Ernesto LEITZA URRESTARAZU
Euskaltzaleen Foroko kidea
KOLABORAZIOA

Chivite ez da tribuaren laguna

Nafarroako lehendakari Maria Chivite elkarrizketatu dute “Tribuaren berbak” saioan. Gezurra esanez hasi da: «El euskara estará donde quieran los navarros y navarras, pero basado en la voluntariedad... Cualquier navarro podrá estudiar en euskara, en cualquier lugar de Navarra»; izan ere, Nafarroako Erriberan ez dago edonon euskaraz ikasteko aukera, eta Chiviteren Gobernuak trabak besterik ez dizkie jartzen euskaraz ikasi nahi dutenei, Gimeno sailburua zigor. Bestalde, Lanbide Heziketako edota unibertsitateko euskarazko eskaintza lerro banatan jaso daiteke.

«Euskarazko hedabideen diskriminazio positiboa sustatzen dugu... Kultur ekitaldiak... «Euskarari ikusgarritasuna eman...», jarraitu du, baina Nafar Gobernuak bultzatutako euskararen sustapen mugatua Geroa Bairen esku dagoen departamentutik dator. PSNrengatik balitz, “zerokomazerokoa” litzateke euskararen sustapenari emandakoa.

«Euskara despolitizatzea izan da legegintzaldi honetako lorpenik handienetako bat» esatera ere ausartu da. Gezurra da. Euskararen politizazio maltzurra da pairatu duguna: gure hizkuntz eskubideen izoztea eta murrizte orokorra hain zuzen, «politizazioa» hizkuntz eskubide berdintasuna aldarrikatzen dugunoi leporatuz, aldi berean.

Hizkuntza eskubideak bermatutzat jotzen ditu Chivitek, «baita Nafarroako erakundeen aldetik ere». Ez da egia, baina. Nafarroako erakunde publikoen gutxiengo batek bermatzen du euskarazko arreta. Are gehiago, eremu edo erreserba «euskaldunean» ere ez dira gure hizkuntza eskubideak guztiz bermatzen.

Bere hitzetan, «Euskararen Legeak euskararen erabilera sustatzen du -gezurra-, eta euskarak Nafarroan aurrera egitea bermatzen -gezurra-, beti borondatea eta errealitate soziolinguistikoa oinarri hartuta -zonifikazioa, alegia-». Euskara batuan esanda, euskararen erabilera sustatzen da erreserba «euskaldunean», eremu «mistoan», ezer gutxi, eta «ez euskaldunean», ezertxo ere ez, zero.

Bukaerakoa ere ez da makala izan: «Euskara gure nortasunaren eta gure ondare kulturalaren parte da... eta erakundeen jarrera, erabilera, ikaskuntza eta hedatzea izango da, eta uste dut horrela euskarak aurrera egingo duela elkarbizitzatik»... Ausardia behar da.

Izan ere, PSNren Gobernuak museoko ondare nahi du euskara, apalategi batean, eta gehienez ere, erreserba «euskaldunean» kuzkurtuta. Eta elkarbizitza ere berdintsu ulertzen dute: euskaraz erreserban, onenean. Handik kanpora, kakarik ez eman.

Chiviteri ahaztu zaio UPNk ezarritako PAI eredua gotortu eta hedatu duela PSNk euskarazko ikaskuntzaren kaltetan, Erriberan D eredua heda ez dadin zangotrabaka ari direla, euskararen berreskurapena geldiarazteko UPNk asmatutako zonifikazioa betikotzearen aldekoak direla, Erriberan lanpostu publikoak eskuratzeko Lingua Navarrorumak ez duela baliorik, baina frantsesak, alemanak edo ingelesak bai, Merituen Dekretu berrian euskararen balioa errotik murriztu dutela eremu mistoan... Eta PSNko alkate eta kontseilarien jardun euskarafobo amorratua ere ahaztu du aipatzea.

Ulertu ez dudana da zer mesede egiten digun agintari euskarafobo bat elkarrizketatzeak Euskal Telebistako euskararen aldeko saio batean, inork ez badio bere politiken gaineko konturik eskatuko behintzat. Zeren eta, hizkuntz politika jarraitzen ez duenak pentsa baitezake Chivitek eta PSNk euskaltzale zuhurretik gehiago dutela beste edozertatik baino.

Nago gabon hauetan zer ospatu izan dutela PSNko marketin arduradunek, musu truk.