Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Chinatown

Oroitzen non geunden duela urtebete? Madrilera joan ginen urte berri txinatarrerako», gogorarazi didazu. Egia da, desfilearen karietara hurbildu ginen bertako giroa esperimentatzeko, aldez aurreko oinarrizko ikerketa eginda: pare bat klik Googlen eta «Usera, Madrilgo Chinatown» orrira birbideratu gintuen hiriko turismo webguneak. Bitxia da nola hiriburu handi guztiek duten chinatown bat (izen propioa arrunt ere bihurtu da), eta eskema berberak (estereotipoak, gehienbat) errepikatzen dira auzo horietan pentsatzean: bazarrak, kaleko postuak, janari denda txinatarrak, farol gorriak... Eta nahiz eta denok irudia izan buruan -batez ere, zinema kulturan ikoniko bihurtutakoak-, inoiz ez dira grabitate gunea edo hiriaren erdigunea. Ez da kasualitatea, bazterreko auzo gisa sortuak baitira jatorrian, eta kultura nagusiak definituak, ez komunitate txinatarrak berak. Are gehiago, Chinatown deitura sortu zuten klase zuriek bereizketa bat sortzeko. Alde horretatik, ez dira soilik espazio kulturalak, ispilu bat baizik: hiritik zer onartzen, exotizatzen edo baztertzen den. Zorionez, bertan bizi diren komunitateek iraun dute, eta auzo horiek duindu dituzte. Chinatown bakoitzak frogatzen du jendeak etxe bat eraikiko duela lekurik uzten ez zaion lekuetan ere.