«Subiranotasun printzipioa defendatzea» galdegin du EH Bilduk
«Autoritarismoaren aurrean: Euskal Herria» adierazpena kaleratu du EH Bilduk, nazioarteko azken gertakarien harira. «Subiranotasun printzipioa, autodeterminazioa eta munduko herri eta nazio guztien bakea defendatzea» eskatu du aipaturiko oharrean. Bere aldetik, Aitor Estebanek Ameriketako Estatu Baturik gabeko akordioak eraikitzen hasteko deia egin du.

Mundua hankaz gora dagoen honetan, nazioarteko azken gertakarien harira, Euskal Herriko bi alderdi nagusiak ezegonkortasun horri begira jarri eta euren kezkak adierazi zituzten. “Autoritarismoaren aurrean: Euskal Herria. Burujabetza, autodeterminazioa, bakea” adierazpena adostu zuen atzo arratsaldean EH Bilduk bere Mahai Politikoan. Bestalde, Aitor Esteban EAJko presidenteak ere, “Onda Vasca”-n egindako elkarrizketan, AEBri begira egoteari uzteko deia egin zuen.
2026. urtea hasi orduko, EH Bilduk baieztapen bat egin du: «Autoritarismoa mehatxu erreala da munduko herrientzat eta demokraziarentzat». Azaldu duenez, testuinguru ekonomiko eta sozialarekin erabat lotuta dago munduan zehar gailentzen ari den gerra giroa, eta bien bitartean «Europar Batasunak eta bere inguruan diharduten eliteek atzera egitea erabaki dute, proiektu propioaren gabezian are gehiago sakonduz».
«Venezuelaren subiranotasunaren aurkako erasoa, nazioarteko zuzenbidearen urraketa eta presidente baten bahiketa argi eta garbi salatzeko gai ez direnengandik, edota Palestinan genozidioa amaitzeko Israeli aurre egin eta modu eraginkorrean isolatu ez dutenengandik, ezer gutxi espero dezakegu», ohartarazi du. Gaineratu du militarizazioaren apustuak eta diplomaziari zein elkarrizketari uko egiteak gatazken konponbidea atzeratu soilik egiten dutela.
Ezker subiranistak argi du zein den bidea: «Elkarrizketa eta akordioa, diplomazia eta negoziazioa beste irtenbiderik ez dago. Ezinbestekoa da subiranotasunaren printzipioa, autodeterminazioa eta munduko herri eta nazio guztien bakea defendatzea».
TRUMPEN ERAGINA EUSKAL HERRIAN ERE
Halaber, ohartarazpen bat egiten du adierazpenean: Donald Trumpen anbizio inperialista eta esku hartzailea bere Segurtasun Nazionaleko Estrategian jasota dagoela; eta, horrez gain, Europar Batasuneko hauteskundeetan esku hartu eta eskuin muturreko alderdien alde egiteko asmo argia ere jasotzen dela estrategia horretan. «Euskal Herriaren kasuan, bitan banatutako estaturik gabeko nazio gisa, bultzada ekarriko lieke horrek Agrupazio Nazionalari Ipar Euskal Herrian, eta Voxi eta PPri Hego Euskal Herrian».
EH Bilduren ustez, Euskal Herriak baditu baldintza politiko, sozial, historiko eta ekonomikoak behar den mailako erantzuna artikulatzeko: «Gauza handiak egin ditzakegu olatu autoritarioa geldiarazteko, badago egiazko alternatiba, eta Europako beste proiektu bat posible da».
«Interes partikularrak alde batera uzteko beharra» aldarrikatzen du ezker subiranistak eta gerraren eta itxaropenik ezaren aurrean alternatiba badagoela gogorarazi: «Beste era bateko Europa posible da. Herrien subiranotasunak eta horrekiko errespetuak egon behar dute alternatibaren oinarrian».
ESTEBAN: «TRUMP XXI. MENDEKO NERON DA»
EAJko presidente Aitor Estebanek “Onda Vasca”-n egindako elkarrizketa batean munduko ordena zalantzan ikusten duela aitortu zuen, batez ere Ameriketako Estatu Batuetako Donald Trump presidentearen inguruan: «Gizon honen nortasuna oso nartzisista da, XXI. mendeko Neron berriaren aurrean gaude». Adierazi zuen ez dakigula «zertan eboluzionatuko» duen mundu mailako ordenak. Bere ustez, AEBko presidentearen arrazoibidea «Putinek erabiltzen duen eta Txinak erabil dezakeen bera da». Europaren eta AEBren arteko harremana birpentsatu beharra nabarmendu zuen.
«AEBrik gabeko akordioak eraikitzen» hastearen beharra azpimarratu zuen: «Ez dakigu hiru urte barru zer gertatuko den, baina ezin zara fidatu. AEB guztiz ezberdina da jada». Halaber, hau gaineratu zuen: «Venezuelako herritarrek beren etorkizuna askatasunez aukeratu ahal izatea nahi dugu; baita groenlandiarrek eta munduko toki guztietako biztanleek, euskal herritarrek ahal izatea nahi dugun bezala».
Bestalde, Groenlandiaren aurkako mehatxuen inguruan NATOn hitz egin behar dela adierazi zuen: «Esan beharra dago: ‘Hau txantxa bat da edo benetan da? Eta benetan bada, zer egiten dugu hemen? Disolba dezagun hau. Zuek jarraitu zuenarekin eta guk gurearekin’».

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
