Maider IANTZI GOIENETXE
GATAZKA GIPUZKOAKO ANBULANTZIA MEDIKALIZATUETAN

Langileekin bildu gabe egingo dira publiko anbulantziak

Etzi, Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuak publikoak izatera pasatuko dira, Ambulancias Gipuzkoa enpresaren eskuetatik Osakidetzara. Ondasun materialak lotu dituzte baina, langileek salatu dutenez, ez da inor eurekin bildu. Bihar gaueko hamabietan kontratua bukatuko zaie eta ez dakite zer egingo duten.

Lehenengo irudian, Gipuzkoako anbulantzietako langileak, abenduaren 30ean Donostian emandako prentsaurrekoan. Bigarrenean, Rebeka Ubera Aranzeta, EH Bilduko legebiltzarkide eta bozeramaileordea.
Lehenengo irudian, Gipuzkoako anbulantzietako langileak, abenduaren 30ean Donostian emandako prentsaurrekoan. Bigarrenean, Rebeka Ubera Aranzeta, EH Bilduko legebiltzarkide eta bozeramaileordea. (Jagoba MANTEROLA -Raul BOGAJO | FOKU)

Urtarrilaren 7an Elgoibar eta Tolosako anbulantzia zerbitzua publikoa izango da erabat», iragarri zuen Lakuako Gobernuak iragan abenduaren 30ean Irekia.eus atarian: «Osakidetzak zerbitzu horri lotutako profesionalak subrogatuko ditu, eta profesional horiek zerbitzu publiko hori ematen jarraituko dute. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza Ambulancias Gipuzkoa enpresarekin eta bertako langileekin bildu dira gaur goizean, eta izango duten lan-formularen berri eman diete».

45 langile dira mediku, erizain eta teknikarien artean. Eta aho batez gezurtatu dute informazio hori. Salatu dutenez, Osakidetzako arduradunak ez dira eurekin bildu eta ez dute deus negoziatu ez plantillarekin, ez bere ordezkari legalekin. Halaber, azaldu dute Ambulancias Gipuzkoak pertsona gutxi batzuei soilik eskaini diela enpresan jarraitzeko aukera eta gainerako langileak «ezegonkortasun argian» utzi dituela. Jakin dutenez, zenbait langilek Emergentzietako gerente Eleder Riosek sinatutako posta elektroniko bat jaso dute. Bertan, interinitate kontratu bat eskaintzen zaie. Kritikatu dutenez, Rios baseetako batera joan zen eta bertakoei pankartak kentzeko eskatu zien, «jada subrogatuta zaudete» esanez. Baina, nabarmendu dutenez, baieztapen hori ez da legeak ezarritako bideetatik formalizatu eta komunikatu.

Gehiago ere bada: Zoraida Cabezas larrialdietako arduradun berria langileei deika ari da, eta Jurgi Laiseka Pertsonal Sailekoa, postaz idazten, gatazkan dauden bi baseetako guardiak betetzeko, aurretik langileen kontratu-egoera zein izango den argitu gabe. «Zer subrogazio klase da hau, langileek ez badakite beren lan egutegia mantendu eta beren lanpostura joan behar duten, eta plantillatik kanpoko jendea bere txandak betetzen ari dela ikusten badute, kontratuko segurtasun juridikoaren eta fede onaren printzipioak urratuz?», galdetu dute.

KONTZENTRAZIOAK

«Onartezina» deritzote Lakuako Gobernuko eta emergentzietako karguetako arduradunak erakusten ari diren «ardura faltari» eta langileak sufritzen ari diren «babesgabetasunari». Horregatik, bihar, 23.00 eta 00.30 bitartean kontzentrazioak eginen dituzte Tolosa eta Elgoibarko baseetan, egoera salatzeko eta berehala konpontzeko exijitzeko.

Olatz Zarate medikua da larrialdietan eta Elgoibarko ZIU mugikorrean. «Ez dakigu ezer -adierazi digu-. Orain arte 30 urtez zerbitzua eman duen gure enpresatik, Ambulancias Gipuzkoatik, uzte-agiri bat iritsi zitzaigun urtarrilaren 6ko gauerako. Hortik aurrera, ez da inor langileekin bildu». Are gehiago, bihar guardian egonen da Zarate eta gaueko hamabietan kontratua amaituko zaio. «Zer egin behar dudan jakin nahi dut, norbait etorriko den txanda betetzera ala ez. 23.45ean koma batera banoa paziente hori artatu behar dut eta ez dakit 00.20an legalki babestua egongo naizen. Subrogatua banaiz, guardia osoa nirea da. Aldiz, nire txanda eskaini diete beste langile batzuei. Benetan, psikologikoki txikituta gaude».

Joan den asteartean, Irekiak oharra atera baino lehen, prentsaurrekoa eman zuten langileek. Bertan, publifikazioaren alde daudela adierazi zuten, baina ez dutela onartuko «langileen kaleratzeen kontura egitea, beren eskubideak errespetatu gabe». Izan ere, inongo subrogaziorik gabe iritsi zitzaien uzte-agiria. Geroago, zurrumurruak hasi ziren, akaso batzuen subrogazio bat egongo dela, baina ez dakite ziur, eta ez dakite zein baldintzatan.

Edozein erreklamazio egiteko edo beren egoeraz galdetzeko ez dute erraza gabonetan, dena itxia baitago. «Enpresako nagusiari hainbat aldiz deitu diot zer gertatuko den galdezka. Ez daki. Kontratu luzapenekin ari dira eta dakien bakarra da ez dietela gehiago luzatuko, Osakidetzak hartuko duelako zerbitzua. Osakidetzari anbulantzia eta baseak alokatzen jarraituko dute», agertu du Zaratek.

GABON TXARRAK

Kontatu digu «oso-oso gaizki» pasatzen ari direla egun hauek. «Jende bat 30 urtez ari da ZIU mugikorrean lanean eta denbora horrek ez du Osakidetzarako lan denbora moduan kontatzen. Nora joango dira lana eskatzera? Nire kasuan, mediku falta izugarria dagoenez, ez zait lanik faltako, baina zer gertatuko da teknikariekin? Gure lan hitzarmenak dio subrogatuak izan behar dugula denok. Gaur zurrumurru asko dauzkagu, baina gurekin ez da inor batu».

Orain arte enpresan «oso pozik» aritu dira. «Pasioz egiten dugu lan, izugarri gustatzen zaigu. Tolosako eta Elgoibarko ZIU mugikorrak ez dira sekula medikurik gabe geratu. Osakidetzak arazo larriak dauzka txandak betetzeko, eta guk beti bete ditugu. Familia bat gara. Gure bizitzako lana da; ez lana bakarrik, gure ilusioa, gure pasioa».

«Triste, urduri, harrituta» daude. «30 urte igaro eta gero ezer ez jakitea... inor ez gurekin esertzea... gabonetan! Ezer balioko ez bagenu bezala sentitzen gara, gertatuko denari inork garrantzirik emango ez balio bezala». Hedabide batzuetan atera diren berriekin ere «oso haserre» daude. «Gezur horiek ezeztatzea oso zaila da, kontrolatzen dituztenek kontrolatzen dituztelako hedabide horiek».

«Egun asko daramatzagu lorik egin gabe. Esate hutsarekin emozionatzen gara: kalera goazela! Jendeak ez du hori ikusten», adierazi du medikuak.

Lan hitzarmena betetzeko eskatzen dute. Bertako 12. artikuluak dio langile orok subrogatua izan behar duela. Onkologikoan eta Asuncion Klinikan hala egin zuten. «Zer gertatuko da gurekin? Osakidetzari ez zaizkio langileak axola. Oso tristea da, ze pasioz lan egiten dugu».

EGOERA DESBERDINAK

Emergentzietan zentro koordinatzailea eta anbulantzia medikalizatuak daude. Ruth Salaberria koordinazioan aritzen da. Esplikatu digunez, langileek hagitz egoera desberdina dute: «Askok plaza dute Osakidetzan, beste batzuek pribatuan lan egiten dute, beste batzuek Osakidetzan lan egiten dute baina ez dira finkoak, beste batzuk Ambulancias Gipuzkoa enpresako bazkideak dira... Horregatik, negoziazio pertsonalizatu bat eskatu dugu. Baina ez da egin, eta jendea haserre dago».

«Berriz ere Osakidetzak izugarrizko hanka-sartzea egin du. Ez da langileekin, sindikatuekin eta Emergentziekin bildu, inork ez zekien ezer, eta urtarrilaren 7an bi anbulantzia publifikatuko dira, beti eskatu izan dugun bezala, baina izugarrizko nahasmenarekin. Guri inporta zaigun bakarra anbulantzia horiek funtzionatzea eta gure pazienteei arreta ematea da. Hori da guretzat garrantzitsuena, eta oraindik ez dakigu nola izango den», gaitzetsi du.

Azaldu digunez, «Osakidetzak beti egiten ditu gauzak horrela. Azterketekin, prozesuekin... dena oso desastrea da, eta ez genuen gutxiagorik espero honekin», esan du penaz Salaberriak. Erantsi du gauzak langileen gain-esfortzuari esker ateratzen direla aurrera, baina horrek tope bat dauka. «Txandak bikoiztu egiten ditugu, guardia estra pila bat egiten ditugu. Eta nekatuta gaude. Soluzioa behar dugu».

Urtarrilaren 7a baino lehen Gasteizko Legebiltzarrean Osasun Batzordea aktibatzea eskatu zuen EH Bilduk, Osasun sailburuaren eta Tolosako eta Elgoibarko anbulantzietako langileen agerraldiak gauzatzeko. Baina, erantzun ziotenez, egunotan Parlamentua itxita dagoenez, ezinezkoa da agerraldi horiek asteazkena baino lehen egitea. Ekimenak aurkeztu aurretik, gertatzen ari zenaren berri iritsi zitzaionean, langileek eta sindikatuek Donostiako Ospitalean egin zuten mobilizazioan parte hartu zuen koalizio abertzaleak. «Publifikazioa gure aldarrikapen historikoetako bat da. Eta ez genuen ulertzen orain, egun batetik bestera, isilean, inork ezer jakin gabe, negoziaziorik gabe eta lan hitzarmena bete gabe egitea, langileak horrela tratatuz», agertu du Rebeka Ubera legebiltzarkideak.

HELDU BEHARREKO ERRONKAK

Salaberriak bezala, Uberak ere baieztatu digu, tamalez, ez dela egoera bitxia: «Esaten dute gardentasunez jokatzen dutela, entzuten dutela, elkarlanean aritzen direla, baina egunerokoan ez da horrelakorik ikusten, edo, agian, besteren batzuekin bai, baina norekin?».

«Legegintzaldi hasiera honetan, lehenbizikoz, Osasun Sailak agendan kokatu zuen Emergentziak ESIa, baina ez dago estrategiarik. Ez dago formazio planik. Zerrenda bat dago utzikeriagatik egin ez diren gauzena. Heldu behar zaien erronkak dira, premiazkoak, eta zentzu horretan 2025a galdutako urte bat izan da», gaitzetsi du. Adibidez, «kudeaketa enpresen esku egon den lan eremu honetan, ardura Gobernuarena izan arren, ez du jarraipen eta kontrolik egin eta horrek ez du zerbitzua hobetzen lagundu».

EH Bilduren iritzia hau da: «Ez gaude egon beharko genukeen bezain prestatuak gerta daitekeenerako. Baliabideak ez ditugu behar bezala dimentsionatuak eta koordinatuak. Entrenamendua falta da. Proposamenak egiten saiatu izan gara. Adibidez, larrialdietan agentzia desberdinak daude eta horien arteko elkarlan bat eta egitura espezifiko bat beharko genuke, non agentzia guztiak egitura publiko batean elkartuko liratekeen».

Osasun arloan dagoen «fragmentazioa» desegite aldera, Legebiltzarrean sartu zenean EH Bilduk agendan kokatu zuen Emergentziak ESIa, eta hitzarmen autonomikoa sustatu zuen, lan baldintzak bateratzeko. Hemendik aurrera, Tolosa eta Elgoibarko anbulantziak publifikatuko dituztenez, hitzarmena bete dadin saiatuko da koalizioa, eta beste gaiak ere norabide horretan garatu daitezen, Emergentziak «osasun erakunde integratu duin bat» izateko.