Amaia EREÑAGA

Oz-eko ortzadar magikoa, Bilbon

Dorothyk (Micaela Roman) Euskalduna jauregian hartu du baldosa horiko bidea, Bilbon kokatu baita Oz-eko lurraldea gabonetan.

Atzo iluntzeko estreinaldian egin zen «photocall»-a.
Atzo iluntzeko estreinaldian egin zen «photocall»-a. (Monika DEL VALLE | FOKU)

1939ko “The Wizard of Oz” kultuzko filmean oinarritu ziren 2011. urtean Andrew Lloyd Webber eta Tim Rice, antzokietarako egin zuten musikala osatzeko. Ordutik mundu osoko antzokietan antzeztu da, berau ere ikoniko bihurtu arte. Atzo iluntzean estreinatu zen urtarrilaren 6ra arte Bilboko Euskalduna Jauregian ikusgai egongo den bertsio berri bat, Euskaldunak berak eta Letsgo ekoiztetxe eta sustatzaileak ekoitzia. Berezia da oso: “El Mago de Oz” musikal honen antzezle zerrendaren gehiengoa bertakoa baita, uztailean bost egunez egin zen casting handi batetik -500 lagun aurkeztu ziren- atera zena. Baina ortzadarrarekin amesten jarraitu beharko dute haur euskaldunek, gaztelaniaz baino ez baita eskaintzen. Micaela Roman santurtziarra da Dorothy, haize zurrunbilo batek etxetik eramango duen neskatoa. Bere abenturan latazko gizon baten (Markel Urrestarazu), lehoi baten (Yeray Vazquez) eta txorimalo baten (Xanti Korkostegi) laguntza izango du, baita iparraldeko sorginarena (Itxaso Quintana) ere. Eta elkarrekin Esmeralda hirira joango dira baldosa horiko bidea hartuta, Oz-eko aztiari (Jose Linaje) beraien desioak eskatzera.