Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gure esku! Gure neurrian!

Urte amaieran, amaierakoak! Urtekariak, urteak utzi-eramandakoen laburpena... eta diskurtsoak, tartean, gure latitudez behera den Estatu horren Gorteko pertsonaia horrena! Ni landaguneko auzo batean bizi naiz eta urte amaierako egun horretan berbaldi zer hori entzuten saiatu naiz nonoiz. Aurten, kasuko! Bada, bai zera, kimera! Urrutiko aginteari agindua eman kanalera joateko, eta, hara!, iragarkiak ondo ikusi bai, baina diskurtsoa hastear dela, derrepentean, arraiaz betetzen zait pantaila, mututzeaz batera, eta, handik denbora batera, berriro! Marrazki bizidunak pantailan eta berbaldiaren arrastorik ez! Nire inguruko erliebean klima aldaketak duen efektua, antza!

Hurrengo urtean izan beharko! Total, zaharra joan eta berria etorri, urteak! Eta ordu bakar batean aldaketa! Kolpea gero ez da langile botereak eraginda! Zer berri ekarriko berriak? Ala zaharra berritua ekarriko, agindu forman? Urte berria zahartzen doan neurrian jakingo. Europa izango ote da horren amaieran? Gaurko plaka tektonikoa Eurasia bada ere, litekeena da, lurrikaraz lurrikara, erabakiz erabaki, menpez menpe eta natoz otan, plaka bitan banatzea eta Europa alde batetik, noragabeko jitoan, eta Asia bestetik, noratuan, joatea. Kontinente zaharrari alzheimer geoestrategikoa dario. Arinago ari zaio sena agortzen eskura izan zitzakeen baliabideak baino... Eta, bitartean, burtsa ala hil! Burtsen aurrean kantari ari dira gabonzaleak: hau urre prezio handia! Tralaralala traralala...

Palestina daukat buruan, hondar-kosta eta hondar-mendia, zelakoak izango aurtengo ospakizunak... Ama, ama! Asmatu beharko dugu hobeto bideak aukeratu eta ibiltzen, sigi-sagan seguruenik, datorren urtea gauza askotan benetan berri izateko, Pizkundea egin dezagun, presoak kalean, bizitzeko moduko kaleetan... Gure esku! Gure neurrian!