Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Ikonoa

Europarrek Afrikan bahitu zein erositako gizabanakoak Atlantikoan zehar garraiatzeko erabilitako itsasontzi ereduaren lehenengo grabatua 1788koa dugu. Plymoutheko Komiteak sortu zuen, Ingalaterran esklabo merkataritzaren abolizioaren alde lanean ari zen erakundearen parte zenak. Goitik ikusitako itsasontzi baten planoa erakusten du grabatuak, non esklabo bihurtutako ehunka afrikarren gorputzak, haur zein heldu, bata bestearen ondoan pilatuta agertzen diren, “Middle Passage” edo Afrikatik Ameriketako esklabo merkatuetara eramateko bidaiaren izugarrikeria modu grafiko batean salatuz. Gaur egun, esklabotzaren ikono bat da irudi hori eta hainbat artistak egin diote erreferentzia oraindik ere indarrean diren esklabotzaren ondorioei heltzeko.

Esklabo itsasontziaren grabatuaren eragin bisuala aitortzen lehenengoetako bat Olaudah Equiano izan zen, Plymoutheko Komiteari bidali zion eta Londresko “Public Advertiser” egunkariak 1789ko otsailean argitaratu zuen gutunean azaldu bezala.

Garai hartan Londresen gizon libre moduan bizi zen Equianok inork baino hobeto ezagutzen zuen esklabo itsasontzien errealitatea, umea zela haietako batean eraman baitzuten Virginiako koloniara esklabo gisa saldua izateko, gaur egun Nigeria iparraldean dagoen herrixka batean bahitua izan ostean. 1789. urtean bertan Equianok bere autobiografia argitaratu zuen.