Familia, dolua eta konpondu gabeko gatazkak

Kate Winsletek zuzendari gisa bere lehen urratsa egin du “Goodbye June” filmarekin. Gabonetan girotutako drama familiar bat da eta Helen Mirrenek antzeztutako June dago istorioaren erdigunean. Gaixotasun baten itzalean, bere bizitzako azken egunak bizi behar ditu eta seme-alabak etxera itzuliko dira, azken uneak elkarrekin pasatzeko, maitasunaren eta oroimenaren azken txinpartak partekatzeko.
Kontakizunak modu sentikor eta sakonean erakusten du nola borrokatzen den familia bat maite duen pertsona baten galeraren aurrean, eta anai-arreben arteko gatazka ez konponduak eta ezinikusiak ere aztertzen ditu.
Pelikula sentiberatasun eta intimismo handiz mugitzen da. Kamera pertsonaiengandik hurbil dago eta, horri esker, emozioak eta interpretazioen ñabardurak dira ardatza. Ikuspegi horrek eszena gizatiarrak sortzen ditu.
Antzezpenak filmaren bihotza dira; aktoreen lana bikaina da. Filmak benetakotasun emozional handia transmititzen du, heriotzaren aurrean maitasuna, errua, ukazioa eta samurtasuna familia barneko dinamiketan nola bizitzen diren modu sinesgarrian erakutsiz.
Hala ere, zenbait momentutan pelikulak baliabide sentimental konbentzionalak erabiltzen ditu, eta agerian geratzen da zenbait eszena hunkitzeko diseinatuta daudela espresuki. Pertsonaia batzuk arketipikoak dira eta klixeen presentzia nabarmena da. Gidoiak indar emozional handiko uneak baditu ere, heriotza posiblearen aurrean bildutako familia disfuntzionalarekin lotutako klixeen menpe dago eta ez du ikuspegi narratibo berritzailerik eskaintzen. Halere, ahulgune horiek alde batera utzita, “Goodbye June” biziki film gomendagarria da: bere sentsibilitatearengatik, enpatia sortzeko duen gaitasunagatik eta aktoreen lan bikainagatik.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
