Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
AMADEUS

Mozarten legatu musikala

Peter Shafferren antzezlan txalotuan oinarriturik (izen bereko filma Miloš Formanek moldatu zuen), Julian Farinok eta Joe Bartonek bost ataleko telesail labur gisa egituratu dute “Amadeus”.

Kontakizunak 1781era garamatza, Mozart hil baino hamar urte lehenago. 25 urte besterik ez dituenean, eta aitaren heriotzaren ondoren, Wolfgang Amadeus Mozart (Will Sharpe) Vienara iritsiko da, lanik eta babesik gabe, baina bere baitan daraman su sortzailearekin. Constanze Weber (Gabrielle Creevy) abeslariarekin lotura estua hasiko du, eta haren bidez Antonio Salieri (Paul Bettany) gorteko konpositorearen orbitan sartuko da. Bien arteko harremanak markatuko du Mozarten legatu musikalaren norabidea.

Julian Farinok eta Joe Bartonek Mozarten bizitzako une giltzarriak marraztuko dituzte, ez kronika zehatz baten modura, baizik eta barneko erretratu baten gisan, emozioek eta kontraesanek gidatutako ibilbide batean.

Zuzendaritzak soiltasuna eta dotorezia bilatzen ditu, gehiegikeria bisualetik urrun. Erritmo pausatuak eta pertsonaiak inguratzen dituen atmosfera bereziak isiltasunez eraikitzen dute tentsioa. Musikak, berriz, ez du laguntzaile hutsaren rola betetzen: elementu narratibo eta emozional nagusi bihurtzen da, artea Mozarten benetako hizkuntza dela azpimarratuz. Lana zaindua da, eta antzezpenek pisu handia dute kontakizunean. Hala ere, aurreko bertsioen itzalak -bereziki 1984ko film ospetsuarena- etengabe jarraituko dio, eta telesailak nekez lortuko du itzal horretatik askatzea. Indar dramatikoa apalagoa da, eta sakontasun emozionala ez da beti behar adinakoa.

Lehen bi atalak sendoak eta erritmo bizikoak badira ere, kontakizunak aurrera egin ahala lausotzen joango da, eta atal batzuk irregularrak bihurtuko dira.