«Eroso sentitzen nintzen oholtzan, ez nuen batere sufritu»
Txapelaren pozak estaltzen zituen nekea eta lo falta atzo eguerdian. Maddi Ane Txoperena pozik dago, oso pozik. Xilabako txapela jantzi duen lehen emakumea da eta badu horren kontzientzia. Bideek bidea egiten dutenez, txapelaren eskaintzan aurretik bidea ireki duten emakumeak goratu zituen, euskarari arnasa eta bertsoari taupada eutsi diotenak.

Pozaren aparretan, txapelarekin eta makilarekin oso gustura topatu dugu txapelduna.
Zorionak. Ondo ospatu duzu?
Mila esker. Ospakizunak luze joan dira, lagunek afari erdi-sorpresa bat antolatu zidaten eta gustura ibili ginen. Lo gutxi eginda, baina poz-pozik nago.
Lortzen al da final baten ondoren lo egitea? Burua itzaltzea?
Nire kasuan ez bakarrik finalean, txapelketako saioen ondotik, oro har, ez dut oso ongi lo egiten. Bertsoak errepasatzen ibiltzen naiz eta burua oso aktibo izaten dut oraindik. Hurrengo egunean aunitzez hobe egiten du lo.
Txapelarekin insomnioa ere gozoagoa da, ezta?
Bai, bai, ia txapelarekin sartu nintzen ohera.
Oso txapel polita da.
Bai, oso polita. Gainera ilusio berezia egiten dit. Txapelketako diseinua Marga Berrak egin du, nire ahizparen txikitako laguna da eta harreman handia dut berekin. Finalaren ondoren berekin egoteko aukera izan nuen eta erran nion zein polita zen txapela. Oso koloretsua eta argitsua da eta ederki geldituko da nire etxeko paretaren batean.
Txapela eta makila zenituen begiz jota. Nola igo zinen oholtzara? Oso entxufatuta sumatzen zintugun.
Egia da nahiko lasai pasatu nuela eguna. Goizean urduriago akaso, baina gero lortu nuen urduritasun hori erregulatzea eta batez ere gogotsu iritsi nintzen Donibane Lohizunera. Gogoa nuen pozarekin eta gozamenarekin konektatzeko, ahalik eta kontzienteen izan nahi nuen uneaz eta lortu nuen. Hori izan zen ongi kantatzearen gakoetako bat.
Erabakitasun handiarekin aritu zinen, zer egin behar zen oso garbi bazenu bezala.
Uste dut segurtasuna transmititzen duen pertsona bat naizela. Gero normalean nik barrutik ez dut beti horrela bizi. Baina finalean nahiko seguru nengoen, eroso sentitzen nintzen oholtzan, ez nuen batere sufritu eta ez nengoen beldurtuta. Erabakia nuen hasierako agurrean intentzio deklarazio hori egin nahi nuela, argi gera zedin zertara nindoan. Gero, ez banuen lortzen ez zen deus pasatuko, baina asmo hori erakutsi nahi nuen. Eta gero, orokorrean, bertsotan uste dut lortu nuela ariketaz ariketa kontzentratzea egin behar zenarekin eta gai bakoitzari, gehiago edo gutxiago gustatu, erantzutea.
Zozketak seigarren tokia eman zizun. Toki ona al da final baterako?
Egia erran, lehen banituen gustuko zenbakiak eta gustuko ez nituenak eta ez dakit noiz erabaki nuen ez zela ideia ona. Lehen, batez ere, lehenengo eta bigarren tokiak gustatzen zitzaizkidan, ez zitzaidalako batere gustatzen ganbarara joatea. Baina noizbait lortu nuen hori gainetik kentzea eta justu txapelketa honetan hiru aldiz tokatu zait seigarren postuan abestea. Gustua ere hartu diot, aukera ematen baitizu ganbarara joateko, egin duzuna errepasatzeko, atseden hartzeko eta gero berriz konektatzeko saioarekin. Bere alde onak eta txarrak ditu, zenbaki guztiek bezala. Nahiago dut egokitzen dena hartu eta aurrera egin.
Zortziko handian Miren Artetxerekin. Biak ondo aritu zineten. Garrantzitsua da saioa ondo hastea, ezta?
Bai, gainera Miren eta biok elkarrekin aritu gara txapelketa prestatzen. Bertso eskolan egiten genuenean doinu batzuk probatzen ibili ginen eta zortziko handia beti doinu horretan egiten genuen. Aipatu genuen aurretik ea zortziko handia elkarrekin egokitzen zitzaigun eta aukera genuen doinu horretan egiteko. Zozketa egin genuenean, elkarri begiratu eta esan genuen “Argizagiak argitzen dizu”, doinuaren izena. Ilusio berezia egin zidan. Egia da gaia ez zitzaidala bereziki gustatu, baina nik uste dut defendatu ginela.
Zortziko txikian Aitor Servierrekin, meditazio saio batean. Ez zinen lo hartzeko, ofizio horretan ere bizi eta esna.
Gaia gustatu zitzaidan. Biek asmatu genuela uste dut eta elkarrizketa sortu genuela. Egia da finalean, oro har, kostatu egiten zitzaidala publikoaren sentsazioa jasotzea. Nire irudipena zen pixka bat hotz zegoela publikoa, egia da tenperatura ere oso hotza zela. Zortziko txikian sentsazioa nuen ustez umorezko bertsoak bota eta erreakzioa ez zela espero nuena. Kezkaz eseri nintzen pixka bat, «ongi egin dugu, ezta?», pentsatuz nire baitan. Gero ganbaran aipatu genuen eta denok izan genuen sentsazio hori, publikoa ez zegoela bereziki bero. Bukaeran entzule askok esan ziguten hotza pasatu zutela. Pena da.
Ia ariketa guztietan puntuazio onena. Etxeko lanak oso ondo eginda iritsi zara.
Bai, uste dut azken urteotan lanketa bat egin dudala. Gakoetako bat izan da ez naizela orain edo duela urtebete hasi txapelketa prestatzen, badaramatzat urte batzuk astero-astero bertso eskolan biltzen eta horrek fondoko oinarri on bat ematen dizu. Korrikalariek bezala. Eta hori oso inportantea da gero azken esprint horretara indartsu iristeko errodajea ematen dizulako. Eta hori Alazne Untxalori zor diot bereziki, astero elkartzen naizelako berarekin.
Eta, gero, txapelketa baino urte bat lehenago modu kontzienteagoan hasi ginen txapelketa prestatzen; Miren Artetxerekin, Saioa Alkaizarekin eta Ekhiñe Zapiainekin elkartu naiz. Eta etxeko lanak ere egin ditut; errimak landu, gaiekiko ikuspegiak landu, bakarkakoa lantzen ere sekulako lana egin dugu... batez ere lan psikologikoa. Bakarkakoa beti izan da beldur handia eman didan ariketa bat, azkenean oso zaurgarri agertzen zara zu bakarrik publikoaren aurrean. Beti sentitu naiz erosoago ofizioetan, besteari entzuten eta erantzuten. Lan handia egin dugu bakarkakoetan segurtasuna eta konfiantza irabazten.
Eta finalean zure bi ganbarakoak izan ziren puntuatuenak. Lehena, txikitik, bost urteko neskato baten azaletik.
Bertso eskola batzuetan umearen paperetik kantatu izan dut eta pertsonaia horrekin ongi konektatzen dut, ondo sartzen naiz nire Maddi Ane txikian. Umearen pertsonaia horrek aukera ematen dizu emozio batzuk beste prisma batetik kontatzeko. Ez da berdina pertsona heldu bat jeloskor edo ume bat jeloskor. Emozioak aldatu egiten dira eta gustatzen zait aldaketa hori. Ez neukan burutan haurraren paperetik egitea, baina banuen hor nire buruaren bazterren batean. Gaia entzun eta arrazoiaren burugogorkeria hori umearen begietatik polita iruditu zitzaidan. Bi iloba ere baditut eta tarteka egoten naiz haiekin. Gaia entzun eta eszena hori etorri zitzaidan, ilobetako bat besteari zaplazteko bat ematen.
Eta bigarren ganbarakoa, 1936ko Gerran erail eta lurperatu zuten birraitatxiren memoriatik. Oso traje desberdinak bi bakarkakoetan.
Bai. DNArena entzun eta zuzenean etorri zitzaidan desobiratzeen kontua. Kezka puntu bat banuen, ea Maddalenek horri buruz kantatu ote zuen. Uste dut bete-betean asmatu nuela. Errimak ere parean tokatu zitzaizkidan eta uste dut ondo josi nuela ariketa.
Ganbarako horren ondoren, kanpotik garbi samar ikusi zen txapela jantziko zenuela. Sentipen hori zenuen?
Ez neukan batere garbi. Buruz burukora pasatuko ote nintzen ere ez nuen garbi. Seigarrena izateak hori du, besteena ez duzula entzuten. Buruz burukoaren ondoren galdetu nien ondokoei, baina inor ez zen ausartzen garbi esatera. Oso urduri eta barrutik erreguka bezala aritu nintzen. Eta iritsi zen txapela.
Eta eskaintza, amatxiei, odolekoei eta hautatuei.
Agurrean gauza mordoa sartu nituen. Lehen eskaintza nire bi amatxiei; Elena, zendua dena, eta Anttoni, Lesakan bizi dena. Eta gero, batez ere, aitortza egin nahi nien euskalgintzan eta kulturgintzan inurri lanean aritu diren eta aritzen diren emakume guztiei. Oso polita izan zen Maialen Hiribarrenek jantzi zidala txapela, justu hautuzko amatxi horietako bat da niretzat. Horiei eskaini nahi nien. Aldi berean kontziente nintzen Xilabako txapela janzten zuen lehen emakumea nintzela.
Bizkarsoro ere aipatu nuen, film horrek bikain erakusten duelako Ipar Euskal Herrian dagoen egoera soziolinguistikoa eta Frantziako Gobernuak nola zapaldu eta mespretxatu duen euskara. Horren kontrakarrean jarri nituen lore jokoak, euskal kulturaren berpizkundean lagundu zutelako eta, batez ere, XIX. mendean Ipar Euskal Herrian ezagutzen ditugun lehendabiziko emakume bertsolariek horietan parte hartu zutelako. Keinu bat egin nahi nuen, hortik gatozelako. Eta errientsak ere aipatu nituen, andereñoak, ikastoletan euskararen transmisioan egin duten lan guztiagatik.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
