IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA
Entrevista
ANTTON ARAnburu eta beñat urteaga
Mihise taldeko musikariak

«Ez dugu klaketa baten gainean jo nahi, askatasun hori nahi dugu»

Bost urte behar izan ditu Mihise talde usurbildarrak “Kronik@” diskoa kaleratu ostean bigarren lan luzea plazaratzeko: “Ahaldatu”. Bizitzak aldatu ditu, bost urtek askorako ematen dutelako, eta musikan ere aldaketa batzuk badakartza Mihisek. Mikel Olasagastirekin batera, gurekin izan diren Antton Aranburuk eta Beñat Urteagak osatzen dute taldea.

(Ibai ARRIETA)

Kaixo bikote, zer moduz?
BEÑAT URTEAGA:

Ondo, pozik hemen izateaz.

Diskoaren irteera nolakoa izan da?
ANTTON ARANBURU:

Oraingoz, oso ona. Lagun artean eta zabaldu genuenean erantzun oso ona jaso genuen. Oraindik ere ibilbide askorik ez du egin, baina eman ditugun aurkezpen kontzertuekin kontentu gaude, primeran oraingoz.

Urria hasieran atera zen diskoa da «Ahaldatu». Lehen konpasetatik jostalari zatozte eta lehendabiziko erritmoan jendea izutu ere egingo zenuten, reggaeton itxura baitu.
BEÑAT URTEAGA:

[Barrez] Gustatzen zaigu ebidenteegiak ez diren gauzak egitea guri ere, sorpresatxoak ematea, bakoitza beste toki batean kokatzera behartuz-edo.

Lan berria eta soinu berriak ere bai, nahiz eta teklatuak eta halakoak aurretik ere agertzen ziren zuen musikan.
B.U.:

Lehendabiziko kantuaren hasierari helduz berriro, pelikula bat ikusten ari nintzen eta soinu bandak atentzioa eman zidan. Sofan nintzela erritmo berezi hau sentitu nuen eta lokalera eraman nuen. Inprobisatuz sortzen ditugu kantuak eta hor hasi ginen eraikitzen gure jatorrizko instrumentuekin, baxua, gitarra eta bateriarekin.

A.A.:

Esan daiteke nolabait ere kantuak hasiera bat duela eta atzetik Mihise datorrela. Nahiz eta bestea ere Mihise den, kontuz! Eta hori polita da, zerbait berria eta desberdina eskaini eta taldearen esentzia uztartzearena.

Ahotsetan halako goxotasun bat ere sumatu dizuet, Bon Iver edota Parcels bezalako erreferentziak ekarriz burura.
B.U.:

Guk Radiohead aipatu izan dugu, baina bai, diozunetik ere badu, eta izan zitezkeen lasai asko.

Ahotsena bada aldaketaren adierazleetako bat?
B.U.:

Nik uste dut baietz. Aurreko diskoan aurrerapausoa musika ia instrumentala egitetik abestera pasatzea izan zen bezala, disko honetan ni akaso abeslariago aritu naiz; ahotsen melodiak ohikoagoak-edo, abeslari batek egingo lituzkeenak, dira gehiago .

A.A.:

Nik uste ausartu egin garela. Lehen diskoan ahotsak sartu genituen, baina gutxi, eta, oraingoan, berriz, melodiak daude, beste lanketa bat izan dute, eta atrebitzea ere izan dela esango nuke.

B.U.:

Azkenean aurreko diskoarekin urte batzuetan kontzertuak eman ditugu eta norbera ere kantariago sentitzen da, ezta? Gaitasuna edo konfiantza edo… sentitzeko beste modu bat da, ezta?

Horregatik izango da «ahaldatu», ezta? Aldatu, ahaldundu… Baina nola dator, modu instrospektiboan edota kanpora zabaltzeko mezu moduan?
B.U.:

Bost urte pasa dira aurreko diskoa atera genuenetik eta, noski, gure bizitzetan ere gauza asko pasa dira bost urte hauetan. Gurasotasunak egon dira Olasaren aldetik [Mikel Olasagasti, bateria-jotzailea], bikote harremanak, lan aldaketak, ikasketak… Azkenean, horrekin bai esan dezakegula aldaketa bizitza honetan zerbait konstantea dela. Gainera, gure aitak esaldi hori asko erabiltzen zuen, eta, disko kontzeptual bat egitekotan, eta horren ideia bageneukan bueltaka, hari horri tiraka hasiko ginela argi geneukan.

A.A.:

Azkenean da bost urte hauetan izandako bizipen horien isla diskoan jasotzea.

Lehen abesti energiko horren ostean interludio moduko bat dator, ezta? «Bazabiltza (Pintzeladak I)».
A.A.:

Bai, aurreko kantuan intentsitate altu horretatik gatoz. Lasaitzeko momentu bat da, arnasa hartu eta hurrengo abestian berriz ere zaplaztekoa emateko prest.

B.U.:

Nik hau beti ikusi dut zelai zabal baten moduan, edota bailara erraldoi batean bazina bezala, pixkanaka aurrera joango bazina bezala. Anttonek lehen sintetizadore akordeak jo zituenetik sentitu dut horrela. Baxuak egiten du akaso ibiltzearen prozesu hori, eta izenburua hortik ere badator.

A.A.:

Eta hemen ere guretzat berria den beste egoera bat dago: betiko erritmoetatik eta aldenduz, pasadizo lasai berri batera goaz.

Zaplaztekoa esan duzuen moduan segidan etortzen da, eta berezia iruditu zait. Izan ere, izpirituz pixka bat pop-punk edota hardcore melodikoa deitzen den horretan kokatzen dut «Dena eman» abestia.
A.A.:

Bada bai, izan daiteke. Hasiera batean, Usurbilgo Kulturguneak antolatu zuen azoka eder baterako, hango moda desfilerako, sortu genuen kantua. Oinarri bat hartu eta sintetizadoreekin jolasean ibili ginen Beñat eta biok. Bada, horko sorkuntza-jolas horretatik, ideia hau etorri zen; gero Olasak erritmoa sartu zion eta beste pelikula guztiz desberdin bat izaten bukatu du kantuak. Kantuak bere freskotasun hori badu eta kontzienteki hartu genuen erabakia izan zen kolpetik abesten sartzearena. Gure tendentzia instrumentalera jotzea izan da, intro batetik abiatu eta halako kontuak, eta, masaileko horren isla bezala, lehen segundotik indartsu eta energiaz beteta abesten hasten gara. Ederra kantua!

B.U.:

Bai, azkenean gure-gurea ez den toki batetik sortu da kantua eta gero egia da, era berean, biltzen dituela disko honen gauza asko. Akaso laburpen bezala ere ona dela.

Sintetizadoreetan zer-nolako gailuak erabili dituzue? Estilo desberdinetakoak entzun ahal izan ditugu lehen konpasetatik eta, gainera, Alejo Orbegozo «Ke Lepo» ere inguruan izan duzue, ezta?
A.A.:

Aldaketa handi bat egon da hor lehendabiziko diskotik hona. Jolas moduan ekarri genituen lokalera sintetizadore txiki batzuk eta jolas izatetik diskoan tokia hartzera pasa ziren. Baina, oraingoan, alderantziz izan da, sorkuntza prozesuaren hasieratik egon dira sintetizadoreak eta haiekin ere sortu dugu. Sintetizadore motari dagokionez, Beñatek Moog Subsquent 37 mitikoa du, halako baxu potolo, sendo eta nahi denean zorrotzak eskaintzen dituena. Nik, Sequential etxeko Take 5 sintetizadorea ekarri dut, halako polifoniak sortzeko gaitasuna duena, lead estiloko soinuak dituena, baina baita pad moduan jotzeko goxo-goxo batzuk ere.

Bakoitzak, hortaz, bere instrumentu nagusiaren pareko sintetizadorea duela esan dezakegu.

B.U.:

Bai, bakoitzak bere jatorrizko instrumentua ordezkatzen du sintetizadoretik. Nik baxuak eta berak melodikoagoak.

A.A.:

Eta, aipatzekoa da baita ere, diskoaren grabaketan, Alejori laguntza eskatu geniola eta salbazio bat izan zela. Esan duzun moduan, bere armategi guztia ekarri zuen eta bere materialaz gainera, bere ikuspegia ere gehitu zion diskoari, eta asko nabaritzen da. Aupa Alejo, eskerrik asko!

Hau orain zuzenekoetara eraman behar duzue. Nola egingo duzue bi instrumentuak defendatu ahal izateko?

A.A.:

Bada, hor dago erronka handienetako bat diskotik zuzenera pasatzeko garaian. Hiru gara eta bi esku bai, baina lau ez ditugu. Diskoan aldaketa horiek guztiak egiten ditugu, baina zuzenean abesti batzuetan sintetizadoreak xumeago entzungo dira, ez duelako halako geruza festarik izango. Baina Olasak pad bat eramango du eta pad horretatik soinuren bat edo beste jaurtiko du, eta hor sortuko da halako atmosfera kargatu bat. Baina argi utzi nahi dugu pad-ean grabatuta sartu dugun hori, kontzienteki hautatutako soinuak direla, ez dugulako nahi klaketa baten gainean jo eta askatasun hori sentitu nahi dugulako. Hortaz, bai, egongo da grabatutako soinurik, baina ez diskoko zehaztasunarekin eta diskoko soinuarekin.

B.U.:

Mikeli tokatuko zaio entzuten duen horri jarraitzea, baina kantuak sortzerakoan zuzenean defendatzeko ideiarekin sortzen ditugu. Lokalean joz sortzen ditugu abestiak eta diskoan zatiren batean elementu asko dauden arren, kenduko duguna da sinteren baten bigarren ahotsen bat eta halako kontuak.

Edizio fisikoa, beste artelan bat. Nork egin du?

B.U.:

Gaur hemen falta denak, Olasagasti jaunak, Mikelek. Bada, taldeak Mihise izena duenez, lehen diskoarekin mihise baten gainean koadro bat egin genuen, eta, bigarren honetan, bada, beste hainbeste. Formatua oso antzekoa da, baina guri gauzak lotzea gustatzen zaigun horretan, berezitasun bat badu, bi azalak lotuta daudela. Aurreko diskoa zuri-beltzean zen eta hiru tanta beltz ageri ziren gu hirurok ordezkatuz. Bada, disko hau gainean jarriz gero, sustrai haietatik hiru kolore funtsezkoetan eztanda egiten du denak. Hortik sortzen dira kolore nahasketa guztiak.

Kontzertuak abian, ezta?

A.A.:

Urte bukaerakoak eginda, urtarrilaren 9an Tolosako Bonberenean izango gara.