GARA
GASTEIZ

Lakuak 928.000 eurotik gora bideratuko ditu mahastietara

Lakuako Gobernuak hartu berri duen neurriak 105 hektarea baino gehiago mahasti modernizatzea eta ardogintzako sektorearen «lehiakortasuna hobetzea» ditu helburu. 928.000 euro bideratuko ditu mahastiak «berregituratu eta birmoldatzeko».

Mahasti bat Zarautzen.
Mahasti bat Zarautzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Lakuako Gobernuak mahastiak «berregituratu eta birmoldatzeko» 928.000 euro baino gehiago bideratuko ditu, atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Helburua sektore horren «lehiakortasuna hobetzea da». Nekazaritza politika bateratuaren ardogintzako sektoreko esku hartzearen barruan kokatua, EBk finantzatzen du.

Gogoratu beharra dago azken mahats bilketa hasi baino lehen Arabako Errioxako mahastietatik «egiturazko konponbide bat» eskatu zietela erakundeei, udan mildiu delako onddoak landareetan izandako eraginaren ostean. Gainera, azken urteotan burokrazia arintzea aldarrikatu izan dute, baina ez da ildo horretan neurririk hartu.

Lakuak zehaztu zuenez, emandako guztizko zenbatekotik, 527.419 euro urte bateko eragiketetarako dira, eta 400.748 euro, bi urteko eragiketetarako. Azken horien barruan sartzen dira, besteak beste, birlandaketa, gaintxertaketa, mahastiaren gidatze sistemak instalatzea, lurra prestatzea eta jardunbide jasangarriagoak ezartzea.

Azpimarratu zutenez, erabilgarri zeuden funtsen bidez baldintzak betetzen zituzten eragiketa guztiak finantzatu ahal izan dira, aurrekontuaren nahikotasunik ezagatik lehentasun irizpideak aplikatu ondoren. Onartutako proiektuek familia ustiategiak zein tamaina handiagoko upategiak hartzen dituzte barnean.

Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak nabarmendu zuen, halaber, mahastien berregituraketak eta birmoldaketak ustiategiak merkatuaren eskaeretara egokitzea, ekoizpen eraginkortasuna hobetzea eta epe ertain eta luzean bideragarritasun ekonomikoa bermatzea ahalbidetzen dituztela, bereziki nekazaritza sektorea eraldatzen ari den testuinguru batean.

«Inbertsio hauek funtsezkoak dira gure mahastizainen lehiakortasuna indartzeko, ekoizpenen kalitatea hobetzeko eta klima aldaketara egokitutako mahasti jasangarriago baterantz urratsak egiteko», gaineratu zuen Barredo sailburuak atzo.