GARA
BILBO

Nazio Batuen Erakundeak GEBehatokia eta Harrera elkarteen lana aitortu du

NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Harrera elkarteak egindako lanaren «beharra eta garrantzia» nabarmendu ditu. GEBehatokiak euskal presoek askatasuna lortu ondoren aurre egin beharreko zailtasunen inguruko txosten bat aurkeztu zuen, eta hor jasotakoa aintzat hartu dute. Behatokia bera iturri gisa aitortu du Nazio Batuen Erakundeak.

Zaballako kartzelaren artxiboko argazkia.
Zaballako kartzelaren artxiboko argazkia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Nazio Batuen Erakundeak, Giza Eskubideen Kontseiluaren (ACNUDH) 60. bilkuraldian, Harrera elkarteak egindako lanaren «beharra eta garrantzia» aitortu ditu. Era berean, Giza Eskubideen Behatokia «iturri» gisa aitortu du, azken horrek atzo jakinarazi zuenez.

Kontseiluak Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoari azterlan sakon bat egiteko eskatu zion, gomendio praktikoekin, atxiloketatik askatutako pertsonen eta askatasunaz gabetzen ez duten neurrien mende dauden pertsonen giza eskubideei eta gizarteratzeari buruz. Horretarako, adituek, gizarte zibilak eta biktimek parte hartzeaz gain, Kontseiluak berak Call for input izeneko eskaera argitaratu zuen iazko martxoan, gizarte zibilaren ekarpenak jasotzeko.

Horiek hala, Osabideak elkarteko kide diren osasun arloko profesionalen laguntzarekin eta Harrerak emandako datuekin, GEBehatokiak erantsitako ekarpena aurkeztu zen, beste 87ren artean. Bertan, «euskal presoek askatasuna lortu ondoren aurre egin beharreko zailtasunak laburbiltzen dira, bai eta, askotan 20 urtetik gorako espetxe zigorrak bete ondoren, gutxieneko kalitate parametroekin bizitza erraztu dezakeen erakunde laguntza eskasa ere», GEBehatokiak azaldu zuenez. Bere ustez, «hain maila altuko txosten batean aipatuak izatea, txosten horren iturrietako bat izanik, kolektibo horren alde egiten den lanaren bultzada handia da».

Halaber, estatuei egindako txostenean jasotzen diren zenbait gomendio nabarmendu dituzte, euskal kasuan «eragin berezia» dutela iritzita. Batetik, birgizarteratze ekimenak «integralak, iraunkorrak, inklusiboak eta indibidualizatuak izatea» gomendatzen da eta «eragin handiena duten pertsonen premiei erantzutea».

Bestetik, birgizarteratze programa eraginkorrenek «dimentsio anitzeko ikuspegia» hartzen dutela azpimarratzen du txostenak. «Horrek barnean hartzen du liberazioaren aurreko plangintza sendoa, oinarrizko premiak asetzea, hala nola elikadura, etxebizitza eta arreta medikoa, eta enplegu aukerak lortzea. Programa eraginkorrek errestaurazio komunitarioa ere sustatzen dute, diskriminazio sistemikoari heltzen diote eta diseinuan eta inplementazioan esperientzia propioa duten pertsonak inplikatzen dituzte. Familiaren parte hartze eraikitzaileak, emakumeentzako genero ikuspegia duten estrategiek eta herri indigenentzako oinarri kulturala duten ikuspegi komunitarioek are gehiago hobetzen dituzte emaitzak». Ildo horretan, «funtsezkoa da ebaluazio esparru sendoak dituzten programek beste batzuek baino berrerortze tasa nabarmen baxuagoak izatea».

GIZA ESKUBIDEAK, EZ KARITATEA

Birgizarteratzea «giza eskubideetan oinarritutako ikuspegiarekin ezartzea» gomendatzen dute. «Orientazio praktiko argia behar da, giza eskubideen arauak eta estandarrak, erakundeen gaitasuna, borondate politikoa eta eragindako pertsonek politiken diseinuan duten parte hartze esanguratsua praktikan jartzeko moduari buruz», azpimarratzen dute.

Izan ere, «gizarteratzeko ahaleginak zatikatuta» egoten direla kritikatu dute. «Ez dute behar adina funtsik eta gizarte zibilaren mende egoten dira gehiegi, eta espetxean egon diren pertsona askok laguntza karitate gisa ikusten dute, eskubide gisa ikusi beharrean».

NBEren gomendio horiek Harrera elkartearen lana berresten dutela nabarmendu du GEBehatokiak, zehazki, kolektibo horri laguntza egokia emateko egiten duen ahalegina.

«Aurten 15 urte beteko dira Aieteko adierazpenetik. Prozesu hori, bere zailtasunekin, NBEren DDB parametroetan (desarmatzea, desmobilizatzea eta berrintegratzea) oinarritu da. Nazioarteko komunitateak egiaztatutako armagabetze zibila, ETAren desegite osoa eta kohesionatua, eta, bere zailtasunekin, preso eta iheslarien auzia konpontzeko esparrua izaten ari den berrintegrazioa. Izan ere, euskal DDB eredua Nazio Batuen erreferentzia bat da gatazkak konpontzeko, Kurdistanen kasuan ikusten ari garen bezala», nabarmentzen du GEBehatokiak igorritako prentsa oharrak.