeman zioten esofagoko minbizia zabaldua zela eta ez zuela haren aurkako tratamendu gehiago egingo. «Hiltzen ari naiz eta gudariak atsedenerako eskubidea du». Zainketa aringarrietan azken egunak igaro ondoren, maiatzaren 13an hil zen, 89 urte zituela.

Jose Mujica Cordano 1935eko maiatzaren 20an jaio zen, Montevideo mendebaldeko landagunean. Zortzi urte zituela aita hil zitzaionetik amarekin batera loreak landatu zituen hiriburuko azokan saltzeko, eta horrela egiten jarraitu zuen presidentea ere bazela. Gerrillari tupamaroa izan zen eta diktadura militarraren garaian, hamahiru urtez egon zen kartzelan, 1972tik 1985era, tortura, isolamendua eta muturreko egoerak jasaten.

Demokraziaren itzulerarekin libre gelditu zen eta gerora Movimiento de Participación Popular sortu zuen Frente Amplioren barruan. 1995ean diputatu eta 2000n senatari izan ondoren, 2009an hauteskundeak irabazi eta presidente izan zen 2010etik 2015era bitartean. Bere izaerak, bizimoduak eta hizkerak ezaugarritutako bosturtekoa izan zen eta horrek guztiak Latinoamerikako ezkerreko politikaren ikono bilakatu zuen.

Askotan «munduko presidente pobreena» gisan aipatua, 550.000 dolarreko dohaintza egin zien kausa sozialei, horietatik 400.000 dolar etxebizitza sozialetara bideratu zuen, eta gainerakoa, Frente Ampliori eman zion. Borrokalari nekaezina, hori bere bizitzaren bereizgarri izan zen. «Eror zaitezke behin, bitan, hirutan, hogei aldiz, baina gogoratu altxa zaitezkeela eta berriro hasi. (...) garaituak dira borroka egiteari uzten diotenak; hildakoak, bizitzeko borrokatzen ez direnak».

SUSTRAIEZ HARRO

Arrastoa utzi zuen egondako leku guztietan eta bere heriotzak erreakzio soka luzea ekarri zuen; baita Euskal Herrian ere, bere arbasoen lurra zenarekin harreman berezia izan baitzuen. 2013an, artean Uruguaiko presidente zela etorri zen lehen aldiz.

Bisita hura baliatu zuen Bizkaiko Muxika herria ezagutzeko, ustez, bere aurrekoen herria zena. Bere sustraietara bueltatzeak hunkitu egin zuen Mujica, haietaz harro, beti baieztatu baitzuen justizia sozialen aldeko bere borrokan garrantzia izan zuela «pixka bat euskalduna» izateak, bizitzak ekarritako ezbeharrei aurre egiteko.

Lehen egonaldi horren ondoren, ordea, Eusko Ikaskuntzako kide eta Pedagogian doktore Mikel Prietok, berak gauzatutako ikerketa batekin, argitu zion bere familiaren jatorria Beasainen zegoela: Francisco Mujica Yeregui handik joan zen Uruguaira 1842an.

Hortaz, 2015ean bete zuen ametsa Mujicak, Lucia Topolanskyrekin batera bere birraitonaren sorterria bertatik bertara ikusita. Bere heriotzaren ondoren, Beasaingo seme kutun izendatu zuten eta kale bati bere izena ematea onartu.

Pepe Mujica joan da, baina betiko utzi ditu bere pentsamenduaren irakaspenak, emandako hitzaldi ezagunetan eta esandako esaldietan. Horietako askorekin gogoratu zuten bere heriotzan.



2025ak Euskal Herrian UTZITAKO hutsuneak

Urtero bada idatzi nahi izaten ez den zerrenda bat, agur esan duten aurpegi ezagunak osatzen doazena; absentzia berriak presente eginez. Euskal nazioaren auziaren alde borrokan aritu den belaunaldi bat itzaltzen ari da eta hainbat arlotako izenak gehitu dira aurten, denei aipamena egiterik ez bada ere.

Lehen zuloa Loren Arkotxak eragin zuen apirilaren 7an. Ondarroarra 80 urte bete berri hil zen, Euskal Herriaren alde lan eskerga eginda. 17 urterekin basogintzan jardutera joan zen Australiara, eta ondoren, Kanadara. Handik bueltan, hiru legegintzalditan jaioterriko ezker abertzaleko alkatea izan zen, baita Udalbiltzako lehen presidentea ere. Horrexegatik errepresaliatua izan zen, baina errugabe atera zen gainerako hemeretzi auzipetuekin batera.

Biharamunean, bigarren galera: Kepa Anabitarte antifrankista. 1934an Trintxerpen sortua, gertutik ezagutu zituen langileen borrokak eta zapalkuntzak. Zaragozan ikasteko egindako egonaldiak piztu zion abertzaletasuna, eta frankismoaren kontra eta Euskal Herriaren alde borrokatu zen, hamaika arlotan. GARA egunkaria argitaratzen duen EKHEko presidentea ere izan zen.

Apirilaren 25ean Gloria Rekarte joan zen. 1958an Tafallan jaioa, konpromiso historia luzea atzean utzita hil zen. 1981ean atxilotu zuten ETAko kide izateagatik eta 19 urtez Espainiako kartzeletan izan zen. Irtetean, Etxeraten militatu zuen eta EPPK ordezkatu zuen Gernikako akordioan. GARAn kolaboratu zuen 20 urte luzez.

Fermin Leizaola Euskal Herriko ondarearen zaintzaile nekaezina ekainaren 17an hil zen, 81 urterekin. Donostiarrak etnografia izan zuen ogibide eta pasio. Aranzadi Zientzia elkartean hamarkadetan aritua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroari 4.000 bat objektu eman zizkion.

Euskal pentsalari eta kulturgile handia izan zen Joxe Azurmendi uztailaren 2an zendu zen. 1941ean Zegamako familia «langile eta pobre» batean sortua, herrigintzarekin eta euskal nazioarekin konprometitua zegoen, bizialdian eta obra oparoan erakutsi zuen bezala. Saiakeragile, irakasle eta poeta, 40 liburutik gorako obran mundua pentsatu zuen, Euskal Herritik eta euskaraz.

Abuztuaren hondarrean, 29an, Arantza Arruti borrokalari historikoak betiko atsedena hartu zuen. Zarauztarrak 79 urte zituen. ETAn sartu zen 19 urterekin; lehen emakumeetakoa izan zen. Hainbatetan atxilotu eta torturatu zuten. 1970ean Burgosen epaitu eta absolbitu zuten. Militante feminista beti, ezker abertzaleko zerrenda ezberdinetan hautagai izan zen.

Jone Forcada euskaltzale eta militante nekaezina urriaren 17an hil zen, eutanasia aktiboaren bidetik. Errenterian, familia donostiar baten altzoan jaio zen 1933an. Euskalduna, konprometitua, sei hamarkada luzez Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”-ren bikotekidea izan zen. Familia erbestean egon zen urte luzez, 1977an Antiguara bueltatzea izan zuen arte.

Urte amaieratik gertu azken hutsune bat sortu da; abenduaren 14an, Jose Manuel Pagoaga, militante ezagunaren agurrak eragina. Arrasatearra euskararekin abertzaletu eta 18 urterekin sartu zen ETAn. Erakundearen ibilbidean aztarna handia utzi zuen, eta zenbait gertakari mugarriren lekuko izan zen. Estatu-estoldek larri zauritu zuten 1979an, eta ikusmen gehiena galdu zuen; baina ez zuen biktima izaeraren onarpen ofizialik jaso. 81 urterekin hil zen, 1968an utzitako sortetxera itzuli gabe. M.A.