Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Urte beroa, berriro ere

Urtea amaitzeko oso gutxi geratzen den honetan, bada urtearen inguruko balantze labur bat egiteko garaia. Orokorrean urte beroa izan da. Udaberri amaieran eta uda hasieran hilabeteren bat batez besteko tenperaturetatik behera edo antzeko geratu bazen ere, gainontzeko guztiak goitik geratu dira, baita abendua ere, nahiz eta azken egunetan hotz egin duen. Prezipitazioari dagokionez, normala izan dela dirudi. Neguan ez zuen behar beste euri egin, baina udaberriak eta uda amaierak eta, azkenik, udazkenaren amaierak euri aldetik balio normalak edukitzera eraman dute gure lurraldea. Zinez garrantzitsua da gure urtegi, ibai eta akuiferoak beteta edukitzea, etorkizunean gerta daitezkeen lehorteei behar bezala aurre egiteko.

Urtaroak nahiko arraro ibili dira orokorrean. Negua ez zen negu izan. Tenperatura altuak, hego haize asko eta prezipitazio gutxi. Udaberriak bere aurpegi ezagunena erakutsi zuen. Aldakorra izan zen eta ekaitz askokoa, bereziki amaieran. Udazkena ere xelebre joan da, ohi baino hego haize gehiagorekin, baina baita elur egun batekin ere.

Ikusteko dago hasi berri dugun negua nola joango den. Momentuz balio hotzetara pasa gara eta badirudi hala iraungo duela luzaro. Albiste ona da hori. Garaian garaikoa. Ea halaxe eusten dion.