Ikusgarritasunaren azpian, hutsaltasuna

Cameronek 2009an sortu zuenetik ez dut inongo unetan “Avatar” unibertsoarekin konektatu. Hala ere, zuzendariak film berri bat estreinatzen duen bakoitzean, aurreiritzien motxila erantzi eta ahalegin zintzo bat egiten dut. “Avatar: Fire and Ash” lanak, ordea, ez nau ez Pandorarekin ez bertako izaki urdinekin adiskidetu; kontrara, betidanik gorabeheratsua iruditu zaidan guztia areagotu du. Zinema transzendentalez mozorrotua dagoen saga (teknikoki) ikusgarria da, baina baita errepikakorra eta, tarteka, aspergarria ere.
Pelikulak “Avatar” sagaren egiturazko akatsik handiena du oinarri berriro: emozioa eta benetan boteretsua izan litekeen istorio bat ordezkatzeko ahaleginean eraikitako ikusgarritasun tekniko ikaragarria. Cameronek, beste behin, teknologia gutxik bezala menperatzen duela erakusten du, baina, ikuskizunak, filmaren gabezia narratibo eta emozionalak estali nahi dituen kezko hesi baten antzera funtzionatzen du.
Pertsonaiek arketipo zurrunetan harrapatuta jarraitzen dute, eta hain temati azpimarratzen diren dilema moralek ia ez dute tarterik uzten ikuslearen interpretaziorako. Gainera, lotsarik gabe, Cameronek gaiak eta egoerak berriro errepikatzen ditu, berrikuntzaren itxurapean betiko formula berari helduz.
Mezu ekologikoarekin eta naturaren aldeko aldarriarekin guztiz bat egiten dut, eta gai horien presentzia eskertzekoa da, baina tarteka agertzen den kutsu erlijioso new age horrek arbuioa eragiten du, ia jasanezin bihurtu arte. Gai horiek hausnarketarako gonbita izan beharrean, ume txikiei zuzenduta bezala jaurtitzen dira, publikoa inozoa balitz bezala.
“Avatar” sagaren jarraitzailea bazara, filmak behar duzun guztia eskainiko dizu. Bestela, presta zaitez hiru orduz baino gehiagoz aharrausika egoteko.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
