Peli LEKUONA - Hegoi BELATEGI
EH Bilduren bozeramailea Gasteizko Parlamentuan
ELKARRIZKETA

«Une honetan, alderdi interesak herri interesen azpitik jartzea da gakoa»

Mundu mailan nagusitzen ari den ezegonkortasunaren aurrean, «elkarlana» eta «0 kilometroko» politikak aldarrikatu ditu EH Bilduko Pello Otxandianok, euskal herritarren ongizatea bermatu eta «burujabetzan jauzi bat» egiteko. NAIZ Irratian egindako elkarrizketan, legebiltzarkide independentistak eskua luzatu die EAJri, PSEri eta ezker konfederalari.

Pello Otxandiano, NAIZ Irratiko estudioetan.
Pello Otxandiano, NAIZ Irratiko estudioetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aro bakoitzak bere baldintzen araberako herri erantzuna merezi duela uste dute EH Bildun. Gaur egungo testuinguru soziopolitiko konplexu eta kezkagarrian, beraz, egoeraz jabetu eta lehentasunak birpentsatzera deitu zuen atzo Gasteizko Parlamentuko koalizioaren bozeramaile Pello Otxandianok: «Herri interesak defendatuko baditugu, herri gisa jokatu behar dugu».

NAIZ Irratian egindako elkarrizketan, Otxandianok adierazi zuen «faxismoaren eraberritze bat» gertatzen ari dela eta une historiko honetan «posizio demokratikoa» hartu beharra dagoela. «Akordio nazionalek ez daukate alternatibarik», nabarmendu zuen, eta gaineratu zuen «momentu historiko honetan gakoa» dela «epe ertain-luzeko begirada bat eta alderdi interesak herri interesen azpitik jartzea».

Ildo horretan, gero eta gatazkatsuagoa eta ziurgabeagoa den testuinguru global honetan, EH Bilduko ordezkariak begirada zabalduz «gure esku» dauden «0 kilometroko politikak» elkarrekin garatzeko gonbita egin zien EAJri, PSEri eta ezker konfederalari. «Elkarlan esparruak egon beharko dira. Lehia egon beharko da, eta lehia demokratikoa da, baina horrekin batera lankidetza egon beharko da. Eta EH Bilduk hor eskua luzatuta dauka, baina horretarako erantzukidetasuna behar da beste parte batzuetatik», adierazi zuen.

Erronka nagusiak identifikatuta, lankidetza horretatik jorratu beharreko bi esparru nagusi identifikatzen ditu ezker subiranistak. Alde batetik, herritarren bizi kalitateari zuzenean eragiten dioten bizitzaren garestitzea, etxebizitza krisia (eta horren baitan bereziki gazteek etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunak), gutxieneko soldata duina edota azkenaldian bigarren maila batera igaro den krisi ekosoziala. «Jendeak eskatzen duena da bere bizitzan segurtasuna, eta hori bermatzea da lehentasuna handietako bat», aipatu zuen Otxandianok.

Bestetik, euskal nazioa subjektu politiko gisa bermatuko duen estatus berri batera heldu eta estatuarekiko harremana birkonfiguratzea da EH Bilduren beste lehentasunetako bat. «Herri honek bere burujabetzan jauzi bat egin behar badu eta gainera ultraeskuinari aurre egin beharko badio, horretarako elkarlana behar da», azpimarratu zuen koalizioaren bozeramaileak.

«EUSKAL NAZIOTASUNA INDARTZEA»

Otxandianoren esanetan, «nazio gisa urrats garrantzitsu bat egin behar dugu», eta behar horrek, besteak beste, «bizi dugun testuinguruarekin eta eskuin muturraren igoerarekin» zerikusia duela gaineratu zuen, «jendeak bere burua babesteko komunitate bat behar duelako, eta komunitate hori euskal nazioak eskain dezakeelako». Beraz, «euskal naziotasuna indartzea eta burujabetza handiagoa» beharrezkoak direla ondorioztatu zuen.

Testuinguru honetan, aipatu zuen irailean abiatu eta azken hilabeteetan hainbat eragilerekin egiten ari diren solasketan eta iritzi trukaketan, “Nazio Elkarrizketa” deritzon ekimenean, hain zuzen, ikusi dutela «euskal gizarte zibil antolatuak dauzkan kezkak, ezinegonak, etorkizunari begira, ez datozela bat neurri handi batean iritzi publikatuarekin, botere mediatikoak eta alderdi politiko batzuek instalatu nahi duten agenda publikoarekin».

Hori esanda, EH Bilduko kideak ondorioztatu zuen «disonantzia handi bat» badagoela, eta hori geratzen dela «zoritxarrez euskal politikagintzak gaitz endemiko bat» duelako. Zein da arazo hori? Bere aburuz, «alderdi politikoen epe laburreko interes elektoralek baldintzatzen dutela zeharo» euskal bizitza politikoa. Horren aurrean, epe luzeko begirada eta herri interesak alderdienen gainetik jartzearen ezinbestekotasuna aldarrikatu zuen, eta ziurtatu zuen koalizioak praktikatuko duena izango dela «politika serio bat, politika lasai bat», lehentasunak «argi» finkatuko dituena. Izan ere, «epe laburreko politikagintza horretatik ihes egin» behar dela aldarrikatu zuen.

Joko zelaia marraztuta, Otxandianok adierazi zuen akordio nazionalak halabeharrezkoak direla. «Hau guztiau gertatzen ari bada munduan, Europar Batasuna krisi existentzial batean murgilduta badago, eta gu oso txikiak baldin bagara testuinguru honetan, eta erronka nazional izugarriak baditugu, akordio nazionalek ez daukate alternatibarik», ziurtatu zuen, eta gaineratu zuen horregatik ez dela ulergarria «EAJ nola tematzen den EH Bildu ekuazio politikotik kanporatzen». Bere ustez, «hori arduragabekeria izugarria da, eta hori soilik uler daiteke baldin eta zure politikagintza hurrengo hauteskundeei begira badago».

Jarrera horrekin kontrajarrita, gogoratu zuen, besteak beste, EH Bilduk eskua luzatu duela espainiar hauteskundeetan «herri gisa agertzeko eta milioi bat boto euskal herritar jartzeko parez pare eskuin muturraren oldarraldi horri».

ESTATUS BERRIAREN EZTABAIDAREKIN «ASKO DAGO JOKOAN»

EAErako estatus berriaren eztabaidaz galdetuta, Otxandianok diskrezioz ari direla eta diskrezio hori mantenduko dutela azaldu zuen, baina ez zuen ukatu aurrerapauso batzuk egin direla. Egungo Estatutua oraindik osatu gabe eta murriztuta dagoela gogoratu zuen, eta esan zuen hauxe ez dela «behar dugun autogobernua, ezta Estatuarekin izan behar dugun harremana ere».

EH Bilduko hautetsiak nabarmendu zuenez, «gaitasun politikoak behar ditugu gure sare industriala errotzeko eta industrian oinarritutako ekonomia garatzeko, trantsizioak gauzatzeko eta gure nortasun nazionala erreproduzitzeko».

«Asko dugu jokoan», baloratu zuen, eta gaineratu zuen «herritarren aldetik agindu demokratikoa» dutela «estatusari buruzko eztabaida amaieraraino eramateko. Agindu hori Legebiltzarrean dago, eta 2026ko lehen erdian konpondu beharreko eztabaida da».

Ildo horretan, Otxandianok Imanol Pradales lehendakariak estatus berriari buruzko eztabaidan «bigarren mailako papera hartzea» erabaki izana deitoratu zuen, eta adierazi zuen «beste zeregin bat» izan beharko lukeela, «alderdien arteko eztabaida bat izan arren, lehendakariak ere jokatu beharko lukeelako».

Fokua zabalduta, nazioartetik ugaritu diren erronkei erreparatu zien Otxandianok, eta Mark Carney Kanadako lehen ministroak foro horretan egindako irakurketa nabarmendu zuen, Donald Trumpen aurrean irmo erantzutearen alde egin baitzuen kanadarrak. EH Bilduko ordezkariaren arabera, agertoki berri honetan, aldagai nagusia «AEBren hegemonia ekonomikoaren gainbehera» da, eta, gaineratu zuenez, horren aurrean «Trumpen Administrazioak bere dekadentziari aurre egitea erabaki du; eta, horretarako, prest dago orain arteko jokoaren arauak apurtzeko, multilateralismoa bukarazteko, nazioarteko instituzioak, joko arauak eta zuzenbidea hankaz gora jartzeko; eta honek beste testuinguru batean kokatzen du».

Hain zuzen, horren harira, Otxandianok Carneyk egindako hizketaldia eta Josu Jon Imaz Repsoleko buru eta EAJko presidente ohiak Etxe Zurian izandako portaera otzana alderatu zituen.



Gasteizko aurrekontuak eta EAJren purrustada

Herri honek dituen erronkei aurre egiteko, alderdien arteko elkarlana hobetsi zuen Pello Otxandianok NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan, eta elkarlan horren eredu gisa, Gasteizko Udaleko aurrekontuak aipa daitezke, EH Bildu PSE eta EAJ gobernukideekin akordio batera heldu baita. Itunaren gakoa, dena den, Maider Etxebarria alkateak akordiorako erakutsi duen prestasuna izan dela adierazi zuen parlamentari independentistak, eta, are gehiago, «beste erakunde batzuekiko desberdintasuna» dela «Gasteizko Alkatetzan PSE dagoela».

Otxandianok onartu zuenez, «deigarria suertatu» zaio Beatriz Artolazabal EAJko alkateordea «Maider Etxebarria alkatearekin batera akordioa baloratzera atera ez izana, eta horren atzean alderdi jeltzalea EH Bildu ekuaziotik ateratzeko saiakera dagoela aipatu zuen. «Biziraupen politikoko ariketa bat egiten ari dira, eta arduragabekeria iruditzen zaigu, akordio nazionalak lortzeko uneak direlako », adierazi zuen.

Udal Gobernuan egonagatik, EAJ «ez dago Gasteizko aurrekontuen gaineko akordioarekin eroso», Otxandianoren ustez, eta EAJren Arabako presidente Jone Berriozabalek atzo egindako adierazpenek iritzi hori baieztatzen dutela ematen du. Izan ere, Radio Vitorian egindako elkarrizketan, buruzagi jelkideak esan zuen EH Bilduk «oparitu» egin duela aurrekontuei emandako babesa, eta gaineratu zuen «hauteskunde kalkuluaren» ondorioz hartu duela argi berdea emateko erabakia. Bere ustez, koalizioak ez du bilatu «gasteiztarrak lehenestea, baizik akordio bat, titular bat, argazki bat eta gobernagarritasun irudia ematen saiatzea». Oso akusazio deigarria, EH Bilduk hiru urtez jarraian babestu dituelako Gasteizko aurrekontuak, eta, are gehiago, azken hilabeteotan EAJk behin eta berriro leporatu diolako akordiorik egin nahi ez izatea.

Berriozabalek argi utzi zuen EAJk nahiago zuela Podemos alderdiarekin akordioa erdietsi, eta onartu zuen horretan saiatu direla. P.L. - H.B.