Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
HAMNET

Galera intimo batetik tragedia unibertsalera

Chloé Zhaok fintasunez eta indar dramatikoz ehundu du “Hamlet”-en sorrera elikatu zuen fikziozko istorioa. Isiltasunetik eta begiradatik eraikitako filma da, galera baten zauriak eta sorkuntzaren ernamuina uztartzen dituena.

Jessie Buckley da protagonista, Agnes Shakespeareren azalean, eta Paul Mescalek William Shakespeare gorpuzten du. Kontakizunak bikotearen 11 urteko semearen heriotza tragikoak familiaren barruan eragiten duen kolpe emozionala arakatzen du. Filmaren motor narratiboa Agnes da, bihotz emozionala eta ikuspuntuaren ardatz nagusia. Buckleyren interpretazioa tristea bezain ederra da, mingarria bezain hunkigarria. Mescalek, berriz, presentzia diskretuagoa du; eszena erabakigarri gutxi batzuk ditu, nahiz eta badituen bere luzimendurako zenbait une artifizial samar, adibidez, “To be, or not to be” eszena funsgabea.

Zhaok naturalismo bisualaren bidez hitz egiten du: argiak larruazala laztantzen du, haizeak barrua astintzen du, eta enkoadraketek espektro baten begirada iradokitzen dute. Natura ez da paisaia huts bat, baizik eta presentzia sinbolikoa: indarra, misterioa eta eraldaketa adierazten ditu, filmaren izaera onirikoa areagotuz. Max Richteren soinu banda magistrala da, eta amaierako abestia zinez ederra, ileak puntan jartzen dituen horietakoa, baina erabaki arraroa da, abesti hori beste film ugaritan erabili delako.

Egiturari erreparatuta, filmaren hasierak eta amaierak indar emozional eta narratibo handia dute: hasierak sentsibilitatez marrazten ditu familia loturak; amaierak katarsi indartsua eskaintzen du, dolu pertsonala artearen jaiotzarekin lotuz. Erdiko zatia da ahulena: emozio eta egoera berberak etengabe errepikatzen dira.

Film ederra da, sentiberatasunez egina, baina egitura narratibo malkartsua du tarteka.