Urtzi URRUTIKOETXEA
GEZURREZ BETETAKO DISKURTSOA

Trumpek datu ekonomikoak mozorrotuta ere, ez da hobekuntzarik nabari

Hogeita lau milioi estatubatuarrek osasun asegurua bi, hiru eta lau aldiz garestitu zaiela hasi dute urtea, ordaindu ere ezinik horietako askok, Donald Trumpek ez dituelako berritu orain arteko Obamacare laguntza bereziak. Presidenteak, eguberrietan emandako diskurtso guztietan, alabaina, AEBko ekonomia bikain doala esan du, horretarako gezurretako zifrak emanez.

(Andrés CABALLERO REYNOLDS | AFP)

Urte berria «aldaparekin» lotu ohi da sarritan, etxeetako ekonomiak prezioen igoerara egokitu behar dutelako. Estatu Batuetan milioika lagun inguruk inoizko aldapa gogorrenetakoarekin topo egin dute. 2025a amaitzearekin agortu ziren Obamacare-n jasotako mediku-aseguruetarako laguntza hobetuak. Egun batzuk lehenago, Eguberriko oparien eta osasun arloan igotzear ziren prezioen artean hautatu beharko zuten estatubatuarrei buruz galdetu zioten Donald Trumpi. «Ez zaitez dramatikoa izan», erantzun zion kazetariari AEBko presidenteak -gero, Pennsylvanian egindako mitin batean, «neskek ez dituzte 37 panpina behar, bizpahiru aski dira» esatera iritsi zen, ustez gabonetako gastuei buruz ziharduela, baina diskurtsoaren haria gero eta nahasiagoa duen seinale argian-.

Aseguruaren prezioa jaisteko laguntza eteteak -2021ean pandemian Bidenen gobernuak hobetu zuen jatorrizko Obamacare- milioika estatubatuarren prima batez beste %114 igotzea ekarri du. Badira hileko 600 dolar inguru ordaintzetik 2.500eko kostua izatera pasatu diren familiak. Askok botikak pilatu dituzte urtea amaitu aurretik. Zenbait estatu progresistak, Kaliforniak eta New Yorkek kasu, kaltea murrizteko laguntzaren bat iragarri dute, baina paradoxikoki «Obamacare hobetua» galdu duten gehienak Trumpen alde bozkatu zuten estatuetan bizi dira.

Udazkenean izan zen gobernu-itxiera luzearen oinarrian demokraten exijentzia zegoen, osasungintzarako laguntzak eten ez zitezen. Zenbait errepublikanok ere bazekiten beren hautesbarrutietan kalte handia ekarriko zuela, baina gastu publikoaren belatzek ez zuten negoziatzeko ahaleginik egin. Orain Trumpek demokratei egotzi die aseguruekin gertatutakoa, eta datozen asteetan Kongresuan bideratu liteke urte berriak ekarritako triskantza.

EZINEZKO GEZURRAK

Azken batean, Kongresuan errepublikanoek azken hilotan aurrera atera duten gauza ia bakarra Trumpen «Big Beautiful Bill» aurrekontu-lege erraldoia da. Alde guztietan murrizketa handiak jasotzen ditu eta, espero zen bezala, herritarren gehiengo handi bat aurka dago. Baina errealitate gordina ez da oztopo izan Trumpentzat ohiko hizkera hiperbolikoan aurkezteko ia urtebete egin duen bere agintaldia. “Politico” aldizkarian egindako elkarrizketan, ekonomiaren kudeaketari buruz galdetu zioten presidenteari. «A+» da AEBko ikastetxeetan emaitzarik onena. Trumpek «A+++++» nota asmatu zuen bere lana baloratzeko.

Etxe Zuritik egindako agerraldian, esaterako, gabon zoriontsuak opatu zizkien Trumpek «guztioi, baita gure herrialdea suntsitzeko jo eta su diharduen baina porrot egiten ari den ezker erradikaleko zaborrari ere». Gezur handiez gain, matematikoki ere ezinezkoak diren datuak eman izan ditu Trumpek. Hala, bere politika nazional kutunena errezeta-botiken prezioa «%500 edo gehiago jaistea» dela esan zuen; inoiz, «%1.400 edo 1.500» eta are, «%2.000-3.000», esan zuen. Umeek kopuruak puztu eta azkenean «infinitu» esaten duten legez, gezurrak puztu eta puztu dabil AEBko presidentea, begi-bistakoaz ere ezaxola: produktu bat gehienez ehuneko ehun merkatu daitekeela, dohainik dela adieraziko lukeenez.

Ez dauka aparteko galbaherik presidenteak jendeak aurrez aurre ikusten eta nozitzen dituen gaiez mintzatzean ere. Udazkenean esan zuen ez zegoela «inflaziorik» (bazegoen, noski). «Prezio guztiak jaitsi dira» ere bazioen, milaka produktuk gorantz egiten zutenean, eta elikagaiak «asko merkatu» zirela (haragia, esaterako, %15 garestitu da). Eguberrietako mezuan beste horrenbeste egin zuen, hemezortzi minutuko diskurtsoan. Lehen zortzi segundoetan joan zen lehen gezurra: «Oinordetzan jaso nuen nahasmen itzela konpontzen ari naiz. Kargua hartu nuenean, inflazioa 48 urteetan okerrena zen, eta batzuek gure historiako okerrena ere esango lukete».

Pandemiaren ostean, Mendebalde osoan legez, prezioen hazkundea egon zela egia da, baina Trumpek kargua hartu zuenean %3an zegoen urteko inflazioa, eta presidenteak ez du hori jaisterik lortu (azaroko datuekin 2,7an kokatu zen; 2025ekoa osorik urtarril erdialderako espero da, baina 2024ko azaroan ere 2,7an zegoen).

Etxe Zuria ahal duen guztia egiten ari da estatistika ekonomikoak desitxuratzeko eta kontakizun berri bat sortzeko, «urrezko aroa» ate joka dagoela esanez. Narratiba hori ez dator bat errealitatearekin, ordea, eta estatubatuarrek ere ez diote ipuina erosi.

HERRITARRAK AURKA

Inflazioaren eta lanpostuen eta soldaten hazkunde geldiaren ondorioz, estatubatuarren %68k ekonomia «txarra» dela diote. Trumpen onarpen-maila orokorra %36 inguruan dago; presidente izan den bi agintaldietan izan duen mailarik baxuena da. Are okerrago beretzat, ekonomiari buruzko ikuspegia askoz okerragoa dela herritar gehienentzat. Estatubatuarren %31k baino ez dute uste Trump arazo ekonomikoak ondo kudeatzen ari dela. Presidentearen kontakizun paraleloak esaldi bakarrean ezabatzen ditu datuak, ordea. Onarpen-datuak, esaterako, «faltsuak» direla dio.

Sarritan funtzionatu izan dio taktika horrek Trumpi, baina Etxe Zuria eta errepublikano bat baino gehiago kezkatuta ageri dira 79 urteko presidentearen galera kognitiboarekin eta, gezurrez haratago, ezaxola diskurtsiboarekin. Lame duck edo ahate herrena da Trump, berriz aurkezterik ez daukan eta bestela ere soka motzean lotzerik ez dagoen figura bat, baina errepublikanoek erronka handiak dituzte aurten bertan. Azaroko midterm edo agintaldi erdiko hauteskundeetan Kongresuko gehiengoa galtzeko arriskua oso handia da Alderdi Handi Zaharrarentzat.

Atzean utzi dugun urtean Trumpek berak herrialderako 17 bilioi dolarreko (trillion, ingelesez) inbertsioak lortu dituela esan izan du, eta hemezortziraino ere igo du zifra. Kontua da bere agindupean dagoen Etxe Zuriko webguneak berak 8,8 bilioi dolar aipatzen dituela, eta kopuru hori ere oso puztuta dago.

Howard Lutnick Merkataritza idazkaria da Trumpen datuei kutsu teknikoa ematen saiatzen dena. Joan den astean Fox katean Kellyanne Conway Trumpen ordezkari izandakoak elkarrizketatu zuen. Urteko hirugarren laurdenean AEBko BPGa %4,3 igotzeagatik harro, Lutnickek azaldu zuen horrek jendearen soldata-igoera zekarrela. «Horrek esan nahi du estatubatuarrek oro har -guk guztiok- %4,3 diru gehiago irabaziko dugula. Gorantz goaz, lanpostu gehiago ditugu, energia-kostu txikiagoak eta interes-tasa txikiagoak datoz», esan zuen.

BPGaren igoerak ekonomia osasuntsuagoa adieraz dezake, edo enplegurako aukera gehiago eta soldata altuagoak, baina zenbaki horrek bere horretan ez du eragin zuzenik norbanakoaren banku-kontuan. Analisi Ekonomikoko Bulegoaren arabera, urteko hirugarren laurdeneko igoera hori etxe bakoitzeko gastuaren hazkundeagatik izan zen. Langabezia-tasa espero baino gehiago igo zen, aldiz, eta 2021eko irailetik egon den zifra altuena jo zuen azaroan, %4,6ra iritsita.

ESKURAGARRITASUNA

2024ko hauteskunde kanpainan zehar, orain dela 14 hilabete doi-doi, euro batek dolar eta hamabi zentabo balio zuen. Donald Trumpen garaipenak goitik behera irauli zuen billete berdearen balioa; handiki newyorktarraren indar-irudiaren isla balitz bezala, dolarra ere indartzen eta euroaren baliora hurbiltzen joan zen. 1,03an zegoen iazko Urteberrian, eta 1,02ra iritsi zen presidente berriaren inbestidura-egunean. Moneta indartsu bat ez da ekonomia sendo baten adierazle, hala ere. Zure dirua indartsu egoteak atzerrian merkeago erostea ahalbidetzen dizu, baina zure produktua ere garestiagoa da kanpokoei saltzeko orduan. Trumpen merkatari sena eta kanpainan behin eta berriz agindutakoak justu kontrako norabidean zihoazen: Estatu Batuetan atzerriko produktu gutxiago saltzea zuen helburu Trumpek, eta munduak AEBko produktuak erostea.

Ezaguna da Trumpen ikuskeran obsesioa direla muga-zergak. Ziur asko, etengabe lausengatzen duten leialez inguratuta ere, ohartaraziko zioten presidenteak berak behin eta berriz muga-zergak iragarri eta gero iritzia aldatzeak ziurgabetasuna dakarrela, baina Trump sinetsita dago hori dela bidea. Berdin du esatea muga-zerga horiek ez dituztela atzerrian ordaintzen, produktuok erosten dituzten AEBko enpresek baizik (eta, irabaziei eustekotan, bezeroentzako prezioetara igortzen dutela igoera hori).

New Yorkeko alkate berri Zohran Mamdanik «eskuragarritasuna» aipatzen du behin eta berriz. Affordability da ingelesez; hau da, herritarrek prezioak ordaintzeko gaitasuna. Ezkerrarentzat zein eskuinarentzat kezka-iturri den gako batekin topo egin dute demokratek, eta Trump bereziki haserretzen duen hitza bihurtu da. Datozen hilabeteetan egunero datuetan zein makroekonomian behin eta berriz entzungo da, azaroko hauteskundeetarako bidean.