Athleticek San Mamesen agurtu du urtea, 30.000 lagunen babespean
San Mamesek ateak ireki ditu urteko azken entrenamendurako. Aukera aparta izan da etxeko txikientzat, eta harmailak bete dituzte. Yuri Berchiche, Laporte eta Sannadi ez dira azaldu, min hartuta. Eder Garcia eta Monreal izan dira berritasunak.

Indarrak hartzeko bidean, zaleen berotasuna sentitu zuten atzo lehoiek. Izan ere, asteburuko partidaren usaina hartu zuen Euskalduna Zubiak. Jende andana abiatu zen San Mameserako bidean goizeko 10.00etan, umeak nagusiki. Etxeko txikientzat aukera paregabea izan zen atzoko hitzordua, askorentzat Katedrala bisitatzeko aurrenekoz eta beste askorentzat euren idoloak ezagutzeko gertutik.
Ildo berean, nerabe ugari ere gerturatu ziren entrenamendua ikustera, eskolako opor egunak baliatuz. Horren adibide izan zen Alain Navarroren eta bere kuadrillako lagunen kasua. Barakaldoko gazteak esan zuenez, denbora dezente pasa zen jada San Mamesera joan zirenetik kuadrilla osoa batera. Txapeldunen Ligara itzultzea eta Atletico Madrilen aurkako partida izan dira haientzat 2025eko oroitzapen goxoenak. Bestetik, 2026 urterako desio bati buruz galdetzerakoan, beste garaikur bat nahi dutela aitortu zuten, eta urtarrilean jokatuko den Superkopa aipatu zuten.
IAZ BAINO JENDE GEHIAGO
Turistak ere ikusi ziren ilaretan. Egia esan, atzo San Mames barrutik ezagutzea Alde Zaharreko pintxo bat baino merkeago atera zitzaien bisitariei. Esate baterako, Gadea Uriel, bilbotarra izatez, Japonian bizi da Kei Teshima bere bikotekidearekin. Gabonetan etorri ohi dira familiarekin egoteko, eta bere lehengusinak komentatu zion Athleticek San Mameseko ateak irekiko zituela. Hartara, ez zuten atzoko aukera galdu, eta Teshima harrituta geratu zen giroarekin. Haren lehen aldia zen San Mamesen eta Ligako partida bat zirudiela komentatu zuen ingelesez.
Zelaira sartu ziren guzti-guztiek gauza bera zeukaten komunean: ilusioa. Atzokoan, 30.050 lagun bildu ziren klubak irekitako ipar harmailan, hego harmailan eta ekialdeko harmailan. 2024an, berriz, 27.522 athleticzale bildu ziren.
Hiru jokalari garrantzitsu ez ziren azaldu entrenamenduan: Yuri, Laporte eta Sannadi, denak min hartuta. Bestalde, bi lehoikume Valverderen gidaritzapean ibili ziren: Eder Garcia eta Monreal.
Gehienbat, Nico Williamsen izena oihukatu zuten etxeko txikiek. Zelaiaren beste aldean, Simon eta Padilla aritu ziren entrenatzen, oraindik argitu barik nork jokatuko duen Superkopa.
Saioaren amaieran sortu zen zoramena harmailetan, jokalariek opariak banatu zizkietenean umeei.
Euria ez da oztopo izan Alaves ikusteko
Lehen Mailako beste euskal taldeek bezala, Alavesek ere indarrak bildu zituen atzo Ibaian, ate irekiko entrenamendu berezi batean. Gasteiztarrek Oviedoren aurka jokatuko dute igandean Mendizorrotzan, partida erabakigarria izango da Coudeten taldearentzat, beheko postuetatik urruntzeko.
Guztira, 900 jarraitzaile gerturatu ziren, euria egin arren. Zaletuek, banderak eta bufandak jantzita, jokalariak babestu zituzten, eta Eduardo Coudetek zuzendutako saioari kolorea eman zioten.
Batez ere, baloia izan zen nagusi entrenamenduan egin ziren ariketen artean. Gainera, albiste pozgarria jaso zuten zaletuek, baita taldekideek ere: Mariano eta Moussa Diarra berdegunean entrenatu ziren, taldekideekin batera. Aitzitik, Nikola Maras, min hartuta, ez zen azaldu Ibaiako instalazioetan. Bestalde, Lucas Boyek entrenamenduaren zati bat soilik egin zuen taldearekin batera. Haien hutsunea harrobiko jokalariek bete zuten: Xanet Olaiz, Gregoire Swiderski, Izei Hernandez, Aitor Mañas eta Carlos Ballestero. GARA
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
