Kabiako 15 garbitzaile lanpostutarako euskara eskakizuna baliogabetu dute
Donostiako epaitegi batek baliogabetu egin du Kabiaren erresidentzietako 15 garbitzaile plaza betetzeko euskara eskakizuna, Efe agentziak eta CCOO sindikatuak atzo jakinarazi zutenez. Epaileak argudiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde horretan euskara jakitea eskatzeak langileen berdintasuna urratzen duela.

Kabiako 15 garbitzaile plaza betetzeko Gipuzkoako Aldundiak egindako deialdian ez dela euskara jakitea eskatu behar ebatzi du Donostiako epaitegi batek. Efe agentziak eta CCOO sindikatuak eman zuten atzo epaiaren berri. Azaldu zutenez, pertsona batek jarritako errekurtsoa partzialki onartu du epaileak eta euskara eskakizuna jasotzen duten atalak ezeztatu ditu, «ez direlako zuzenbidera egokitzen». Lehenago ere egin dute epaileek Kabiarako lan-deialdi baten aurka lanpostuetarako euskara jakitea eskatzeagatik.
Epaileak argudiatu du deialdiaren oinarrietan lanpostuak eskuratzeko baldintza linguistiko batzuk inposatzen direla Kabian «euskara normalizatzeko helburuak» bete nahian baina horiek errekurtsoa jarri duen lagunaren lan publikoa lortzeko aukera mugatzen dutela.
BERDINTASUNA
Epaiak zehazten du Kabiak neurriz kanpo zaintzen duela herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea eta, ondorioz, ez duela bermatzen lanpostu horiek lortu nahi dituztenen baldintzen berdintasuna. Ildo horretan, eskainitako 15 plazetatik hamaikatan «parte hartzeko baldintza gisa» euskara exijitzeak gaztelania-hiztunen aukerak oso nabarmen eta, ondorioz, modu desorekatuan murrizten dituztela defendatzen du, horrek enplegu publikoa lortzeko aukerak asko gutxitzen dizkiela, deitutako plazen %22,66tara soilik aurkez daitezkeelako. Epailearen ustez, «errekurritutako oinarrien traza diskriminatzailea» agerian uzten du horrek.
Deialdi honetako plazen %73,33tan euskara baldintza espezifiko gisa eskatzen dela azpimarratzen du sententziak, eta oroitarazten du Gipuzkoako Aldundiak berak ezarritako bete beharreko indizea %63,19koa dela. Hala, deialdiak «Zuzenbide Konstituzionala urratzen» duela uste du, «errekurtsoa jarri duen pertsonak ezin duelako baldintza berberetan parte hartu».
Nolanahi ere, epaia ez da irmoa eta helegitea jartzeko aukera dago.
CCOOREN IRAKURKETA
Sententziaren berri izan ondotik, CCOO sindikatuak ohar batean azaldu du kasu honetan inplikatutako langileek ez dutela beren lana egiten dutenean herritarrekin harremanik izan beharrik. Bere esanetan, langile horiek «hamarkadak daramatzate erresidentzian aldi baterako kontratuekin, lanorduetan euskara ikasteko aukerarik izan gabe». CCOOk gaineratzen duenez, «hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak erabat bateragarriak dira, baldin eta proportzionaltasun soziolinguistikoak errespetatzen badira».
Sindikatuak, aldiz, salatzen du administrazio batzuk Lakuako Gobernuaren beraren «hizkuntz araudia eta langileen lan eskubideak urratzen tematu» direla. Bere iritziz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioak «profil linguistikoa masiboki eta modu desorekatuan eskatzera mugatzen dira beren lan eskaintza publikoetan, aurretik langileek euskara ikasi ahal izan dezaten baliabide eta bitarteko nahikorik jarri gabe».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
