GARA

EUSKAL MOZTAILEAK MUNDU LEHIAKETAN

Euskal selekzioak datorren igandean Zeelanda Berrira bidaiatuko du, lehen aldiz ardi moztaileen munduko txapelketan lehiatzeko.

Ardi moztaileen munduko txapelketan lehiatuko den euskal selekzioa.
Ardi moztaileen munduko txapelketan lehiatuko den euskal selekzioa. (EUSKAL ARDI MOZTAILEEN ELKARTEA)

Euskal selekzioa lehen aldiz lehiatuko da Ardi Moztaileen Munduko Txapelketan. Aurtengo Golden Shears World Championship martxoaren 4tik 7ra jokatuko da Mastertonen, Zeelanda Berrian. 20. edizio honetan parte hartuko duten 28 herrialdeetako bat izango da Euskal Herria. «Duela bi urte, moztaile soil batzuk besterik ez ginen. Gaur egun, hazten ari den moztaile familia bat gara. Nazioarteko aitortza ofiziala jaso dugu Euskal Herri osoaren izenean», adierazi zuten. Zazpi kidez osatutako taldea datorren igandean, otsailaren 8an, abiatuko da Zeelanda Berrira. Txapelketaren aurretik, kideek hiru asteko prestaketa berezia egin beharko dute, artile mozketak trebetasuna, erresistentzia fisikoa, arintasuna eta teknika handia eskatzen ditu eta. Euskal Herriko selekzioa 2025eko nazioarteko zirkuituko eta Abadiñon egindako Euskal Herriko txapelketako emaitzek erabaki dute. Bertan lortutako emaitzen arabera hautatu zituzten lehen aldiz munduko txapelketara joango diren kideak. «Parte-hartze historiko hau Euskal Herriko moztaileen, artzainen eta lehen sektorearen aitorpen eta garaipen bat» dela aldarrikatu zuten.