GARA
DONOSTIA

Inoizko garestien etxebizitza berriak Hego Euskal Herrian: metro karratuak 3.582 euro

Gune tentsionatu izendatu zuten Bilbo iaz.
Gune tentsionatu izendatu zuten Bilbo iaz. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Sekula baino garestiago daude etxebizitza berriak Hego Euskal Herrian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 3.582 euroraino igo zen metro karratua 2025ean; Nafarroan, berriz, 2.469 euroraino, Tasazio Elkartearen ikerketa baten arabera.

EAEren kasuan, %7,3 gehitu zen prezioa 2024tik 2025era, eta, batez beste, 3.582 balio du metro karratuak, Estatu espainoleko batez besteko prezioa baino ia 300 euro gehiago.

DONOSTIAN, 4.844 EURO

Hiriburuei dagokienez, batez besteko preziorik altuena duena Donostia da (4.844 euro, metro karratuko). Jarraian datoz Bilbo (3.518 euro, metro karratuko) eta Gasteiz (2.718 euro). Estatu espainoleko hirugarren hiriburu garestiena da Donostia, Bartzelonaren (5.987 euro, metro karratuak) eta Madrilen (5.172) atzetik.

Igoerarik handiena Bilbon gertatu da. %7,8 handitu zen prezioa 2024tik 2025era. Segidan datoz Donostia (+%7,4) eta Gasteiz (+%6,4). Nafarroari dagokionez, etxebizitza berrien prezioa metro koadroko 2.469 euroan kokatu zen 2025ean. Aurreko urtearen amaieran, 2.302 euro balio zituen.

Tasazio Elkartearen azterketak nabarmendu duenez, Estatu espainiarrean etxebizitza berrien prezioa gero eta azkarrago ari da igotzen. 2025eko bigarren seihilekoan %4,7 igo zen aurreko seihilekotik eta %8,9 aurreko urtetik. Joan den abenduan inoizko preziorik altuenera iritsi zen. 3.298 euro balio zituen metro karratuak. Igoerarik esanguratsuenak Madrilen (+%10,7), Balear Uharteetan (+%10,1) eta Katalunian (+%9,6) gertatu ziren.